Haizea aldatu denean, babesa

Realak kontratua luzatu die kirol egitasmoaren bi zutabe nagusiei: Imanolek 2023ra arteko hitzarmena du orain, eta Roberto Olabek, 2024ra artekoa. Berretsi egin da horrela klubak darabilen kirol bidea

Roberto Olabe, Jokin Aperribai eta Imanol Alguacil, Anoeta estadioan, kontratu berritzeak iragartzeko argazkian. REALA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Turroia Realean jango du Imanolek. Zalantza izpirik ere ez zen Orioko entrenatzailearen jarraipenaren inguruan, nahiz eta taldeak azkeneko bederatzi partidetan ez duen alerik irabazi. Sei aldiz berdindu izanak eta hirutan galtzaile izateak ez dio Jokin Aperribairen babes zati txiki bat ere kendu. Are gehiago, Realeko agintariek babesa adierazteko modu onena hautatu dute entrenatzailearen lana babesteko: bi denboraldi gehiagoz luzatu dio kontratua, eta orain, 2023ra artekoa dauka. Imanolek berak esana zuen berriki Realean segitu nahi zuela, datorren urteko ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratuaz galdetu zitzaionean: «Bartzelona etorrita ere nire bila, Reala da nire apustua». Baita klubarena ere.

Roberto Olabe Futbol zuzendaria den bezalaxe. Gasteizkoari 2014ra arteko hitzarmena jarri dio mahai gainean Aperribaik, eta hark onartu egin du. Horrenbestez, Realak berrindartu egin du kirol egitasmoa, alor garrantzitsu eta lehentasunezko horretako bi zutabe nagusiei kontratuak berrituz. Jokin Aperribai presidenteak atzo iragarri zituen bi berritzeak, akziodunen Batzar Nagusian (telamatikoki egin zuten).

Imanolen berritzea iragartzeko data nahita hau izan den ez da jakingo, baina lehen taldearen entrenatzaile lana hartu zuela larunbatean beteko dira bi urte. Asier Garitano ordezkatu zuen. Bigarrenez izan zen, aurretik ere jardun zuelako zeregin horretan: 2018ko martxotik, hain zuzen. Orduko hartan ere zuzendaritzak kaleratutako beste entrenatzaile baten lekua hartu zuen, Eusebio Sacristanena. Aldi hartan, bederatzi partidatan zuzendu zuen taldea, eta hamasei puntu eskuratu zituen.

Bi urte hauetan, emaitza aldetik, lorpen handiagoak erdietsi ditu Realak, eta bi nabarmentzen dira, aurreko denboraldikoak biak ere: Espainiako Kopako finalerako sailkatzea, eta Europa Liga jokatzeko aukera izatea. Sasoi honetan, Reala Europan ari da oraindik, aurreneko fasea gainditu baitu; final hamaseirenetan Manchester United izango du kontrario otsailean.

Ligan ere ondo ari da taldea, azkenaldian behera egin badu ere emaitzetan. Lider izan zen hainbat jardunalditan, eta hirugarrena da orain. Entrenatzaileari bolada txar honetan kontratua berritzea oso adierazgarria da, eta babesa ematen dio Oriokoari.

Beste horrenbeste gertatzen da Olaberen berritzearekin. Aperribaik eta haren zuzendaritzak erabateko konfiantza dute gasteiztarrarengan. 2018ko martxoan sartu zuten berriro ere klubean, aurreko saialdiak kale egin eta gero. Lanean jardun zuen 2016ko abuztutik, baina joan egin zen zortzi hilabete geroago, «arrazoi pertsonalengatik», haren hitzetan.

Oraingo lanaldia erabat emankorra ari da izaten, eta antzematen da klubean Olaberen lan egiteko modua eta bidea. Zeregin horretan dihardutenei lehen taldearen ibiliak zehazten die lanaren fruitua, eta hor sartzen dira, ezinbestean, fitxaketak, eta horrekin batera, taldea osatzea. Olabek eraman ditu Realera jokalari hauek, orain taldean daudenetatik: Miguel Merino, Nacho Monreal, Alexander Isak, Alex Remiro, Portu eta guztien gainetik, David Silva. Harrobiaren aldeko apustua ere handia ari da izaten orain ere, eta Imanolekin elkarlanean, lehen taldeko ateak zabal-zabalik dituzte beheko mailetako jokalariek.

Bien arteko elkarlanak jokatzeko eredu jakin baten aldeko hautua ere ekarri du. Ezin da ukatu lehendik ere bazuela Realak eredu horretan jokatzeko joera, baina orain, biribildu egin dute, jokalari egokiak ekarriz horretarako. Bidea erabat sendotuta dauka Realak bien eskutik. Horrez gain, badu lehen taldeak beste ezaugarri bat: lehiakorra da. Ondo lehiatzen da, eta hori izan da Olabek aldarrikatu duena Realera itzuli zenetik. Imanoli bezala, datorren urteko ekainean bukatzen zitzaion kontratua.

110 milioiko aurrekontua

Aperribaik akziodunen batzarrean ezustean iragarri zuen Imanolen eta Olaberen kontratu berritzea, eta iragarpen horrek estali egin zuen batzarraren funtsa izan behar zuena: 2021eko aurrekontuez eztabaidatzea, onartu ala ez. 110 milioi eurokoa izango da, batzarraren baiezkoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.