Saskibaloia

Haize berria baliatzera

Gorengo mailan arituko diren lau euskal taldeek gaur eta bihar egingo dute debuta ligan. Denboraldiaurrea atzean utzi, eta lehiarako prest dira denak.

Lola Pendande (IDK) eta Awa Fam (Gernika) Euskal Kopako partida batean. ESF
Lola Pendande (IDK) eta Awa Fam (Gernika) Euskal Kopako partida batean. ESF
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 4a
05:05
Entzun

Asteburuan abiatuko da Espainiako Ohorezko Liga. Aurten lau euskal talde ariko dira. Orain arte liga horretan lehiatzen ziren IDK, Gernika eta Araskirekin batera ariko da Ardoi igo berria ere. Lau taldeetan aldaketa ugari izan dituzte udan, baina prest daude sasoi berriari ekiteko. Ardoik gaur egingo du debuta, etxean, Avenidaren aurka (20:30). Gainerakoek bihar jokatuko dute: IDK-Jairis (18:00), Gernika-Lugo (18:30) eta Ferrol-Araski (19:00).

ITZIAR ARIZTIMUÑO. Gernika taldeko jokalaria.

«Talentua esfortzuarekin konbinatu du klubak»

(ID_13483409) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-10, Gernika. Lointek Gernika Bizkaia eta London Lions-en arteko Emakumeen Eurokopako...
Itziar Ariztimuño, iragan sasoian jokatutako partida batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Sentsazio onekin iritsiko da Gernika denboraldi hasierara. Denboraldiaurrean zazpi partida jokatu ditu talde bizkaitarrak, eta bakarra galdu du. Pozik dago Itziar Ariztimuño antolatzaile bilbotarra: «Uda ona izan da, baina badakigu zertarako dagoen; sentsazioak hartu, akatsak egin eta konpondu, taldekide berriak ezagutu... uste dut bide onetik ari garela. Gauza askotan hobetu beharra daukagu, baina urrats garrantzitsuak egin ditugu».

Azken astean Beasainen jokatu zen Euskal Kopako garaileak izan dira gernikarrak. Araski aise gainditu zuten lehen partidan, eta IDK ere menderatu zuten bigarrenean. «Entrenatzaileak nahi duen horretatik gertu aritu ginen. Intentsitatea, energia, konexioak... Antzeko maila daukagun hiru talde lehiatzen gara, eta denboraldian izango dugun lehiakortasunera ohitzeko balioko digu», adierazi du antolatzaileak.

Taldea asko aldatu da aurten. Iaz taldean izan ziren hiru jokalarik bakarrik jarraituko dute. Jokalari garrantzitsuak joan dira, klubean urte asko zeramatzatenak, eta jokalari gazteen aldeko apustua egin du klubak: «Talentua esfortzuarekin konbinatu du klubak. Nire ustez, beharrezkoak diren bi ezaugarri dira, eta, orain, Martari [Alberdi, jokalaria] eta niri dagokigu jokalariak taldearen eta klubaren dinamikan sartzea, eta denak gustura sentiaraztea».

Aspaldiko partez, Gernika ez da Europan lehiatuko. Sailkapena lortu ez izana kolpea izan zen bizkaitarrentzat, baina alde onari begiratu dio Ariztimuñok: «Neke gutxiago pilatzen da, eta gehiago entrenatzeko aukera daukagu. Entrenatzaileak nahi duena lortzeko denbora gehiago, alegia».

Noski, Europara itzultzea eta Espainiako Kopan egotea dira aurten gernikarrek dauzkaten erronketako bi, baina kapitainak ez du horrekin itsutu nahi: «Partidaz partida joan behar gara, begirada urrutiegi jarri gabe. Lehen itzulia amaitzean, ikusiko dugu Kopan gauden edo ez, eta orduan itxiko ditugu denboraldi amaierarako helburuak».

