«Gustura itzuliko nintzateke Realera»

Lasartek atzo izan balitz bezala oroitzen du Realean egin zuen denbora. Aitortu du inoizko bizipen onenak Donostian bizi izan zituela eta min eman ziola atzeko atetik joan beharrak.

jon eskudero
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Griezmanni debutatzeko aukera emateaz gain, beste lorpen batzuk ere egin zituen Donostian Martin Lasartek. Nagusia: Reala Lehen Mailara itzultzea, 2010ean. Bada, sei denboraldi joanda, atzo balira bezala ditu gogoan garai haiek. «Nire profesional ibilbideko garairik onenak izan ziren. Realera heldu nintzenean lur jota ikusi nituen jokalariak, lur azpian zuten animoa, eta denon artean burua altxatu genuen». Horretarako, freskotasuna eman zien. «Tentsioa handia zen, igo beharra genuelako. Geure buruan sinistu genuen, eta zaleen laguntzarekin Lehen Mailara itzuli ginen. Baikortasuna eta pasioa zabaldu nituen jokalarien artean. Oroitzapen bikainak ditut».

Ordea, ez hain oroitzapen bikainik ere eraman zuen etxera. Atzeko atetik atera beharrak min egin zion. «Min handia, gainera. Helburuak bete genituen, arazorik gabe, eta zaleekiko maitasuna lortu genuen. Hori da, niretzat, garrantzitsuena. Nonbait, nire jokoa askok ez zuten gustuko, eta horregatik kaleratu ninduten. Nik uler dezaket hori, baina ziurtatzen dut nire esku zegoen guztia egin nuela Realaren alde. Gauza txarrak ahaztu, eta alde onak soilik ditut buruan».

Lasarteren aroa amaituta, Philippe Montanier fitxatu zuen Realak, eta, denbora igarota, onerako izan zela uste du Lasartek. «Montanierrek gauza on asko eman zion taldeari, nahiz eta lehen urtean kostatu. Futbolean, berritzea da kontua, eta ongi atera zitzaien erabakia. Asko poztu nintzen. Nik ez nuen ongi pasatu, eta lanik gabe egotea erabaki nuen denbora batez. Datu basea osatzen aritu nintzen, eta familiarengan topatu nuen babesa».

«Zorionez», garai haiek atzean utzi zituen entrenatzaileak, eta, egun, bestelako futbol mota bat bizitzen ari da. Entrenatzailea da Txileko Unibertsitatean. «Zoriontsu naiz. Txilen maila ona dago; pentsa, bertako selekzioa ere bikain ari da. Lehenbizi, beste talde batean egon nintzen urte eta erdiz, Txileko Unibertsitate Katolikoan, eta, orain, Txileko Unibertsitatean nago». Liga bat eta Superkopa bat irabazi ditu. «Familia ere zoriontsu da hemen; egoera hau ez nuke aldatuko. Oso txapelketa ederra jokatzen da, estadio berriak daude, eta jende asko hurbiltzen da partidak ikustera».

Estadio berria aipatuta, Lasartek badaki Anoeta berritzekotan direla, eta egunen batean hara joatea gustatuko litzaioke. «Realetik kaleratu nindutenetik ez naiz itzuli, eta itzuli beharra daukat. Besteak beste, pisu bat jaso dudalako herentzian eta banaketa egin beharra daukagulako. Behin hara joanda, Reala ikusi nahi nuke, ahal bada estadio berrian». Nondik ikusi, harmailetatik ala aulkitik? «Ez dizut gezurrik esango. Gustura itzuliko nintzateke Realera. Nola ez. Uste dut jende askok maite nauela, eta nik ere maite ditut eurak».

Bada, horretarako aukera egunen batean sor litekeela uste du. Zergatik ez. «Futbola denboraren aurka doa, eta denetik gertatzen da. Ez nuen berehalakoan usteko Asier Illarramendi itzuliko zenik. Harrigarria da, baina baita pozgarria ere». Bihotzean du Reala, eta, horregatik, kritikoa ere bada. «Partida guztiak ikusten ditut, eta ez nau gehiegi konbentzitzen. Inoizko talde garestiena edukitzeak gutxieneko zerbait bermatu beharra dauka. Ea igandean irabazten duen!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.