Haimar Zubeldiari gorazarre egingo dio Donostiako Klasikoak

Ibilbideak aldaketa txiki bat izan du: Alkiza igoko dute aurten. Izen handirik ez da faltako: Uran Dumoulin, Landa, Van Avermaet, Contador...

Bauke Mollema iazko Klasikoa irabazten. Zubeldiari utziko dio 1 zenbakia. J.U. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Haimar Zubeldia (Trek) izango da aurtengo Donostiako Klasikoko izen handia. Txirrindulari beteranoak bertan hartuko du erretiroa, uztailaren 29an, eta 1 zenbakidun dortsalarekin egingo du, Bauke Mollema iazko irabazle eta bere taldekideak utziko baitio. Era berean, behin bukatuta, Zubeldiarekin entrenatzen den txirrindulari multzoak omenaldia egingo dio Donostiako podiumean. Antolakuntzaren omenaldi ofiziala, berriz, heldu den urteko Euskal Herriko Itzulian jasoko du.

Julian Eraso Itzuliaren eta Klasikoaren antolatzaileak atzo eman zituen aurtengo ekitaldiaren xehetasunak. Ibilbidean aldaketa txiki bat egongo da: 231 kilometro izango ditu, iaz baino 11 gehiago, eta zortzi mendate: lehen mailako bi —Jaizkibel bi aldiz—, bigarren mailako lau —Arkale bi aldiz, Iturburu eta Murgil tontorra—, eta hirugarren mailako bi —Meaga eta Alkiza—. Azken mendate horretan dago ibilbidearen aldaketa, N-1 eta A-15 errepideetan egin beharreko kilometro kopurua murriztuko baitute. Iruratik Astigarragarako kilometroak herrietatik egingo dituzte. Tropela, beraz, Andoain —Kale Txikin behera— eta Urnieta erditik pasatuko da, eta heldu den urtean Hernani ere gurutzatuko du. Bide batez, jada jakin da 2018ko Itzulia abuztuaren 4an jokatuko dela.

Klasikoaren amaiera iazko bera izango da, Donostiako itzuliarekin. Txirrindulariak Mirakruzetik sartuko dira hirian, eta, Bulebarreko helmugatik pasatu ondoren, hamasei kilometroko itzulia emango dute. Igeldorantz joko dute lehenbizi, Murgil tontorrera igotzeko (2,5 kilometro eta %9), eta Ondarreta hondartza albotik itzuliko dira Bulebarrera.

Peter Sagan, ez

Parte hartzaile zerrenda zehazteke dago, baina behin-behineko zerrendan ez da izen onik falta. Besteak beste, Sky taldeak Mikel Landa eta Sergio Henao eramango ditu; Trekek Bauke Mollema eta Alberto Contador; Quick Stepek Dan Martin eta Julian Alaphillippe, Oricak Simon Yates; Cannondalek Rigoberto Uran; eta BMCk Greg Van Aevermaet. Hutsune nabarmenetakoa Peter Saganena izango da, Tourretik kanpo gelditu arren Bora taldeak ez duelako, oraingoz, Donostiarako zerrendan sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.