Hain gutxi eginda ez dago gehiago lortzerik. Partida eskasa jokatu arren, sari handia eskuratu du Realak Midtjyllanden zelaian, Europa ligako final-hamaseirenetako joaneko partidan. Hotzak eraginda edo, irudi tristea eman dute txuri-urdinek, baina gauzarik garrantzitsuena lortu dute: irabaztea. Besteak beste, zero azpitik zortzi graduko sentsazio termikoarekin jokatu behar izan du Imanolen taldeak, eta ez du une bakar batean ere konfiantzarik azaldu. Ezinean aritu dira jokalariak, baina beste egun askotan falta izan duten eraginkortasuna erakutsi dute. Brais Mendezek penaltiz eta Kubok egin dituzte golak, eta emaitza hobea ere izan zitekeen, etxekoek 1-2koa egin ez balute. Hori bai, zelaian ikusitakoa aintzat hartuta, emaitza bikaina eskuratu du Realak, eta ederki bideratua dauka kanporaketa. Datorren ostegunean jokatu beharko du itzulerako lehia, Anoetan, 21:00etan.
Azken asteetako egutegiaren zama arintzeko asmoz, iraultza egin du hamaikakoan Imanol Alguacilek. Aurreikus zitekeen hiruzpalau aldaketa izatea, baina ez hainbeste. Arriskatu egin du entrenatzaileak, eta lehen minutuetan urduri aritu dira jokalariak. Gazteak, bereziki. Besteak beste, Baldak lehen minutuak izan ditu Europan, eta ez du ederki hasi partida. Bigarren minuturako falta arriskutsua egin du area ertzean, eta garesti ordaintzeko zorian izan dira txuri-urdinak. Falta erdiratu ondoren buruz zutoinera bidali baitu baloia Castillok, Midtjyllandeko erdilariak. Jokoaren sormenean arazo gehiago bistaratu arren, baloi geldian talde arriskutsua direla erakutsi dute danimarkarrek.
Minutuek aurrera egin ahala apur bat hobera egin du Realaren jokoak. Presioa egiteko jardunean gogotsu aritu dira erasoko lau jokalariak, eta gutxienez aurkariaren zelaian jokatu ahal izan du Imanolen taldeak. Baloia gehiago izan du oinetan, eta horietako jokaldi batean saria jaso du. Etxekoen defentsako jokalari batek oina zapaldu dio Brais Mendezi areako marraren gainean, eta epaileak penaltia adierazi du. Braisek berak ez du barkatu, eta 0-1ekoa egin du 11. minutuan. Dena den, minutu apur horietan egindako jokoari ez dio jarraipenik eman Realak, eta berriz ere sufritu egin du atzean. Batez ere eskuin hegaletik iritsi dira erasora danimarkarrak, eta 20. minutuan erabaki bortitza hartu du Imanolek: Javi Lopez zelairatu du Baldaren ordez.
Aldaketak ez dio konponbiderik jarri Realaren ezinari, eta bere horretan jarraitu du jokoak. Nagusi izan dira etxekoak, eta lehen ordu erdia betetzerako lau gol aukera nabarmen izan dituzte. Batzuetan ez dute asmatu erremate ona egiten, eta besteetan Marrerorekin egin dute topo. Goi mailako geldiketak egin ditu atezain azpeitiarrak. Zelaiko sentsazioak kontuan hartuta, emaitza bera izan du albisterik onena Realak, eta are gehiago Kubok 0-2koa egin duenean. Ezerezetik, maisu handiek sinatzeko moduko gola sartu du japoniarrak, ezker hegaletik barru aldera sartu eta baloia zutoin ondoan jarrita. Partida ez ezik, kanporaketa ere bideratuta uzteko moduko gola izan da, baina atsedenaldia baino lehen 1-2koa egin du Midtjyllandek, Buksari esker. Pacheco ez da fin ibili defentsako lanean.
Hiru aldaketa
Emaitza ona izan arren, Imanol ez da gustura erretiratu aldageletara, eta bigarren zatirako hiru aldaketa egin ditu. Zehazki, Aguerd, Zubimendi eta Sergio Gomez zelairatu ditu Pachecoren, Olasagastiren eta Barrenetxearen ordez. Interpretazio egokia egin du entrenatzaile oriotarrak. 1-2koa emaitza bikaina izaki, zelaian bestelako joko bat sortzea nahi izan du. Bi taldeak ez dira hainbeste iritsi areara, eta zelai erdian lehiakortasuna nagusitu da. Intentsitate handiz aritu dira bi taldeetako jokalariak, eta lan zikin horretan eroso sentitu dira txuri-urdinak.
Une kritikoak izan dituzte, batez ere 60. minututik aurrera, etxekoek itsu-itsuan jo baitute erasora. Ordea, aldaketei esker, bestelako konfiantza eta segurtasun bat erakutsi du taldeak. Odol beroa egoki kudeatu dute jokalariek, eta azkenean emaitza biribila eskuratu dute. Etxeko lanak bukatzea falta zaie final-zortzirenetan izateko.
Midtjylland-Reala
Reala. Marrero; Aramburu, Aritz, Pacheco (Aguerd, 46. min), Balda (Javi Lopez, 24. min); Olasagasti (Zubimendi, 46. min), Marin, Brais Mendez; Take Kubo, Barrenetxea (Sergio Gomez, 46. min) eta Oskarsson (Oiartzabal, 73. min).
Midtjylland. Lossl; Andersson, Diao, Bech, Paulinho (Bak, 77. min); Dani Silva (Bravo, 46. min), Castillo (Franculino, 65. min), Oliver Sorensen (Andreasen, 81. min); Simsir (Gogorza, 65. min), Osorio eta Buksa.
Golak. 0-1: Brais Mendezek, penaltiz (11. min); 0-2: Take Kubok (31. min); 1-2 Buksak (38. min).