Txirrindularitza. Emakumeen Bira

Gutxi falta izan zaio

Ane Santestebani bi segundo eskasengatik egin dio ihes Emakumeen Birako bigarren etapak. Amanda Spratt gailendu da Markina-Xemeinen, eta liderra da

Gutxi falta izan zaio.
ainara arratibel gascon
Markina-Xemein
2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ane Santesteban (Ale Cipollini) aho zabalik uzten ari da txirrindularitza zaleak. Medikuek esan zioten urtebete beharko zuela martxoan izandako istripu larritik osatzeko. Baina bi hilabete eskasera itzuli da lehiara, eta atzo gutxigatik ez zuen irabazi Emakumeen Birako bigarren etapa. Bi segundo eskasengatik ihes egin zion garaipenak Markina-Xemeingo helmugan (Bizkaia). Azken bihurgunean, hor lortu zituen Amanda Sprattek (Orica Scott) lehenbizi iristeko erabakigarriak izan ziren metroak.

Sailkapen nagusian, lehen bi postuetan dira Spratt eta Santesteban. Errenteriako txirrindulariak bost segundoko atzerapena du. Minutu erdiren aldea ateratzen die, berriz, bi faboritoei: Asleigh Moolman Pasiori (Cervelo) —29 segundora dago—, eta Annemiek Van Vleuteni (Orica) —30era dago—. Santestebanek berretsi zuen lasterketa irabazteko hautagaien artean dagoela.

Cervelorekin batera, agerian geratu zen atzo nortzuk diren lasterketako beste bi talderik indartsuenak: Orica Scott eta Ale Cipollini. Haien txirrindulariak eguneko ihesaldi guztietan egon ziren.

Mugimendu askoko etapa izan zen. Etengabeak izan ziren ihesaldiak, nahiz eta abantaila handirik ez lortu, eta tropelak berehala irensten zituen. Zorua erabat bustita egon arren, txirrindulariak arriskatzeko gogoz zeuden, eta lasterketa bizi joan zen.

Eguneko ihesaldi nagusia Soraya Paladinek (Alle Cipollini), Charlotte Bravardek (FDJ) eta Georgia Williamsek (Orica Scott) osatu zuten. Bravard izan zen metro batzuk hartzen aurrena, baina atzetik joan zitzaizkion Paladin eta Williams, eta San Migelgo gainera iritsi aurretik batu zitzaizkion, 50. kilometroan. Hirurek 55 segundoren aldea izan zuten gehienez, baina Saturrarango esprintera iritsi aurretik harrapatu zituzten, hamahiru kilometro falta zirela.

Ale Cipollinik, ordea, kontrolpean izan nahi zuen lasterketa, Marta Bastianellirentzat esprinta prestatzeko. Hala, tropela batu eta berehala Anisha Vekemans bidali zuen aurretik. Baina taldea luze zetorren, eta harrapatu egin zuen. Bost kilometroren faltan jo zuen erasoa Sprattek, eta atzetik irten zitzaion Santesteban. Bien arteko buruz burukoa izan ziren azken hiru kilometroak, eta Spratt gailendu zen. Tropela 22 segundora iritsi zen, eta hor Bastianellik lasterketako esprinter onena zela berretsi zuen, hirugarren sailkatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.