Ander Iturraspe. Athleticeko jokalaria

«Gutxienez, aurreko sasoian egin genuena berdintzea da helburua»

Ander Iturraspek protagonismoa berreskuratu du Marcelo Bielsaren aginduetara. Motibatuta dago oso, barruan duen guztia emateko prest. Sasoi amaieran kontratua amaitzen zaio, beraz, bere kirol ibilbidea markatu dezakeen denboraldiaren aurrean dago.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Athleticen lehen pausoak txarrak izan dira. Bere onena emateko asko falta zaio Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeari. Hala ere, albiste onak ere eman ditu zuri-gorrien denboraldi hasierak. Besteak beste, Ander Iturraspek (Abadiño, Bizkaia, 1989) egin duen lan ona. Joaquin Caparrosekin falta izan zitzaion protagonismoa du Bielsarekin. Eta, oraingoz, ondo ari da. Ea lan on horri jarraipena emateko gai den.

Nahikoa denbora izan duzue Rayoren kontrako partida aztertzeko. Zein ondorio atera dituzue?

Atera ditugun ondorio guztiak txarrak izan dira. Hala ere, ez da ahaztu behar ligako lehen partida baino ez zela izan joan den astekoa. Gogor ari gara lanean partida hartan txarto egin genituen gauza guztiak zuzentzeko. Ziur naiz Espanyolen kontra hobeto egingo ditugula gauzak.

Zer egin zenuten txarto?

Gauza askoren batuketa izan zen. Ez ginen gustura aritu. Egun horretan egiten zuen beroak ere ez zigun mesederik egin.

Kanpotik begiratuta, astun ikusi zen Athletic. Baina marka litzateke lehen jardunaldian nekatuta egotea.

Erritmoa neurketak jokatzeak ematen du. Denboraldi-aurreak gogorrak izaten dira, eta hala behar dute izan. Rayoren kontra asko sufritu genuen azken hogei minutuetan. Sufrikario horren arrazoi nagusia nekea bada, ez dago kezkatzeko arrazoirik. Laster konponduko dugu hori.

Futbolean, bi partidatan proiektu oso bat jar daiteke ezbaian.

Bai. Zoritxarrez, horrela dira kontuak. Baina ni ez nago ados hasi berri den egitasmoa ezbaian jartzen ari direnekin. Bidea egiten hasi baino ez gara egin.

Aldagelan ez omen dago zalantzarik. Marcelo Bielsaren mezua ontzat ematen duzue.

Guk ez daukagu zalantzarik. Bielsarengan sinesten dugu. Kontu horrekin ez dago inolako arazorik.

Kalean dagoen galdera da ea zuek gai izango zareten entrenatzaile argentinarrak ezarri gura duen jokatzeko era garatzeko. Zuk zein iritzi daukazu?

Guk gai garela uste dugu. Azken denboraldiotan ez dugu joko ikusgarririk egin, baina emaitzak oso onak izan dira. Orduan gure jokatzeko era kritikatzen zen. Orain, beste proiektu bat jarri dugu abian, beste jokatzeko era bat. Denboraldi-aurrean erakutsi dugu ondo jokatzeko gai garela.

Denbora eta pazientzia apur bat behar duzue, beraz.

Zalantzarik gabe. Azken lau denboraldiotan beste entrenatzaile batekin egin dugu lan. Estiloz aldatu dugu orain. Hortaz, ezinbestekoa da denbora apur bat behar izatea. Gauzak aterako direla uste dugu.

Bielsaren apustuaren oinarrietako bat presioa da. Fisikoki indartsu egotea eskatzen du. Hala ez bada, gabezia guztiak geratzen dira agerian.

Oso jokamolde exijentea da. Baloia galtzean lehenbailehen berreskuratzeko agindua daukagu. Presioa goian egiteak aurkariaren atetik gertu berreskuratzeko aukera ematen du. Beraz, lan ona eginez gero, asko irabaz daiteke. Finean, joko sistema guztiek dute beren alde ona eta txarra.

Bielsak berezi fama dauka. Horrenbesterako al da?

Entrenatzaile bakoitzak bere berezitasunak ditu. Baita Marcelok ere. Berezia da, baina, era berean,langilea eta perfekzioa bilatzen duen teknikaria ere bada.

Perfekzioa lortzea ezinezkoa da. Hala ere, zein da zuen helburua? Aurreko sasoian Europa jarri zenuten jomugan hasieratik. Sasoi honetan?

Ligan Europako postuetatik gertu egon behar dugu. Malaga eta Atletico Madril ondo indartu dira. Hala ere, gutxienez aurreko sasoia errepikatzeko moduan egon behar dugu. Europan, berriz, ligaxka gainditzea espero dut. Eta Espainiako Kopari urteroko ilusioarekin ekingo diogu.

Emaitzak nolakoak izango diren ezin da jakin, baina aurreko sasoian baino gehiago gozatuko dute zaleek?

Joan den urteko seigarren postua handia izan zen. Zale askok uste dutena baino balio handiagoko lorpena izan zen. Nekeza oso. Hala ere, logikaren barruan egongo litzateke aurreko sasoian egindakoa berdintzea. Halaber, jokoa hobetzea da gure erronka nagusietako bat.

Igandean Espanyolen zelaian jokatuko duzue. Badauka bitxikeria bat neurketa horrek: Ligako lehen jardunaldian hamaikakorik gazteenak zelairatu zituzten taldeen arteko lehia izango dela, alegia.

Gaztetxoa nintzenetik makina bat aldiz jokatu dut Espanyolen kontra. Eta beti esan dut harrobia oso ondo zaintzen duen taldea dela. Beti izan ditu oso jokalari onak. Ni ez nau harritzen eman didazun datuak. Egon ziur neurketa polita izango dela.

Baina bistan da denboraldi honetan indarra galdu duela Espanyolek: Osvaldo, Callejon eta Luis Garcia saldu ditu. Gol sen gehien zuten futbolariak, hain zuzen ere.

Callejonek eta Osvaldok, gol asko sartzeaz gain, goi mailako jokalariak zirela erakutsi zuten aurreko sasoian. Luis Garcia, berriz, beteranoagoa da. Beharbada onenak emanda egongo da dagoeneko. Hala ere, Alvaro Vazquez aurrelari gaztea ona da. Nik oso gustuko dut. Marquez, Didac… talde ona dauka Espanyolek.

Zuk, berriz, gustura egoteko arrazoiak dituzu. Joaquin Caparrosekin izan ez zenuen protagonismoa eman dizu Bielsak.

Hala da. Nire egoera pertsonala asko aldatu da. Entrenatzailearen konfiantza daukat, eta pozik nago horregatik.

Urteak daramatzate Athleticeko jarraitzaileek Ander Iturrasperen azken urratsaren zain. Oraingoan bai?

Hiru urte daramatzat galdera horri erantzun guran. Aukera hau aprobetxatzea espero dut.

Arrazoi askogatik da garrantzitsua sasoia zuretzat. Besteak beste, denboraldi amaieran kontratua amaitzen zaizulako.

Gauzak ondo egiten baditut ez da arazorik egongo. Nire partez ez, behintzat. Eta kontrakoa gertatzen bada, ikusi egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.