TXIRRINDULARITZA

Haize-babesetan iraun dutenen artean, Philipsen izan da azkarrena

Alpecinekoak Frantziako Tour honetako bigarren garaipena lortu du, haizeak baldintzaturiko etapa batean. Roglicek eta Ayusok lasterketa utzi dute.

Urrunetik abiatu du esprinta Philipsenek, baina Van Aertek ezin izan du gainditu. KIM LUDBROOK / EFE
Urrunetik abiatu du esprinta Philipsenek, baina Van Aertek ezin izan du gainditu. KIM LUDBROOK / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko uztailaren 12a
17:57
Entzun

Frantziako Tourreko ibilbidea aurkezten dutenean, badaude esprinterrek entzun nahi izaten dituzten zenbait hiri izen. Horietako bat da Paue (Okzitania). Ohikoa da Tourrak gizonik azkarrenei aukera bat ematea Pirinioetako maldetan sufritzera bidali aurretik. Bada, gaur ere izan dute aukera hori. Eta hobekien probestu duena Jasper Philipsen izan da (Alpecin). Hark altxatu ditu besoak Paueko helmugan, Wout van Aerten (Visma) eta Pascal Ackermannen (Israel) aurretik iritsita.

Ziklistek, baina, ez dute bide erraza izan helmugara arte. Haizeak gogor jo du, eta tropela multzo txiki ugaritan banatu da zenbaitetan. Esprinter batzuentzat gaur hasi dira Pirinioak; sufritu egin dute pelotoian irauteko. Batzuk atzean geratu dira, eta beste batzuk indarrez juxtu iritsi dira helmugara.

Hori ikusita, Vismak Van Aerti aukera eman nahi izan dio. Esprinter gutxi zeuden multzo nagusian, eta askok ez zuen taldekiderik. Van Aerten urte iluna zertxobait argitzeko parada ona zen, eta Christophe Laportek utzi diote esprinta bideratzeko. Intermarche taldea sartu da buruan azken kilometroan; Biniam Girmayengan konfiantza osoa zuten —hiru etapa irabazi ditu aurtengo Tourrean; azkena, atzo—. Azken metroetan, eroriko bat ere egon da, eta aukerarik gabe geratu dira bi Arnaudak: Demare (Arkea) eta De Lie (Lotto).

Orduan iritsi da Laporteren txanda, baina frantziarra goizegi geratu da indar barik. Van Aertek segundo pare batez zalantza egin du, eta ezkerretik askoz ere azkarrago abiatu du esprinta Philipsenek. 300 metro falta ziren, gehiegi. Philipsen esprint laburragoak egitera ohitua dago. Van Aertek gurpila hartu dio, eta, azken unean, Alpecinekoa pasatuko zuela zirudien. Philipsenek, ordea, iraun egin du, eta atzera begiratu dunean, bazekien garaipena berea zela.

Bestalde, etapak berak sailkapen nagusian eraginik izan ez badu ere, aldaketak izan dira. Primoz Roglicek (Bora) eta Juan Ayusok (UAE) Tourra utzi dute. Roglic erori egin zen atzoko etaparen amaieran, eta gaur ez da abiatu. Ayuso, berriz, irten, irten da, baina 30. kilometroan lasterketa utzi du. UAEkoak koronabirusa du, eta, etaparen hasieratik, zailtasunak eduki ditu pelotoiaren erritmoari eusteko. Azkenean, 30. kilometroan, taldeko autora igo da.

Horrek aldaketak eragin ditu sailkapenean. Atzo erori eta bi minututik gora galdu ostean, Roglic seigarren postuan zegoen. Orain, esloveniarrak lasterketa utzita, Mikel Landak (Soudal) hartu du haren lekua. Ayuso ere lehen hamarretan zegoen.

Vingegaard, Pogacar eta Evenepoel, buru-buruan

Gune irekietan ibili da gaur Tourreko tropela. Agen eta Paue arteko 165 kilometroetan, haizeak albotik eta gogor jo ditu zenbait gunetan ziklistak. Horren ondorioz, tropela talde txiki ugaritan sakabanatu da. Lehen kilometroetatik hasi dira txirrindulariak haize-babesak egiten. Orduan osatu dute lehen ihesaldia. Talde handiak egin du alde pelotoitik, eta bertan sartu dira, besteak beste, Adam Yates (UAE), Mathieu van der Poel (Alpecin), Arnaud de Lie (Lotto), Marin van den Berg (Education First) eta Oier Lazkano (Movistar). 

Nagusikoek ere baliatu nahi izan dute haizea. 140 kilometroren faltan, Vismak aginte makila hartu du. Talde horretako sei txirrindularik —tartean, Jonas Vingegaard— ihes egin dute Tadej Pogacar (UAE) liderrarekin eta Remco Evenepoel (Soudal) bigarren sailkatuarekin batera. Halere, haizea baretu denean, berriz ere talde nagusiak irentsi ditu.

