Atletismoa. Munduko Txapelketa. Naroa Agirre. Pertika jauzilaria

«Guztia ondo egin beharko dut finalera igarotzeko»

Bosgarren aldiz lehiatuko da Munduko Atletismo Txapelketan, 36 urterekin. Badaki erretiroa gertu duela, eta itxura ona eman nahi du. Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea gustatuko litzaioke.

Jon Ander De la Hoz.
2015eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Bosgarren aldiz jokatuko du Naroa Agirrek (Donostia, 1979) Munduko Atletismo Txapelketa. Aurrez, Berlinen, Parisen, Helsinkin eta Osakan lehiatu zen, eta Pekingoari ekingo dio astelehenean. Sailkatze proba 03:30ean (Euskal Herriko ordua) hasiko du. Elitean hogei urtean diharduenaren esperientziaz baliatu nahi du lan txukuna egiteko; are gehiago, azken urteak dituela kontuan hartuta: «Ez dut uste asko geratzen zaidanik».

Astelehenean jokatuko duzu sailkatze proba. Prest zaude?

Egon beharko. Astelehenean irten ginen Donostiatik autoz, Madrilera. Han gaua igaro, eta hurrengo egunean hartu genuen hegaldia. Orain, azken orduko prestaketak egingo ditugu lehiatzeko eguna iritsi bitartean, baina lanik handiena aurrez egina dugu.

Munduko atletismo federazioak gonbidatuta jokatuko duzu txapelketa, ez baitzinen sailkatu. Pozik?

Egia da. 4,46 metroko saltoa eginda, ezin izan nuen gainditu gutxieneko marka [4,50 m], eta federazioak gonbidatu nau. Gutxiengo markak oso altuak ziren, eta jende askori gertatu zaio. Proba guztiekin gertatu da, eta bigarren aukeran sartu gara asko. Nire helburua zen gertu ibiltzea, banekielako zaila izango zela marka gainditzea. Lortu dut, eta pozik nago.

Mundu Txapelketari begira entrenatu zara?

Bai. Urteko txapelketa handienari begira prestatu ohi naiz beti. Batzuetan, Europako txapelketa izaten da, eta besteetan, mundukoa. Olinpiar Jokoak diren urteetan, sailkatua baldin banago, haien arabera prestatzen dut jarduna. Horrek ez du esan nahi gainontzeko txapelketei garrantzirik ematen ez diedanik; haiek ere irabaztera joaten naiz, baina ez diet halako lehentasunik ematen.

Zein helburu dituzu txapelketarako?

Oso zaila dago. Aurkari gehienek nire antzeko marketan dabiltza, eta, finalera igarotzeko, guztia ondo egin beharko dut. Gainera, oraindik ez dakigu zein altuera jarriko dituzten.

Beraz, finalerako sailkatzea sari bat litzateke?

Ez litzateke sari bat, nire kabuz lortutako zerbait. Ez da erraza izango: marka ona eginda ere, oso maila handia egongo da. Ielena Isinbaieva faltako da aurten, baina, hala ere, zenbait ibiliko dira 4,90 metroren inguruan. Yarisley Silva kubatarrak 4,91 metroko saltoa egin zuen duela bizpahiru aste. Ni ez nabil marka horietan.

Maila bikaina dago, beraz.

Lehen postuetarako, oso handia. Betikoez gain, Greziak, Alemaniak eta Brasilek kirolari oso onak dituzte. Selekzio horietako onenak 4,70 metrotik gora dabiltza.

Osakako Munduko Txapelketa izan da zure ibilbideko onena. Hangoa berriro lortu nahi?

Ez dakit. Osakan, 4,50 eginda ez nintzen sailkatu finalerako. Batetik, aurten hori eginda gustura nengoke, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetarako sailkatuko nintzatekeelako; baina, bestetik, tristea litzateke emaitza ona lortu eta finalerako ez sailkatzea.

Bosgarren aldiz lehiatuko zara Munduko Txapelketan.

Zuek esan didazuelako dakit bosgarrena dela. Datu esanguratsua da, nire ibilbidearen adierazgarria. Aurtengoan ere lan ona egin nahi dut, eta gustatuko litzaidake urteko emaitzarik onenak han lortzea.

Duela 20 urte baino gehiago egin zenuen debuta. Noiz arte jarraituko duzu?

Ez dut uste asko geratzen zaidanik. Datorren urtean, Olinpiar Jokoetara joatea gustatuko litzaidake, eta hori dut Munduko Txapelketa honen osteko helburu nagusia. Londresko jokoetan ezin izan nintzen egon, lesio bat zela tarteko; penarekin geratu nintzen. Pekingo txapelketa baliatu nahi dut gutxiengo marka lortu eta datorren urtean han izateko. Hori lortu nahi dut lehendabizi, eta gero ikusiko nuke noiz arte jarraitu.

Aurten, bederatzi txapelketa irabazi dituzu. Denboraldi ona, ezta?

Garaipen horiek baino gehiago, Pekinen egotea lortu izanak ematen du ontzat denboraldia. Espainiako txapelketa irabaztea nuen beste helburua, eta hura ere lortu nuen. Europakoan, 4,40 egin nuen, eta gustura itzuli nintzen. Hori bai, denboraldia ez da amaitu oraindik, eta balorazioak txapelketa honetatik itzultzen naizenean egingo ditut.

Beste euskal herritar bat ere sailkatu da Munduko Txapelketarako pertikan, Adrian Valles.

Izugarria da lortu duena. Azkenekoz, AEBetan ikusi nuen entrenatzen, eta ordutik ikaragarri hobetu da. Sailkatzea zaila bada, pentsa 20 urte bakarrik izanda. Haren mailan ez dago beste inor hemen. Emakumezkoetan bizpahiru gazte badatoz atzetik, baina denbora behar dute oraindik, eta ikusi beharko da noraino iristen diren: orain, 4,05 eta 4,10 metro bitartean dabiltza, eta txapelketa handietarako sailkatzeko 4,50 metro inguruan dago langa.

Atletismoa nola dago Euskal Herrian?

Beheraka doa etengabe. Penagarria da, baina hala da. Gipuzkoa da salbuespen bakarra: zertxobait gehiago mantentzen da. Beste probintzietako egoera oso txarra da. Batez ere, Bizkai eta Arabakoa. Zerbait egin beharra dago azkar, bestela egoera gero eta okerragoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.