MARIA ASURMENDI. Ardoi taldeko jokalaria

«Zaila da hona iristea, baina are zailagoa da hemen mantentzea»

(ID_17279510683085) MARIA ASURMENDI
Maria Asurmendi, Ardoirekin igoera lortu berritan. FEB

Ardoi lehen aldiz arituko da Ohorezko Ligan, iaz ezustean igoera lortu ostean. Klubarentzat dena da berria, eta denboraldiaurre «gogorra» izan dutela onartu du Maria Asurmendi kapitainak. «Talde oso indartsuen aurka jokatu dugu oso talde motzarekin. Badakigu denboraldiaurreko partidak hazten lagundu behar digutela, eta, galdu arren, gauza positiboak ere ikusteko gai izan behar gara. Noski, alde handiagatik galtzea ez da gustukoa izaten, baina taldea errealista da.

Fitxatu dituzten estatubatuarrak berandu iritsi dira Zizur nagusira, eta horrek aurrera egiteko orduan «kostata» aritu direla adierazi du jokalari beteranoak. Hala ere, azken bi asteetan taldeak hobera egin du astean zehar zein partidetan: «Norbere egokitzapen prozesua errespetatu behar da. Taldea berria da, jokalari bat lehen aldiz atera da sorterritik hona etortzeko, estatubatuarrak berandu iritsi dira, etxeko jokalari batzuek lehen aldiz jokatuko dute horrelako liga batean… Eskarmentu askoko jokalariak ere bagaude, eta oreka hori aurkitu behar dugu bakoitzak bere onena eman ahal izateko».

Horrelako kategoria batean egiten den lehen urtea beti da zaila, baina klubak jokalari nafarrak ekarri nahi izan ditu, abagunea baliatuz. «Filosofia egokia iruditzen zait. Garrantzitsua da taldea eta zaleak identifikatuak sentitzea proiektuarekin. Jokalari nafarrekin egindako oinarri sendoa izango dugu, eta atzerritarrek kalitatea areagotuko dute. Klubak bere eskuetan zegoen guztia egin du lehen mailako talde bat osatzeko. Badakigu sufritzea egokituko zaigula, baina zaleak ere identifikatu behar dira sufritzeko sentimendu horrekin».

Liga inoiz baino indartsuagoa izango da denboraldi honetan, eta Asurmendik argi dauka helburua zein izango den: «Mailari eusten ahalegintzea da helburua. Gaur egun maila handia dago Ohorezko Mailan, klubek dirua daukate, eta talde izugarriak egiten dira. Zaila da hona iristea, baina are zailagoa da hemen mantentzea».

MADE URIETA. Araski taldeko teknikaria.

«Irabaztera irtengo gara beti; ez dago anbizio handiagoa erakusterik»

(ID_12718778) Made Urieta
Made Urieta, entrenamendu batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Araskik bederatzigarren denboraldiz jarraian jokatuko du aurten gorengo mailan. Made Urietaren taldeak gaizki hasi zuen iragan denboraldia, bost partida jarraian galduta. Pisu handiegia izan zen taldearentzat, eta ez ziren Espainiako Kopan eta kanporaketetan egon. Denboraldia ondo amaitu zuten, eta, entrenatzailearen esanetan, «indarberrituta» iritsiko dira denboraldi hasierara: «Taldea ilusio handiarekin dago. Hasteko irrikaz. Denboraldiaurreko partidak oso gogorrak izan dira, baina balantze positiboa egin dezakegu behin honaino iritsita. Hala ere, egia da lesio dezente izan ditugula, eta hori oztopo bat izaten da bidean». 

Sasoi honetan Europan lehiatuko du Ferrolek, eta haren etxean egingo du debuta ligan Arabako taldeak. Partida horretan, ordea, ez da Natalie van del Adel kapitaina izango. «Zuntz haustura bat dauka eskuineko hankeko bikian, eta ea laster taldearekin batera entrenatzen hasi daitekeen. Hemendik eta partidara bitartean hobekuntza ikusgarririk eduki ezean, ez da lehen partidara iritsiko», azaldu du Urietak.

Bethy Mununga Europako txapeldunak ere min hartuta igaro du denboraldiaurrea, baina haren kasua desberdina da. «Pixkanaka errekuperatzen ari da, eta taldearekin batera ari da lanean, jada», adierazi du teknikari arabarrak. Iragan asteburuan ez zuen Euskal Kopan jokatu, baina, okerrik ezean, Ferrolen jokatzeko prest egongo da.

Ligari dagokionean, lehiakortasuna azpimarratu du Urietak, eta aurten «ahate itsusirik» ez dagoela nabarmendu du: «Oso liga gogorra da, gero eta gehiago, gainera. Hamasei talde gaude, eta denek egon nahi dugu zortzi talde onenen artean, Espainiako Kopan eta kanporaketetan aritzeko».

Lau fitxaketa egin ditu Araskik, aurten: Mununga eta Maxuella Lisowa-Mbaka belgikarrak, Montse Brotons, eta Natalia Rodriguez. Orain, «partida guztiak lehiatzea» izango da arabarren erronka: «Kantxara irabaztera irtengo gara. Ez dago hori baino anbizio handiagoa erakusterik».

LARA GONZALEZ. IDK taldeko jokalaria.

«Anbizioa erakutsi behar dugu, hiritarrak Gascara etor daitezen»

(ID_13369864) (Andoni Canellada/@FOKU) 2023-11-22, Donostia. Lara Gonzalez, IDK-ko jokalaria
Lara Gonzalez, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU 

IDK ez da nahi bezala iritsiko liga hasierara. Iaz euskal talderik onena izan zen, eta Espainiako Kopa eta kanporaketak jokatzeko sailkatu ziren. Taldea, ordea, dezente aldatu da, eta etxe bat ezin da teilatutik eraikitzen hasi. Euskal Kopako bi partidak galduta iritsiko dira donostiarrak liga hasierara, baina konfiantza dauka taldean Lara Gonzalez kapitainak: «Bi partida jarraian galdu ostean zaila izaten da egoerari buelta ematea, baina partida horietako akatsak ikusi eta ahulguneak hobetu ditugu aste honetan. Kapitainak eta teknikariak ahalegindu gara denok dinamikan sartu gaitezen, politena orain baitator».

Udan sei jokalari berri iritsi dira Donostiara, eta taldeak ez dauka aurrekoarekin zerikusirik. Gonzalezek taldearen nondik norakoak eman ditu: «Gauza asko egin ditzaketen jokalariak ditugu postu guztietan. Iritsi berri direnek ez dute Azuren [Muguruza entrenatzailea] lan egiteko modua ezagutzen, ezta taldearen dinamika ere. Hori ez da hilabete eskasean lortzen, eta pixkanaka goaz. Defentsako arauak barneratu behar ditugu, horrela bakoitzak bere rol nagusian gustura sentitzeko aukera izango duelako. Edonori aurre egiteko gai garela uste dut, baina denboraldiaurrean erakutsi ez dugun izaera atera beharko dugu hemendik aurrera».

Klubak bigarrenez jokatuko du Europan, aurten. Duela bi urte egin zuen debuta txapelketan, eta orduko hartan Gonzalez ez zegoen taldean. Maria Españak eta Yurena Diazek taldea utzi dutenez, kapitaina da orain, eta argi dauka klubak Europan daukan arantza atera nahi dutela: «Iaz itzalpean egon nintzen, baina aurten, kapitain moduan, saiatuko naiz denek IDK etxea dutela senti dezaten. Jokalari askok badakigu Europa zer den, eta esperientzia emango diogu taldeari. Badakigu lehen esperientzia ez zela ona izan, eta hobetzeko gogoz gaude. Horretarako, gozatu egin behar dugu, partida bakoitza lehiatuta».

Kapitainaren ustetan, «goizegi» da taldearen denboraldiko helburuak finkatzeko, baina bera «anbizio handiko jokalaria» dela nabarmendu du. «Aurreko denboraldian egindakoa hobetzea izan behar da helburua beti. Horretarako, Kopan eta kanporaketetan egotea funtsezkoa da, eta Europan multzoen fasetik aurrera egitea. Anbizioa erakutsi behar dugu, hiritarrak Gascara etor daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.