Hamaika baino gehiago

Eibarreko ordezkoek oso itxura txarra eman zuten Espainiako Kopan. Hala ere, haietako bi, Asier Riesgo atezaina eta Marc Cucurella atzelaria, ondo aritu dira ligan jokatzeko aukera eman zaienean.

Asier Riesgo eta Marc Cucurella, ahalegin betean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Altxor preziatuenetakoa talde baten barruan ondorengo hau da: jokalarien artean ezberdintasun handirik ez egotea batzuek edo besteek jokatzen dutenean. Hasierako hamaikakoan ordezkaezinak ez diren jokalariak edukitzeak esan nahi du ordezkoak ondo ari direla, eta, batzuetan, ezustean azaltzen dira horrelako egoerak eta kasuak.

Eibarren ari da gertatzen oraintxe bertan. Denboraldiaren hasiera luzea aulkian igaro behar izan duten bi jokalari oso joko ona erakusten ari dira azkenaldian: Asier Riesgo atezaina da bat (Deba, Gipuzkoa, 1983), eta Marc Cucurella atzelaria bestea (Alella, Herrialde Katalanak, 1998). Marko Dmitrovicek ordezkaezina ematen zuen atean, eta kezka eragin zuen haren lesioak. Baina hor azaldu da aspaldiko ezagun bat, eta Riesgo ondo ari zaio erantzuten erronkari. Beste hiruzpalau astez izango du jokatzeko aukera, denbora tarte horretan egongo baita osatzen Serbiako atezaina. Eta Debakoak orain arteko koskan segitzen badu, serbiarrari kosta behar zaio horra heltzea; postua berreskuratzea ez du erraza izango.

Cucurellarena ere ezustea da, eta bi kontugatik. Batetik, ia inork ez zuelako espero hain ondo aritzea, eta, batez ere, haren ohiko lekuan ez delako ari, defentsan aribeharrean, zelai erdian, ezker hegaletik. Goia jo zuen aurreko larunbatean, Real Madrilen aurka, eta irabazi du hamaikakoan segitzeko aukera. Jose Luis Mendilibarrek jarri izan du batzuetan zelai erdian, eta ari zaio erantzun ona ematen.

Garesti ordaintzekotan da, ondorioz, Pablo de Blasis argentinarra partida bateko zigorrarena. Txartel gorri baten eraginez galdu du lekua hamaikakoan, eta lana beltz egin beharko du Cucurella paretik kentzeko. Zer esanik ez hegal horretan jokatu izan duen Pere Millak ere. Izan zuen aukera hamaikakoan finkatzeko, baina ez zuen baliatu, eta eguneroko lanean serio eta ondo aritzea baino ez zaio geratzen Mendilibarren arreta bereganatzeko.

Horixe da, hain zuzen, entrenatzailearentzat pagotxa, jokalariak lehia bizian ibiltzea hamaikakoan tartea egiteko. Hobetu egiten du taldearen jokoa, eta entrenamenduen eraginkortasuna handitu. Lehia bizia dago orain ezker hegalean leku baten bila, eta atean ere beste horrenbeste gertatuko da Dmitrovic osatzen denean. Horrekin ez da esan nahi lehen lehiarik ez zenik eta entrenamenduak eskasak zirenik, baina emango diote beste zerbait.

Eibarren bereizgarrietako bat da eguneroko lanaren kalitatea, eta jarreraren kalitatea askotan ibiltzen dute jokalariek langatik oso gertu edota langan bertan. Aitzakiarik ez du izaten Mendilibarrek alde horregatik.

Harridura eragin zuena Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joanekoan Sportingen aurka ordezkoek egindako joko kaskarra izan zen. Ondo antzean hasi baziren ere, urtuz joan ziren, eta etxekoen mende amaitu zuten erabat. Emaitzak ez zuen gezurrik esan, 2-0 galtzaile izan baitziren eibartarrak.

Besteentzat, eredu

Kopako joko eskasak eta horren ondorioz jasotako emaitzak harridura eragin zuen klubean, eguneroko lana oso baita denboraldi-aurretik bertatik. Baina, batzuetan, lan horren fruituak ez dira unean bertan azaltzen, luzera baizik, eta horixe da Riesgoren eta Cucurellaren kasua.

Eredu eta ispilu behar lukete izan haiek bezala eta haiekin batera ordezko izan edo izaten ari direnentzat, eta mezua gardena da: lan onak saria izaten du, eta prest egon behar da jokatzeko aukera etortzen denerako. Hamaikakoan ageri ohi direnei beste hamaika gehitzea handia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.