Ezustekoa edo berrikuntza izan zen iazko udan traineru bat Lapurdiren izenean lehian ikustea KAE 2 ligan. Donibane Lohizuneko Ur Joko taldeak eta Angeluko Ibaialdek elkarlanean atera zuten gizonezkoen trainerua, eta bai ondo lehiatu ere, hamabi estropada irabazi eta mailaz igo baitziren,KAE 1 ligara.
Uda honetarako beste ezuste bat iritsiko da Lapurditik: emakumezkoek trainerua osatu dute aurreneko aldiz, eta hor ibiliko dira lehian, uda partean. Ez da lan makala urtebetean bi ontzi berri klub berean sortzea, eta lapurtarrek lortu dute. Pozik da horregatik Bixente Etxegarai, Ur Jokoko presidentea eta Lapurdiko Arraun Taldeko buruetako bat (Azkaine, Lapurdi, 1978): «Denok gaude ilusio biziz uda heltzeko, eta traineruak lehiatzen ikusi ahal izateko».
Egitasmo berriaren helburu nagusia azaltzeko orduan, aparte utzi nahi izan du emaitzen arloa: «Emaitza handirik ezingo dugu lortu, lehen urtea izanik. Ahalik eta txukunen ibiltzea da gure asmoa». Garrantzia handiagoa eman dio beste helburu bati: «Hemen, Lapurdin, nesken kirola sustatu nahian ari gara, eta guk gure kirolarekin ekarpena egin nahi izan dugu lan horretan».
Etxegaraik kontatu du taldea osatzeko lehen urratsa berdin egin zela emakumeen eta klubaren aldetik: «Denon kontua izan da, Lapurdi osatzen dugun bi klubetan zegoen gogoa nesken taldea ateratzeko, eta, neskek ere bazutenez asmoa, hemen gara, traineruarekin». Onartu du egitasmoak eman duela zeresanik: «Hemen, Iparraldean, adierazgarria eta deigarria egin zaio jende askori nesken taldea ateratzea». Irtetea bera baino zailagoa iruditzen zaio jarraitzea, hala ere: «Esaten da errazena abiatzea izaten dela, eta gure nahia da egitasmoak segida izatea datozen urteetan, iraun dezan luze. Gure asmoa hori da, eta denborak esango du lortzen dugun ala ez».
Taldea udan uretan ikusteak poza emango badio, traineruak berak zerbait berezia eman dio poz horri: «Ipar Haizea da, Ur Jokoren zuntzezko lehen trainerua; 1996koa da, aspaldikoa. Ilusio handia eragiten dit neskak traineru horretan lehiatuko direla pentsatzeak».
Guruzne Azpiroz dute entrenatzaile, eta arraunlarietako bat Izarne Molina Dupain da (Ziburu, Lapurdi, 1988): «Hamazazpi gara denera. Justu antzean gabiltza kopuruz, baina ezin gara kexatu, taldea osatzeko gai izan gara eta».
Molina lehen ere ibilia da arraunean, baina inoiz ez traineruan: «Zerbait handia da niretzat etxeko taldeak trainerua ateratzea eta ni neu bertako kide izatea». Baina besteentzat ere, denak baitira Iparraldekoak: «Arraunlari guztiok hemengoak gara, eta horrek ere ematen dio zerbait berezia taldeari».
Kirol helburuetan, Molinak ere ez du gauza handirik eskatu, Etxegaraik bezala: «Maila pixka bat lortu nahiko genuke lehen urte honetan. Mutilen taldeak ilusioa sortu du, eta ea guk ere gure ekarpentxoa egiten dugun». Aparteko ilusioa eragiten dio estropada batek: «Kontxan egin nahi dut arraun». Eta aurreko belaunaldiko arraunlariekin gogoratu da, trainerua atera nahi baina ezinean geratu ziren haiekin: «Bazen gogoa, baina ez ziren neska aski elkartu».
Uda gertu samar dute arraunlariek, eta Molinak onartu du negua gogorra egiten ari zaiela: «Astean bost bat aldiz egiten ditugu entrenamenduak, eta gogorrena da bakarrik aritzea ergometroan eta muskulazio gelan, arraun kideak ez daudenean». Oriako Jaitsieran egin zuten arraun; debuta izan zen, eta gazi-gozo ibili zirela kontatu du: «Gazia izan zen entrenatzaileak esan zigulako hobeto egin dezakegula, baina gozotik ere izan genuen, lehen aldia genuelako traineruan lehian».
Gizonezkoak, iazkoari begira
Serio asko ari dira lanean gizonezko arraunlariak ere, maila eta liga berriari heltzeko erronka ahalik eta ondoen gainditzeko. Etxegarairen ustez, helburuak ez du zalantza handirik sortzen: «Iazko maila bera eman nahi dugu, eta, ahal dela, hobetu». Taldean bost hutsune dituzte iaztik: «Baionan badira olinpiar arrauna egiten duten klubak, eta arraunlariak haietatik ekarrita bete ditugu zuloak. Baina iazko taldearen hezurdura atxikitzea lortu dugu».
Guillermo Somoano patroiak jarraitzen du entrenatzaile lanetan, eta berak gidatuko du Lapurdi izen handiko hainbat talderen aurkako lehian: «Ikusten dut ligako taldeen zerrenda, eta izen handiak daude. Ohorea da guretzat halakoen aurka aritzeko aukera izatea», esan du Etxegaraik.
Aurreko denboraldi onak ez omen du eraginik izan aurten arraunlariak harrobira erakartzeko: «Jende gutxik ezagutzen gaitu oraindik. Ea oraingo lan honek fruituak ematen dituen bizpahiru urtean».
Haize ona dator Iparraldetik
Lapurdiko Arraun Taldeko emakumeen taldea irrikaz da uda iristeko, lehen aldiz aterako baitute trainerua. Gizonezkoak ere ari dira KAE 1 liga prestatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu