Hala ere, baiezkoan dira

Eibarreko bi entrenatzaile ohi, Jose Luis Mendilibar eta Jose Luis Ribera, ez daude burumakur taldearen ibili eskasaren aurrean, eta egoera zaila dela onartu arren, Eibarrek Lehen Mailan jarraituko duela sinetsita daude.

Manuel Castellano Lillo Eibarreko atzelaria, laguntza eskatuz, joan zen ostiralean, Eibarrek eta Espanyolek Ipuruan jokatutako norgehiagokan. GORKA RUBIO / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2015eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Eibarrek Lehen Mailan jarraitzea jende askok nahi du, eta ez bakarrik bertakoek edo ingurukoek bakarrik. Baita hemendik kanpoko futboleko zale askok ere. Kinka larrian dira orain denak, taldea jaitsierako lekuan baita bi jardunaldiren faltan. Azken aurreko lekura erori da, eta hala behar zuen, gorago egotea mirariaren parekoa delako bigarren itzulian lau puntu eskas atera eta gero. Zenbakiok eta bolada txar amaigabeak txarrena pentsatzea dakarte ezinbestean.

Baina etsiak jota asko dauden bezala, baikortasunari eusten diotenak badira oraindik. Eibarreko bi entrenatzaile ohi, esaterako: Jose Luis Mendilibar (Zaldibar, Bizkaia, 1961) eta Jose Luis Ribera (Azkoitia, Gipuzkoa, 1965). Arrastoa utzi zuten bere garaian klubean, eta badira nor baikortasun hori hitz ederren sorta bakarrik ez dela bermatzeko.

Biek onartzen dute egoera petrala dela, eta taldea justu antzean dabilela: «Jokalariek beraiek badakite kosta egiten ari zaiela azkenaldian emaitza onak ateratzea, eta Eibar ez dago ondo; hori garbi dago», esan du Mendilibarrek. «Konfiantza aldetik urri daude orain, eta normala da hala egotea», azaldu du Riberak. Egoera txarra onartuta, eta honaino zergatik heldu den kontatu baino lehen, Eibar Lehen Mailan egongo den edo ez, hori argitzeko eskatu zaie biei. Eta baiezkoan daude. Egutegiak ematen die indarra, Eibarrenak eta aurkarienak. Bi entrenatzaileek heldu diote egutegiari. Riberaren ustez, «Eibarrek dauzka aurkariek baino partida errazagoak orain. Getafekoa aukera ona da puntuak ateratzeko, nahiz eta beraiek salbu ez egon oraindik. Gero, Kordobari Ipuruan irabazi egingo dio Eibarrek; hiru puntu horiekin kontatu egin behar da». Mendilibarrek lau puntu gehiago eskatu ditu taldearentzat mailari eutsi ahal izateko: «Uste dut lau punturekin nahikoa izango dela. Aurkariek baino partida errazagoak dauzka Eibarrek. Getafen puntua ateratzeko moduan izan daiteke, eta gero, etxean, Kordobari irabazi egingo zaio».

Getafe eta Kordoba. Ezinbestean pilatu behar ahalik eta puntu gehien bi horien aurka, baina Getafekoak partida zitala ematen du, ikusirik nola dabilen Eibar, eta kontuan izanik Getafe arazoetan dela oraindik. Riberak beste iritzi bat dauka: «Uste dut Getafe arriskutsuagoa izango litzatekeela salbaturik balego. Batere presiorik gabe jokatuko luke, eta oso jokalari onak dauzkanez zelai erditik aurrera, lasai jokatuko lukete, eta horrek bihurtuko lituzke arriskutsuago. Salbaturik ez denez baina, presioa dauka, eta zalantzak dauzkat zer erantzun emango duen horrela. Ez da talde itxura onik ematen ari».

Mendilibarrek ere ez dio traza txukunik hartzen Getaferi: «Ez dabil ondo, eta esango nuke Eibar bezain larri dela emaitza onak ateratzeko». Ez ditu hobeto ikusten jaitsierako borrokako beste taldeak: «Egutegi zaila daukate Almeriak eta Deportivok, esaterako, eta kostako zaie puntu asko batzea bi partida hauetan».

Arazo psikologikoa, eragile

Eibarren jaisteko arriskuaren inguruan ezer gutxi aipatzen zen lehen itzulia amaitu berritan. Nola bada, 27 puntu batu baitzituen. Taldearen gaineko oraingo solasaldietan, galdera hau asko entzuten da: nola liteke hainbeste aldatzea emaitza aldetik hain denbora gutxian? Riberak eta Mendilibarrek garbi daukate hau: «Lehen ez ziren hain onak, eta orain ez dira hain txarrak».

Arazoaren eragile handienetako bat arlo psikologikoan dagoela uste dute biek. Riberak honela dio: «Buruak lan handia egiten du. Lehen itzulian puntu asko atera zituzten, eta berdin jokatzen zuten zelai guztietan. Konfiantza handia zeukaten jokalariek. Bost jaurtiketa egiten zituzten, eta bi gol sartzen. Orain, zortzi egin, eta alerik ez dute sartzen. Lehen sendoa zen taldea, eta orain ahula da». Mendilibarren iritziz, «bigarren itzulian partida bakarra irabazi eta gero, burua bueltaka ibiltzea normala da, eta pisutsua bihurtzen da azkenean buruko lan hori. Azkenean, partidak galdu eta galdu, konfiantza asko galtzen da».

Antzeko bizipena izan zuen Zaldibarkoak Valladolidekin, Lehen Mailara igo eta bigarren denboraldian: «Hamar partida falta zirenean 39 puntu geneuzkan, ia-ia Europan sartzeko hainbeste. Baina azkeneko hamar neurketa horietan, hiru berdinketa bakarrik atera genituen, eta azkena Betisen zelaian. Puntu hari esker salbatu ginen gu». Azkenera arte, boladak bolada, bistan da Eibarrek ezin duela etsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.