Ordu laurden bat berandu iritsi da hitzordura. «Mediku santu hauekin...». Gogorra da izatez Jose Luis Korta (Orio, Gipuzkoa, 1949), baina hark ere goxatua hartu behar izaten du tarteka. Zuzen hitz egiten du, baina, mingaina arraunean hasten zaionean, ez da erraza elkarrizketa zuzen eramatea. Kontxako zortzi bandera dauzka arraunlari gisa, hiru patroi lanetan, eta sei entrenatzaile karguan. Kaikuko prestatzailea da egun, baina, ziabogak hartu eta hartu, Kaikuri buruz hitz egin du gutxien.
Ez da erraza nondik hasi asmatzea ere. Jose Luis Korta... Nola egin daiteke deskribapen ona?
Orain dela 65 urte Orioko Ortzaika baserrian jaioa. Auzoari izen hori jarri zioten gero, baina bene-benetan naiz ni Ortzaikakoa. Aitona-amonen jaiolekua zen hura.
Zer ez duzu kontatu orain arte?
Jendeak badaki nolakoa naizen, eta batere ez du balio nik neure buruari buruz hitz egiteak. Ni ondo ezagutzen nautenek esan beharko lukete hori. Jende asko ona izaten da parean dagoenean, baina gero... Zoritxarrez, egia esateko gai ez den jende asko dago mundu honetan.
Esandako zerbaiten damurik ba al daukazu?
Ez, ez. Gezurrik ez dut esan nik inoiz. Ikusitakoa esaten dut nik. Lapurrari esan behar zaio lapurra; bortxatzaileari, bortxatzailea; eta txorizoari, txorizoa. Munduan ez dago armadarik nire egia esatea galaraziko didanik. Baina dauzkagun politikariek ez dutela ezer konpontzen, hori da daukagun zoritxarrik handiena. Lana nahi du jendeak familia mantentzeko, eta hori ere ez daukagu.
«Liskarra non, Jose Luis Korta han». Jende askok esaten ditu horrelakoak...
Bai... Baina non daude epaileak? Epaileak zintzoak balira, politika kontu gutxiago edukiko genuke. Baina askok egurra ematen didate niri, eta soldata edukitzen dute gero hurrengo urtean. Arraun munduan hori da errealitatea. Orain dela 30-40 urte etxera joan behar zutenek arraun munduan dabiltza oraindik.
Beste batzuek horixe esango dute Jose Luis Kortari buruz.
Bai, bai. Baina lana egiten dudalako ordaintzen didate niri. Inora ez naiz joan lan bila. Tira, bai, joan izan naiz noizbait, ez dut gezurrik esango. Baina zortea izan dut. Leku askotatik deitu izan didate, eta joan naizen leku guztietan arrastoa utzi izan dut beti.
Zuk nahiko al zenuke Jose Luis Korta zure entrenatzaile gisa?
Bai, eta gogorragoa ere bai. Zerbait izan banaiz arraun munduan, saiatua izan naiz. Besteak baino gehiago eta hobeto entrenatuz beti, besteak baino gehiago zainduz beti... Baina gaur egunean argi dago horrek ez duela balio. Nirekin ibili diren arraunlarien %99 bueltatuko lirateke, berriz ere, niregana. Batzuk badauzkat kontra, bai; aurre egin diedanean, gaiztoa naiz orain. Baina gehienak etorriko lirateke nire ondora. Zalantzarik gabe. Entrenatzaile gogorra ez, behar den bezalakoa naiz ni.
«Arrazoi osoa daukazu, baina moduak Jose Luis, moduak!». Zenbat aldiz ez ote duzu entzun halakorik...
Moduak? Baina nola deitu behar zaio lapurrari? Zuzen hitz egin behar da. Arraun munduan lapurtu egin didate niri, faltsukeriekin lapurtu. Baina ni naiz txarra. Gu ez garela dopatzen esateagatik, niri jarri didate bi urteko zigorra; eta Euskal Herri guztia akabatzeko adina produktu ekarri eta hartu dutenak, banderak astintzen. Baina politikariek argazkia ateratzen dute, oraindik, eurekin. Lotsarik ez daukatelako.
Zenbat aldiz ikusi duzu arraunlari bat zure parean negarrez?
Negarrez, ez; baina putzura salto eginda, bai. Gero, neronek joan behar izan dut bila, hori bai. Baina zein ez da haserretu mundu honetan? Emaztearekin ere 50 bat urte badaramatzat, eta haserretzen naiz. Baina gustura joaten naiz etxera, eta bera ere uste dut gustura etortzen dela. Zeinek egiten du errieta gehien? Amak bere seme-alabei, maite dituelako. Gizonari ere egiten dio, baina gizonarena zalantzan jarriko dugu. Gehien maite dugunari egiten diogu beti gogorren, eta hori gertatzen zait niri arraun munduan.
