Europako saskibaloiak nagusi berria izango du gaur 21:00ak aldera. Espainiak eta Lituaniak Europako Txapelketako finala jokatuko dute Lillen, Frantzian (19:00). Hain zuzen, gaurko irabazleak Frantziari hartuko dio lekukoa, selekzio horrek irabazi baitzuen orain bi urte titulua, Eslovenian. Espainia nagusituz gero, hirugarren txapela luke, hirugarrena jokatutako azken lau txapelketetan —2009an eta 2011n irabazi zuen—; Lituaniak, berriz, laugarrena luke, azkena irabazi eta hamabi urtera. Orduko hartan ere Espainia izan zuen aurkari finalean, eta93-84 nagusitu ziren lituaniarrak.
Hamabi urte joan dira ordutik. Denbora asko da, eta nabari da. Lituanian, adibidez, ez dago orduko jokalaririk. Jonas Valanciunasek, Jonas Maciulisek eta enparauek lekukoa hartu diete Sarunas Jasikevicius, Arvidas Macijauskas eta enparauei. Valanciunas eta Maciulis dira selekzioko bi izarrak. Estatistikek ere hala diote: Toronto Raptorseko pibotak 16,9 puntu eta 8,3 errebote lortu ditu partidako, eta Real Madrileko hegalekoak, 14,5 puntu eta 6,6 errebote. Bi jokalarion lana erabakigarria izan da Lituania finaleraino irits dadin. Bide horretan bi selekzio indartsu kanporatu dituzte: Italia final-laurdenetan, eta Serbia finalerdietan.
Espainian, berriz, bi jokalarik jarraitzen dute selekzioan 2003ko final hartatik: Felipe Reyes eta Pau Gasolek. 1980ko belaunaldiko kide nagusienetako bi dira—Juan Carlos Navarro da bestea—. Baten eta bestearen artean, ordea, bada alderik. Gasolen itzalean dago Reyes. Baina ez bakarrik Reyes, Espainiako selekzioko jokalari guztiak ari dira pibot kataluniarraren itzalean. Ez da harritzekoa, Gasol txapelketa ikusgarria egiten ari baita. Inork ez du hark baino puntu gehiago sartu (26,5 partidako), eta erreboteen sailkapenean laugarrena da (8,4). Haren jardun ikusgarriaren erakusle da Frantziaren aurkako finalerdian eginikoa: 40 puntu, 11 errebote eta 52ko balorazioa. Haren finaleko jardunaren araberakoa izango da Espainiarena. Itxuraz, faboritorik ez dago. Biak ari dira behetik gora.
Hamabi urte geroago
Espainiak eta Lituaniak Europako Txapelketako finala jokatuko dute gaur.2003an ere finalean izan ziren, eta lituaniarrak nagusitu ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu