Ander Herrera. Athleticeko jokalaria

«Guztiok garrantzi berbera dugula, hori da Athleticen sekretua»

Ez daki taldea noraino irits daitekeen, baina «anbizioa» ezin dutela galdu dio erdilari zuri-gorriak. Lidergoa baino gehiago, berak «ilusioa» eta «konpromisoa» eskaintzen dituela iritzi dio.

haritz gallastegi
Bilbo
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Athletic gidatzeko fitxatu zuten Ander Herrera (Bilbo, 1989). Zuri-gorriek ahalegin handia egin zuten haren baiezkoa lortzeko, eta, gorabeherekin izan bada ere, futbolari garrantzitsua izaten ari da. Oso ondo aritu da sasoiaren bigarren zatian, eta horrek asko lagundu dio taldeari. Erasoko jokoa antolatzeaz gain, hasi da garatzen gordea zuen gol sena.

Vallecasen bizitako festa burutik kendu ezinda dabiltza, oraindik, zaleak. Gozatu ederra hartu zenuten.

Barruan generaman guztia askatu genuen laugarren postua bermatu genuenean. Lan handiko eta ilusioz beteriko sasoia izan da. Ereindakoaren saria izan da Txapeldunen Ligan aritzeko aukera. Batasuna izan da arrakastaren oinarria, eta oso pozik gaude.

Taldeak oso joko ona erakutsi du sasoi guztian, eta maila berean erantzun dute zaleek. Vallecaseko uholde zuri-gorriak ez zuen inor harritu.

Nik hiru urte daramatzat Athleticen, eta ez dakit ohitu egin naizen edo zer, baina jada ez nau ezerk harritzen. Sasoi onetan zein txarretan, sekula huts egiten ez duten zaleak ditugu bultzaka.

Denon artean lortu dugu leloa irakur zitekeen Rayori irabazi ondoren jantzi zenituzten elastikoetan.

Bai noski! Horrelako gauzak denon ekarpenari esker lortzen dira. Hamalau jokalarirekin soilik ezin da amaitu laugarren. Jokatu dutenak ondo aritu dira; gutxiago aritu direnek, berriz, asko lagundu dute egunerokoan. Inor ez da erlaxatu, eta sekulako profesionaltasuna erakutsi dute; eta, horrez gain, ezin ahaztu taldearen ingurua.

Laugarren postua ziurtatzeko lehen aukera baliatu duzue. Hala hobe, sufritu gabe.

Ez izan dudarik. Rayoren aurkakoa azkena balitz bezala prestatu genuen. Barneratuta geneukan ezin genuela aukera galdu. Asko geneukan jokoan, eta gogo hori islatu egin zen zelaian.

Zer nabarmenduko zenuke egungo Athleticen inguruan?

Denok garrantzi berbera dugula. Inor ez dago gainerakoen gainetik. Denok norabide berean egiten dugu arraun.

Valverdek adierazi du entrenatzaile denetik ezagutu duen talde «batuena» dela egungo Athletic.

Athleticen filosofiarekin, ezinbestekoa da batuta egotea gauza handiak lortzeko. Ez dago beste aukerarik. Gure kapitainek ez lukete beste era bateko Athletic onartuko. Hori da gure sekretua eta klub hau berezi egiten duena.

Ezinezkoa zirudien Bielsa, Amorebieta, Llorente eta Javi Martinezen arrastoa atzean lagatzea.

Guk ez ditugu ahaztu, gure lagunak direlako. Taldekide izan ditugu, eta zorte ona opa diegu. Baina kirol arloan ezin da ukatu taldeak oso ondo erantzun duela.

Hobetu dezakezue denboraldi honetan egin duzuena? Hazteko tarterik badauka taldeak?

Anbizioa ezin dugu galdu. Gosea galtzen dugun egunean, akats barkaezina egiten ariko gara. Baikor izanda, hobetzen ahalegindu behar dugu, eta ikusiko dugu noraino ailegatzen garen.

Zale guztiak hasi dira jada beste txapelketei begira, abuztuan egokitu daitekeen taldea zein izan daitekeen jakiteko. Zuek ere bai?

Nik, aukeran, gurago dut ezer ez begiratu. Egokituko zaigun aurkaria goi mailakoa izango da, ziur. Alferrikako sufrikarioa da egun guztia ustezko kontrarioen emaitzei begira egotea. Abuztuko kanporaketa ahalik eta ondoen prestatu behar dugu guk. Ezin gara erotu aurkariaren izenarekin.

Bederatzi hilabeteko lana pikutara joan daiteke abuztuan…

Denboraldi-aurrean ondo prestatu behar dugu lehia. Ligako hamasei taldek gurako lukete gure moduan egotea. Daukaguna baloratu eta aprobetxatu behar dugu.

Oporren eta abuztuko erronkaren aurretik ligako azken bi neurketak jokatu beharko dituzue. Hasteko, derbia; beti irabazi nahi izaten den lehia.

Derbia izateaz gain, Athleticek sasoi bakarrean lortutako puntu kopurua gainditzeko aukera daukagu. Guretzat baino gehiago, inguruarentzat da derbia. Guretzat beste norgehiagoka bat da.

Behin helburua lortuta, gehiago kostatzen al da partidak prestatzea?

Ez. Kontrakoa. Konfiantza, lasaitasun eta ziurtasun handiagoarekin jokatzeko aukera izaten da.

Zein edo zer nabarmenduko zenuke Realetik? Carlos Vela ari da orain zeresana ematen.

Ez litzateke zuzena jokalari bat nabarmentzea. Talde ona da Reala, eta azken sasoi biak oso onak egin ditu.

Gol kopuruari dagokionez, aurrerapausoa eman duzue jokalari batzuek. Eraginkortasunak asko balio du taldearen egituran.

Ate aurrean hobetu egin dut, baina gehiago egin dezakedala uste dut. Adurizek gol sen handia dauka, baina haren atzetik aritzen garenon ekarpena ere garrantzitsua izan da honaino ailegatu ahal izateko.

Taldeko lider gisa daukazu zeure burua?

Ez, ez. Nik baino askoz eskarmentu handiagoa duten jokalariak daude Athleticen. Konpromisoa eta ilusioa eskaintzen ditut nik, baina liderrak Gurpegi, Iraola eta enparauak dira. Haiek egindako bideari jarraitu behar diogu guk.

Zuri-gorria al da zure etorkizuna?

Nire etorkizuna Realaren aurkako partida da. Ez dut begiratzen urrutirago. Datorren denboraldian espero dut Txapeldunen Ligarekin gozatu ahal izatea.

Ez duzu gauza handirik argitu…

Bi urteko kontratua daukat Athleticekin, eta oso pozik nago klub honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.