Gogor itxura daukazu, baina zuk negarrik egin al duzu inoiz amorruz edo ezintasunez?
Umetan egingo genuen, egurra ematen zigutenean. Asko hartutakoak gara gu. Inor jotzerik ez dagoela uste dut, baina gaur egun okerrago gaude, gaiztakeria eginda ere neska-mutikoei ez dagoelako ipurdikorik ematerik. Kaio bati egurra emanez gero, kartzelan igual sartuko zaituzte orain.
Politika kontuak azaldu dira, bat-batean...
Baina politikariak al dira hori egiten dutenak? Edo gurea da errua horiei botoa ematen diegulako? Noiz ezagutuko dugu demokrazia hemen? Garai batean baino demokrazia gutxiago daukagula uste dut. Errudunak barrura sartzen zituzten lehen, eta merezi ez zutenak ere bai. Baina orain... Bozkatzeko besterik ez dago demokrazia, txorizo asko mantentzeko.
Zein da inoiz egin duzun astakeriarik handiena?
Zer da astakeria? Kirol munduan egia esatea, gaizki dabiltzanen izenak ematea... Lapurretarik ez dut egin nik sekula; sagarren bat, akaso, arbolaren batetik? Baina astakeria... Castrorekin 2006an Kontxako Bandera irabazi ondoren, Donostiatik Castrora joan nintzen arraunean, eta zoragarria izan zen. Ez dakigu ondo zein kosta polita daukagun. Lehorretik itsasora begira ibiltzen gara beti, baina itsasotik da ederra lehorrekoa. Eta polita izan zen Ness lakua gurutzatu nuenekoa ere.
Urdaibai gora, Urdaibai behera... Munduan ez al dago nahiko leku beti elkarren ondoan eta liskarrean ibiltzeko? Zigorra jarri diote. Kito?
Zigorra? Zein zigor? 24.000 euro? Negozio ederra egin dute. Bermeori saria, lehiatzen utzi diotelako; eta zigorra jarri duenarentzat, negozioa, sariak-eta kendu egin dizkiotelako eta isuna jarri diotelako. Politikariekin aipatu dugun kontu berbera da hori: lapurreta egin lehenengo, eta kalean lasai ederrean ibili gero.
Ez zarete baretuko inoiz?
Ez dago baretzerik. Dopinaren kontra nago ni, eta zein ez dago? Bene-benetan kirola egiten duenak, dopinaren kontra egon beharko luke. Zeinek moztu behar du hau? Pertsona bat salbatzeagatik dirua gastatu dut nik, osasuna galdu dut, eta familia, gainera, beldurtuta bizi da.
Ez al zara nekatzen beti gai berdinei bueltaka?
Nola nekatuko naiz, ba? Gehienek berdin-berdina pentsatzen dute, baina ez dira gai ezer esateko. Horregatik daukagu mundu hau daukagun bezala. Zergatik dauzkagu orain hainbeste arazo? Politikariek sortu dute dena! Zeinek asmatu zuen lanik egin nahi ez zuenari langabezia ordaintzeko kontu hori? Lana edukita, langabezia kobratzen aritu da jendea. Politikariek asmatu dute hori, baina erretiratutakoan betirako dirua izaten dute horiek gero. Gu gara errudunak, politikari horiei botoa emateagatik. Hamabost egunean kenduko nuke nik Euskal Herriko langabezia. Eta langabezia kobratzen aritu dena lanera eraman, aitzur eta guzti.
Ariketa bat egiteko garai ona da hau: laster datoz hauteskundeak, eta, aurkeztuz gero, Jose Luis Korta lehendakari ia seguru. Zer aldatuko zenuke?
Diktadorea izango nintzateke ni, seguru. Herri honek zer behar duen galdetuko nieke lehenengo denei, baina nik erabakiko nuke gero. Nirekin ez lukete balioko alderdi politikoek. Euskal Herrian zenbat alkate egongo lirateke zerrenda irekiekin herriak zuzenean pertsonak aukeratuko balitu? Baten bat egongo litzateke, baina asko ez. Alderdi politikoari edo koloreari ez, pertsonari begiratu behar zaio. Gauza bat dago argi: gauzak ondo egiteko, jende asko eduki behar duzu kontra. Hori da tristea. Zaila da egoera. Zurea ondo eginez gero, beste asko kontra egongo dira. Baina hori da bidea.
Politika kontuekin segita, Katalunian ez diete utzi nahi iritzia ematen. Zer iritzi daukazu?
Horra iritsi nahi nuen lehen: ez dago demokraziarik. Garai bateko diktaduraren oinordekoak dira orain agintzen dutenak. Zoritxarrez. Beste aldekoak ere egon izan dira agintean, baina nora iritsi gara? Ondo hitz egiten dute denek, baina akordioekin jolasean ibiltzen dira gero.
Euskal Herrira etorrita, ETAk armak utzita, bakean bizi gara jada?
Ez, ez. Horrekin ez da bukatu dena. Ezer gutxi egin duen jende asko dago kartzelan, inor hil ez duen jende asko. Bere garaian terrorista deitzen ziguten HBri botoa ematen genienei. Baina Irakera gerrara, lapurretara, joan direnak ez al dira terroristak? Non dago orain bibotedun txiki hori? Zein negozio egin du AEBekin? Atentaturik ez daukagu jada Euskal Herrian, eta pauso handia da hori. Baina etxera ekarri behar dira zigorra beteta daukaten presoak eta deliturik egin ez dutenak.
Etxean zer esaten dute zu beti liskarrean ikusita?
Etxean sufritu egin dute, eta barrua mugitzen du horrek. Egun batean emazteak esan zidan: «Zertarako sartzen gara horrelako kontuetan, Jose Luis? Isilik egon eta besteek egiten dutena egin». Beste behin halakorik entzunez gero, etxe hartan ez nintzela berriz sartuko esan nion, goian jarraitzeko ez neukala mutilak dopatu beharrik. Mehatxu hori bakarrik egin diot familiari.
Etxean zeinek maite zaitu gehien?
Etxean? Gehien emazteak maite nauela iruditzen zait, 50 urtean nire ondoan irauteko meritu ikaragarria daukalako. Baina momentu honetan iloba txikiek, ziurrenik. Umeak beti moldatu izan dira ondo nirekin.
Heldu arraunari berriz. San Miguel liga, Hondarribiak; Kontxako Bandera, Urdaibaik. Hala ere, hainbestean ibili zarete zuek.
Bai... Sei bat hutsune izan ditugu iaztik, eta aurreko taldeari eutsiz gero, liga berriz ere guk irabaziko genuela uste dut. Presidenteak beste apustu bat egin zuen, eta berak agintzen du diru kontuan. Neukanarekin, ahal dudana egin dut denboraldi honetan. Kortak fitxaketak egiten dituela esaten dute denek, baina hogei bat urte badira inor fitxatu ez dudala. Bat egin nuen bere garaian, zoritxarrez, eta kontrario daukat orain.
Kaikun jarraitzeko asmotan izango zara, noski...
Bai... Oraindik ez dut sinatu ezer, baina bai, bai.
Carlos Rodriguez, Benito San Martin... Hutsuneren bat izango duzue 2015ean, ezta?
Benitok utzi egingo du, baina Carlosek jarraituko duela uste dut. Beste eskaintza batzuk izan ditu, baina jarraitzekotan da oraingoz. Ea nola osatzen dugun taldea.
Zer moduz ikusten dira estropadak bazterretik?
Ikaragarri ondo. Mesede ederra egin dit San Miguel ligak zigorrarekin. Fitxarik ez edukitzeko borrokan ibili naiz azken urteotan, eta lortu dut azkenean. Ba al dakizu zer den horiei lapurrak deitu, eta, eraman behar banaute ere, epaitegira eraman behar izatea?
Patagonia aldean urtero egiten duzue tranparen bat edo beste, eta nola sinistu Euskal Herrian ez duzuela halakorik egiten?
Baina nik bakarrik egiten al dut tranpa? Nirea bakarrik ateratzen dutela, hori da kontua. Zeinek ez dio lapurtu inoiz anaiari patrikatik txorizo muturra etxean nahiko janari egonda ere?
Galderak bukatu dira. Erantzun nahi duzuna batere galderarik egin gabe.
Politikariek ea gerrikoa estutzen duten, eta Euskal Herria aurrera ateratzen dugun. Familia guztiek ea lortzen duten aurrera egiteko adina lan eta diru.
Jose Luis Korta. Kaikuko prestatzailea
«Hamabost egunean kenduko nuke nik Euskal Herriko langabezia»
Baretuta dagoenean, bare-barea, eta xaxatzen dutenean, zitala. Horrelakoa da Jose Luis Korta. Pasioz bizi du arrauna, baina arazo politikoei ere eman die konponbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu