Kontxako Bandera irabazita, eta duela aste batzuetatik Eusko Label liga ere guztiz ziurtatuta, begirada guztiak etxeko ontzian ziren. Bermeon gutxi zegoen irabazteko ligako azken-aurreko estropada izanik, baina Urdaibai beste marka bat gainditzeko zorian zegoen, Castro eta Hondarribiarren hamahiru garaipenak. Ontzi historiko horien parekoa dela erakutsi nahi zuen Urdaibaik, eta gaurko garaipenarekin horixe bera lortu du. Bihar, gainera, marka hori gainditu dezake.
Aldaketa bakarra egin du Iker Zabalak, Kontxako Bandera irabazi zuen eskifaiarekin alderatuta. Beste traineruek ere aldaketa gutxi egin dituzte azken asteburuarekin alderatuta, bermeotarren erronka zapuztea ere desafio interesgarria baitzen.
Baina argi eta garbi geratu da lehen metroetan nork zuen irabazteko gehien. Branka sartu, eta Bou Bizkaia jarri da estropadaren buruan,; gainontzekoek segundo pare baten atzerapena zuten. Zierbenak egonkortu du abantaila hori, eta Orio eta Donostiarra euren arteko lehian sartu dira.
Une gozoak zukutu behar ditu Urdaibairi garaipena kendu nahi dion traineruak, eta horretan bete-betean asmatu du Zierbenak. Lehen luze amaieran arraunaldi egokia hartu, eta bermeotarrei bandera borrokatzeko gai direla erakutsi die, ziaboga lehenago eginez.
Bigarren luzetik hirugarrenera, Urdaibaik eta Zierbenak norabidea aldatzera jo dute. Bermeotarren zero kalera joan dira, inork baino hobeto ezagutzen baitute estropada eremua, eta xixt batez ireki dute aurkariekiko tartea.
Urdaibaik aurrera jarraitzen zuen bitartean, Donostiarra sartu zaio tartean Zierbenari, eta garaipenaren borrokan sartu dira Igor Makazagaren arraunlariak, bete-betean. Bost segundoren tartean, arriskutsuagoa da Donostiarra Zierbena baino, eta hori argi utzi du azken hilabetean.
Azken ziabogan markatutako denborekin, Urdaibaik eskura zuen garaipena, Donostiako ontziaren denbora zortzi segundo hobetuta. Zierbena dagoeneko lehiatik kanpo zen, eta Oriok lehen txandan Hondarribiak egindako denbora hobetzea besterik ez zuen helburu.
Aldapa bera egin du azken luzea etxeko traineruak. Txikitu egin ditu aurkariak, hogei segundoren tartea aterata Donostiarrari eta Zierbenari. Erakustaldia emanda, beste garaipen bat ospatuko dute Iker Zabalaren arraunlariek, herriko plazan. Azken txanpa bikaina osatuta, azkenean Zierbena sartu da bigarren, eta hiru segundo geroago Donostiarra. Orio ohorezko txandan arituko da biharko estropadan, baina gaurko denborarekin puntu batera gerturatu zaio Hondarribia sailkapen nagusian.
Sailkapen nagusia jokoan
Liga amaitzen ari den arren, Hondarribiak ohorezko txandako ontzia dela erakusten jarraitu nahi du, eta, jokoan besterik ez badauka ere, Mikel Orbañanosen taldea ez da estropadak oparitzen dituztenetakoa. Lehen txandan, hasieratik egin du estropada ona osatzeko hautua, eta sailkapenean Oriorekin duen bi punturen tartea murrizteko apustua.
Isuntza, Ondarroa, eta Getaria ere parez pare aritu dira denboraldi osoan, eta beste lehia polit bat oparitu die arraunzaleei. Hiru ontziak elkarren gertu izan dira bigarren luzeraino, Getaria atzean geratu arte. Bi ontzi bizkaitarrek lehiatu dute bigarren postua.
Azken luzean Ondarroa kalez kanpo sartu da, Isuntzaren kalean, eta denboraldi osoan ikusi ez den talka agertu da. Arraunkada bizian, elkar jotzeraino tarteren batean, eta erabateko borrokan. Epailea urrun zegoen, eta ez dio abisurik eman Ondarroari. Zigorra ondoren iritsi da.
Hondarribiak eraman du lehen txanda, Isuntzak baino 31 segundo lehenago amaituta estropada. Ondarroa hiru segundo geroago heldu da, zigorra jasoko zuen jakin gabe. Azkenik Getaria iritsi da helmugara, aspaldian egindako estropadarik apalena osatu ondoren, ia minutu batera.