«Gustura egingo nuke berriz»

Bidasoak Asobal kopako finalerdia jokatuko du gaur Valladoliden, etxeko taldearen aurka. Sergio de la Saludek azken segundoan eman zien garaipena irundarrei han jokatutako azken lehian. «Urruti» iritsi nahi du lehiaketan, eta «urtea biribildu».

Sergio de la Salud, jaurtitzear, Txapeldunen Ligan, Finlandian Cocksen aurka jokatutako partidan. MAURI RATILAINEN / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Merezita sailkatu gara. Oso lehen itzuli ona egin dugu». Sergio de la Saludek (Bartzelona, 1984) argi du Bidasoak merituak egin dituela Valladoliden (Espainia) Asobal kopa jokatzeko. «Sari polita da, eta, orain, lortu dugunaz gozatu nahi dugu. Baina ez gara horrekin bakarrik konformatzen. Bete-betean lehiatu nahi dugu, eta ahal den urrutien iritsi. Iaz, finala jokatu genuen [37-23 galdu zuten Bartzelonaren aurka]. Ea aurten ere antzeko zerbait lortzen dugun».

Irundarrek badute bidearen berri. Gaur, etxeko taldearen aurka ariko dira finalerdietan (21:00), eta, irabaziko balute, bihar 17:00etan jokatuko lukete finala, Bartzelonaren edo Ademarren aurka. Bi talde horiek gaur jokatuko dute lehen finalerdia, 19:00etan.

Bidasoako erdiko katalanarentzat «saihetsezina» da Valladoliden egon eta han jokatutako azken neurketaz ez gogoratzea. Joan den urriaren 30ean izan zen, Asobal ligako zortzigarren jardunaldian. Bidasoak 25-26 irabazi zuen, eta berak sartu zuen gol erabakigarria, azkeneko segundoan. «Sinatuko nuke berriro halako zerbait pasatzeko, baina baita nik azkeneko segundoan golik ez sartu eta taldeak irabazteko ere. Garaipena lortuz gero, bost axola dit nola lortzen dugun».

Aurkari bera izango dute gaur, zozketan zortekoa izan baita Irungo (Gipuzkoa) taldea, eta, iaz gertatu bezala, Bartzelona ahalguztiduna saihestu baitu finalerdietan. Baina Bidasoako jokalariak berehala eman du abisua. «Argi dago Valladolid Bartzelona baino askoz aurkari samurragoa dela, baina Valladolid beti da arerio zaila. Eta etxean, eta halako txapelketa labur batean, are eta gehiago».

Espainiako taldea «oso kontuan hartzeko aurkaria» dela nabarmentzeko, De la Saludek azpimarratu du aurten irabazi egin dutela han, baina aurretik 22 urte zeramatzala Bidasoak bertan garaipena lortu ezinik. Eta, zailtasun horretan, argi du «zerikusi handia» duela Valladolidek duen «jokatzeko erak». «Oso ezaguna da Valladolideko eskola. Gauza batzuk oso ondo egiten dituzte: batetik, min handia egiten dute pibotearekin jokatuta, eta, bestetik, trebeak dira kontraerasoan». Horregatik, «funtsezkotzat» jo du orain arteko norgehiagoka gehienetan egin bezala, «defentsan sendo aritzea, eta erasoan, eraginkor». Partida «parekatua» espero du, baina «itxaropentsu» da. «Gure jokoa egiten badugu, irabazteko aukera izango dugu».

Asobal koparako sailkatuta, Bidasoak bete egin ditu denboraldi honetan bere buruari ezarri zizkion helburu guztiak. « De la Saludek balio handia» eman dio horri, are gehiago kontuan hartuta bi lehiaketatan aritu direla aldi berean, Asobal ligan eta Txapeldunen Ligan. «25 partida jokatu ditugu, eta lan handiak dira horiek. Halere, helburuak bete ditugu. Ligan, nahiz eta iaz baino postu bat beherago egon, bost puntu gehiago lortu ditugu: 24. Lorpen handia da 30 puntutik 24 eskuratzea. Txapeldunen Ligan, berriz, kanporaketarako sailkatu gara, multzoko lehenak izanda. Inork ez zuen espero halakorik. Baina, behin lortuta, gozatu egin behar dugu. Aukera ederra dugu».

«Urte historikoa izan da»

Bidasoaren une gozoa, baina, ez da denboraldi honetakoa bakarrik. Urtebete darama mugarriz mugarri. «Azken urtea historikoa izan da. Duela urtebete, Asobal koparako sailkatu ginen, 22 urte geroago; eta, gero, bigarren sailkatu ginen Asobal ligan, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu, 24 urte geroago. Denboraldi honetan ere bikain ari gara. Oso harro egon gaitezke egiten ari garen lanaz».

De la Saludek aitortu du «zortekoa» dela, iaz iritsi baitzen Irunera, eta ordutik «gozatu» besterik ez baitu egin. Haren iritziz, «Bidasoak bizi duen loraldia pertsona askok egindako lan onaren emaitza da. Garai gozoa bizi du klubak, eta hori ahal den etekinik handiena atera behar zaio arlo guztietan, gorako bidea eten ez dadin».

«Taldea dago guztiaren gainetik». Esaldi hori du etengabe ahoan. Horrek axola dio: taldeak. Eta talde horretan «oso gustura» dago. «Sekulako giroa dugu; denok oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Oso harreman ona dugu teknikariekin, zuzendaritzarekin eta zaleekin ere».

«Esker ona» adierazi dio klubari, «ezinegon garai batean» zegoela fitxatu baitzuen. «Bidasoara iritsi aurretik, denbora luzez egon nintzen min hartuta, eta ez nekien nola molda nintekeen. Kosta zitzaidan erritmoa hartzea, baina, behin lortuta, uste dut gora egin dudala. Oso pozik nago, ondo ari naizelako, baina, batez ere, taldea irabazten ari delako. Badakit inoiz ez naizela nabarmenduko golak sartzeagatik, beste gauza batzuengatik baizik. Eta oso pozik nago beste lan horiek taldeari mesede egiten diotela ikusita».

34 urte ditu, eta Espainiako eta Frantziako ligetan urte askoan pilatutako eskarmentua. Zalantzarik ez du: kirolari dagokionez, «garai gozoenean» dago. «Inoiz baino gehiago ari naiz gozatzen. Inoiz ez nuen jokatu horren asmo handiko helburuak dituen talde batean. Gainera, arrakasta izaten ari gara, eta horretan laguntzen ari naiz». Horregatik, gustatuko litzaioke taldean segitzea. «Kluba eta biok hasi gara hizketan. Espero dut laster berriak izatea. Nik hemen segitu nahi dut. Ni eta familia oso gustura bizi gara Irunen. Ilusioari eusten diot, baita sasoiari ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.