Haizea alde du Baionak

Bost jardunaldi falta dira Top14 liga amaitzeko, eta titulua irabazteko kanporaketan sartzeko postuetan dago Baiona; horri eutsi nahi dio. Donostiako Anoeta estadioan ariko da gaur (16:30), Section Paloiseren aurka.

Baiona denboraldi honetako partida bat jokatzen. BAIONA
Baiona denboraldi honetako partida bat jokatzen. BAIONA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Anbizio handiko proiektua du Baionak esku artean, eta hobetzen segitu nahi du. Apustu horrekin lotuta, beste urrats bat egin asmo zuen denboraldi honetan, eta, beraz, ondo indartu zuen taldea: hainbat fitxaketa egin zituen, tartean sona handiko jokalariak. Helburutzat hauxe jarri zuen: Top14 liga sei onenen artean amaitzea, titulua eskuratzeko kanporaketak jokatu ahal izateko. Esan eta egin: liga bukatzeko bost jardunaldi falta diren honetan, laugarren dago Baiona.

Haizea alde du, eta postu horri eutsi nahi dio. Badu garrantzia, gainera. Hirugarren eta laugarren sailkatuek etxean jokatuko dute finalerdietarako sailkatzeko partida, eta horrek urrea balio du Lapurdiko taldearentzat, sasoi honetan etxean jokatutako partida guztiak irabazi baititu. Baita urrian Donostiako Anoeta estadioan jokatutakoa ere, Arroxelaren aurkakoa. Hain zuzen, gaur denboraldi honetan bigarrenez ariko da Donostian (16:30), oraingoan Paueko Section Paloise taldearen kontra.

Baikor dago Asier Altuna errugbi jokalari ohia (Donostia, 1968), baina adierazi du baionarrek «argi ibili» beharko dutela. «Jokalari onak dituzte, eta ez dira bidaia alferrik egiteko intentzioarekin etorriko, puntuak bildu nahian baizik. Ez da ahaztu behar joaneko partidan egur handi samarra eman zigutela —51-29 galdu zuen Baionak—». Lapurtarrak «mendeku gosez» aritzea espero du.

Altunak hamar urtez jokatu zuen Baionan, eta klubaren parte da orain ere: etxeko partidetan, epaileen arduradun aritzen da. Aurrelari izandakoa da, eta argi du non egongo den gaurko neurketa irabazteko gakoa: «Nire ustez, errugbia aurrean hasten da beti. Aurrean serio aritu behar du Baionak, eta baloia ondo kontrolatu. Atzelariek ere lan ona egiten badute, eta defentsan serio egoten badira, gakoa aurrean egongo da».

«Etxeko partidak irabazi egin behar ditugu, eta ea kanpoan zer egiten dugun, batez ere Parisen; nahiko irregular dabiltza, eta zerbait lor dezakegu»

ASIER ALTUNA Errugbi jokalari ohia

Helburua lortzeko bidean beste pauso bat emateko, garrantzitsua izango da gaur irabaztea. Liga amaiera aztertu du Altunak; bost partida geratzen dira, eta Baionak Section Paloise, Racing 92, Vannes, Castres eta Toulon izango ditu aurkari. Gaurkoa aintzat hartuta, horietatik hiru jokatuko ditu etxean. «Etxeko partidak irabazi egin behar ditugu, eta ea kanpoan zer egiten dugun, batez ere Parisen; nahiko irregular dabiltza, eta zerbait lor dezakegu».

Jean Dauger estadioa gotorleku du Baionak, eta gaindiezinak dira han, zalantzarik gabe. Ligako neurketa guztiak irabazi dituzte, baita Tolosaren eta Bordeleren aurkakoak ere, nahiz eta talde horiek koska bat gorago dauden baionarrak baino —12-8 eta 36-32 irabazi diete, hurrenez hurren—. Azken jardunaldian jokatuko dute Toulonen, hau da, hirugarren sailkatuaren aurka. «Garrantzitsua da etxean halako ziurtasuna izatea. Kanpotik etortzen direnek ikusten dute ez dagoela zer eginik, Baiona oso indartsu baitago: konfiantza handia du, eta jarraitzaileen indar hori». Halere, taldeak badu «gabezia txiki bat». Etxean otso dabil, baina uso kalean. Hainbat lehiatan garaipena «gertu» izan arren, bi partida bakarrik irabazi ditu bisitari aritu denean, eta bederatzi galdu. Arlo horretan badute zer hobetua, Altunak azaldu duenez. Joan den astean, esaterako, 29-28 galdu zuten Arroxelaren kontra.

Etxeko emaitzei esker, ordea, Baionak modua izan du sailkapenaren goialdean egoteko, eta oraingoz bide onean dago. Altunak aitortu du «uste baino denboraldi hobeagoa» egiten ari direla. Talde jokoa nabarmendu du: «Jende berri asko etorri da, eta denak ondo ari dira; ondo konpontzen dira elkarrekin». Fitxaketak eginez, besteak beste, «eskarmentua» duten jokalariak ekarri dituzte taldera, baina Altunak jokalarien maila azpimarratu du bereziki: «Bigarren zatian sartzen den jendea aurreneko zatian aritzen denaren mailakoa edo hobea da. Orain arte, Baionak talde ona zuen, baina ez 30-35 jokalarikoa. Hogei-edo ziren on-onak, eta besteak maila apalxeagokoak. Talde onenek hor daukate indarra: jokalari asko dituzte, eta maila bertsukoak. Aldaketak eta lesioak tartean izanda ere, ez dira hainbeste nabaritzen». Jokalari batzuk nabarmendu ditu: Camile Lopez, Baptiste Chouzenoux eta Manu Tuilagi. «Punta-puntako jokalari asko daude, eta horrek ere laguntzen die gazteei hobetzen».

Ligan ez ezik, Europan ere lehiatu da Baiona sasoi honetan: Challenge kopan. Multzoen fasea bigarren amaitu zuen, baina Vodacomek kanporatu egin zuen final-zortzirenetan. «Pena» hartu zuen Altunak, «segitzeko indarra» bazuten eta. Hotzean pentsatuta, baina, mesede egin zielakoan dago, «jokalariak zaintzeko eta arreta osoa Top14an izateko». Ondorio hau atera du: «Ligari begira, ondo etorri zaigu. Indarberritzea izugarri inportantea da errugbian, eta  garrantzitsua da hemendik aurrera partida gutxiago izatea; baliteke horregatik ere aldeak izatea taldeen artean».

Hobetzen segitu nahi du

Altunak adierazi du taldeak «aurrerapausoa» eman duela, baita proiektuak ere, bere osotasunean. «Estruktura aldetik, sendotzen ari da taldea. Orain dela lau-bost urte hasi ziren, pixkanaka-pixkanaka: estadioa berritu, taldea osatu, kanpora joandako hemengo jokalariak ekarri... Dena ongi lotzen ari dira».

Eta halaxe segitu nahi dute baionarrek: urratsak egiten. Berandu baino lehen, urtero ligako titulua eskuratzeko borrokatzea, horixe da klubaren xedea, Philippe Tayeb presidenteak behin baino gehiagotan azaldu duen moduan; eta, noski, txapeldun izatea ere bai: «Urtez urte dena aurrera doa: ea luze segitzen duen horrela».

Oraingoz, erronka polita dute aurrean: sei aurrenekoen artean bukatu nahi dute liga, finalerdietan sartzeko kanporaketak jokatzeko. Gaur-gaurkoz, barnean daude, laugarren postuan. Horri eusten saiatuko dira, eta gero gerokoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.