Haize babesak, etaparen hasieran. KIM LUDBROOK/EFE
Haize-babesak, etaparen hasieran. KIM LUDBROOK/EFE

Bitartean, ihesaldiak aurrean jarraitzen zuen. Alde egindako ziklistak eta tropela sokatiran aritu dira zenbait kilometrotan. Bien arteko aldea 30-40 segundokoa izan da gehienetan. Azkenean, buruan zen taldetik eraso egin dute Michał Kwiatkowskik (Ineos), Magnus Cort Nielsenek (UnoX), Romain Gregoirek (FDJ) eta Julien Bernardek (Lidl). Laukote horrek, bai, lortu du tropelarekiko aldea zertxobait gizentzea.

Halere, saiakera horrek ere ez du asko iraun. 60 kilometroren faltan, berriz ere haizea albotik sartu da. Visma eta UAE tropelaren buruan jarri dira, eta segituan harrapatu dituzte iheslariak. Vingegaard, Pogacar eta Evenepoel buru-buruan ibili dira haize-babesetan. Giroa baretu denean, aurreko tropelean geratu diren esprinterren taldeak lanean hasi dira, atzean geratutako gizon azkarrak berriz ere pelotoian sar ez zitezen. Zenbait ziklistak erasoa jo eta esprinta saihesteko ahaleginak egin badituzte ere, azkenean taldea osorik iritsi da helmugara.

Bihar guztiz bestelako ibilbidea izango dute. Pirinioetara iritsiko da Frantziako Tourra. Gaur helmuga izan den herritik irtengo dira, Pauetik. Handik, 150 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Lehen erdia guztiz laua da, baina azken zatian mendate hauek kateatuko dituzte: Tourmalet (19 kilometro eta %7,5eko pendiza), Horquette d'Ancizan (19 kilometro eta %7,5eko pendiza) eta Pla d'Adet (10,6 kilometro eta %8ko pendiza). Azken horren gainean izango dute helmuga lerroa.

Tourra, 14. etapa

Lipperten garaipena, ihesalditik

Italiako Giroa amaitzeko bi etapa geratzen dira, bi etapa menditsu. Beraz, gaur izan zitekeen azken aukera sailkapen nagusirako lehiatzen ari ez direnentzat. Bada, Liane Lippertek (Movistar) ederki aprobetxatu du aukera hori. Helmugarako 40 bat kilometroren faltan egin dute ihes Lippertek, Ane Santestebanek (Laboral Kutxa), Ruth Edwardsek (Human) eta Erica Magnaldik (UAE). Laukoteak bidea egin du, baina Santesteban atzera geratu da helmugarako lau kilometro falta zirela. Beste hiruren artean jokatu dute etapa, eta Lippert izan da azkarrena. Bigarren sailkatu da Edwards, eta hirugarren Magnaldi.

Gainera, talde nagusiak Santesteban harrapatu du, eta, azkenean, errenteriarra hamabosgarren postuan helmugaratu da. Sailkapen nagusian ez da aldaketa nabarmenik izan. Etapa gorabeheratsua zen, eta Lotte Kopecky  (SD Worx) bigarren sailkatua urrunetik mugitu da. Elisa Longo Borghinik (Lidl), ordea, ez du maglia arrosa soinetik kendu nahi, eta segituan atera da flandriarraren mugimenduetara. Azkenean, biak talde nagusian iritsi dira Chietiko helmuga lerrora. Hiru segundoren aldea dago bien artean. Hirugarren postuan dago Cecilie Uttrup Ludwig (FDJ), 38 segundora, eta laugarren Juliette Labous (DSM), 49ra. Asteburuan, Abruzzoetako bi etapa menditsuetan argituko da nork irabaziko duen aurtengo Giroa. Bihar, Blockhaus mendatean izango dute helmuga (16,5 kilometro eta %8ko pendiza), eta aurretik ere igoeraren zati handi bat egin beharko dute.

SAILKAPENAK

HAMAHIRUGARREN ETAPA

1. Jasper Philipsen (Alpecin) 3.23.09

2. Wout van Aert (Visma) d.b.

3. Pascal Ackermann (Israel) d.b.

4. Biniam Girmay (Intermarche) d.b.

5. Nikias Arndt (Bahrain) d.b.

6. Jasper Stuyven (Lidl) d.b.

7. Clement Russo (FDJ) d.b.

8. Bryan Coquard (Cofidis) d.b.

9. Tadej Pogacar (UAE) d.b.

10. Soren Waerenskjold (UnoX) d.b.

56. Mikel Landa (Soudal) d.b.

NAGUSIA

1. Tadej Pogacar (UAE) 52.40.58

2. Remco Evenepoel (Soudal) 1.06ra

3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.14ra

4. Joao Almeida (UAE) 4.20ra

5. Carlos Rodriguez (Ineos) 4.40ra

6. Mikel Landa (Soudal) 5.38ra

7. Adam Yates (UAE) 6.59ra

8. Giulio Ciccone (Lidl) 7.36ra

9. Derek Gee (Israel) 7.54ra

10. Matteo Jorgenson (Visma) 8.56ra

11. Felix Gall (Decathlon) 9.18ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.