Abenduak jaiegunak dakartza, eta jaiegunek mugimendua pilota munduan. Aurtengo Gabonetarako, hiru torneo nagusi antolatu dira, esku-huska, palaz eta zestaz jokatzeko. Esku-huskako Gabonetako torneoak larunbat honetan, hilaren 20an, izango du hasiera, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Final-laurdenak jokatuko dituzte bertan, eta aurrez aurre Koka eta Patxi Ruiz, eta Olaizola II.a eta Otxandorena arituko dira. Aimarrek bost hilabeteko lesiotik osatu eta jokatuko duen bigarren partida da. Aurreko larunbatean jokatu zuen lehena; oso eroso aritu zen, baina eskuin besoa askorik behartu gabe. Bigarren partida honetan argiago ikusi ahal izango da goizuetarra nola dagoen.Partida hau irabazten duen bikoteak Berasaluze VIII.a eta Pascualen kontra jokatu beharko du finalerdietako partidan. Hori astelehenean izango da, hilaren 22an, Tolosako Beotibarren.Finala, berriz, hilaren 27an jokatuko da, Iruñeko Labriten. Aurreko partida irabazten dutenen zain izango dira Unanue eta Peñagarikano. Txapelketa hau telebistaz jarraitu ahal izango da, Espainiako Telebistak emango baitu.Eskuz ez ezik, erremintaz ere izango da zer gozaturik Gabon hauetan. Izan ere, Bilboko Deportivon Urrezko Pala eta Urrezko Zesta sariketak izango dira jokoan bihar hasi eta errege eguna arte.Urrezko Palan bi talde osatu dituzte, hiruna bikoterekin, eta ligaxka bat jokatuko dute euren artean. Talde bakoitzeko bi bikote onenak finalerdietara sailkatuko dira. Lehenengo taldean Gaubeka eta Galan, Ziskar II.a eta Torre, eta Iriondo eta Rekalde bikoteak arituko dira elkarren kontra. Bigarren multzoan, berriz, Unda I.a eta Beldarrain, Fusto eta Garrido, eta Urkia eta Lujan.Bihar hasiko da sariketa hori; Ziskar II.a eta Torrek eta Gaubeka eta Galanek jokatuko dute lehen partida, Imanol eta Marinek arratsaldeko bostetatik aurrera buruz buru jokatutako lehiaren ondoren. Gainerako partidak larunbatean eta astelehenean izango dira; baita asteazkenean ere, Eguberri bezpera dela eta, jaialdi berezia antolatu baitute.
Urrezko Zesta ere bai
Urrezko Zesta ere palako sariketarekin batera jokatuko da, nahiz eta beranduago hasiko den. Estreinako partida larunbat honetan izango da, hilaren 20an; Alberdi II.a eta Alberdi III.aren eta Berraondo eta Felixen artean jokatuko da, hain zuzen, txapelketari hasiera emango dion lehenengo partida hori.
Horien taldeko hirugarren bikotea Landerrek eta Goitiak osatua da. Beste taldean, berriz, Alberdi I.a eta Iriondo, Konpa eta Kevin, eta Goixerri eta Lopez arituko dira lehian finalerdietarako txartel baten bila.Palako txapelketan bezala, zestakoan ere bi taldeetako lehen bi bikoteak sailkatuko dira finalerdietarako. Bi txapelketetako finalerdiak urtarrilaren 1ean eta 3an jokatuko dira, eta finala, berriz, hilaren 6an, errege egunez.Bestalde, Eguberri bezperan beste partida erakargarri bat izango da, palako buruz buruko Euskal Herriko Txapelketaren finala. Unda I.a eta Ziskar izango dira aurrez aurre.Bi pilotari horiek finalerdietako ligaxkako azken partida jokatu zuten, eta bertan Unda I.a nagusitu zen.
PILOTA
Hainbat sariketa Gabonetarako
Esku-huskako Gabonetako torneoa, eta Urrezko Pala eta Zesta martxan hasiko dira aste honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu