Futbol klubak etengabe ari dira euren taldeak hobetzeko ahaleginean. Bulegoetako beharra ez da sekula amaitzen. Lehenengo pausoa taldearen gabeziak zehaztea da. Bigarrena, entrenatzaileek esandakoa aintzat hartu eta horri konponbidea topatzen saiatzea. Horretarako, harrobiko harribitxien gaitasunari erreparatzen zaio lehenik eta behin, eta etxean dagoena nahikoa ez baldin bada, etxetik kanpo bilatu beharra dago. Athleticen kasuan non aukeratu gutxi dago. Beraz, filosofiaren barruan sar daitezkeen gaineko futbolari guztien azterketak gertukoak eta zehatzak dira.
Klub zuri-gorriko agintariek atzeko lerroa indartu beharra zegoela erabaki zuten joan den sasoiaren amaieran. Athleticek gol larregi jaso zituen, eta, gainera, bi urtean txapelketako erdiko atzelari bikoterik onena galdu zuen, Javi Martinezek eta Fernando Amorebietak osatutakoa. Aurrenekoak 2012ko udan utzi zuen taldea, Bayern Munichera joateko.Bigarrenari, ordea, klubak erretiratu egin zion kontratua luzatzeko eskaintza. Pazientziaren muga guztiak gaindiarazi zizkion Amorebietak Josu Urrutia Athleticeko presidenteari. Azkenean, soka hautsi zen, eta jokalaria Ingalaterrara joan zen, Fulhamera.
Javi Martinez eta Amorebieta galduta, hankamotz geratu zenAthleticen defentsa. Beheko mailetatik gorako bidea azkar eginda zetorren Aymeric Laporte. Gaztetasuna eta talentua uztartzen ditu frantziarrak, baina oraindik apenas duen esperientziarik. Harekin batera, Unai Albizuak bigarren taldean Jose Angel Zigandaren aginduetara egindako lanak ere aukera bat merezi zuela ebatzi zuten teknikariek. Baina ez zen nahikoa. Eskarmentua eta berehala ederto jardungo zuen futbolari bat nahi zuten. Baratzean aurki zitezkeen aukeren artean Xabi Etxeitaren (Zornotza, Bizkaia, 1987) alde egin zuen Athleticek: etxeko futbolari bat, etxetik kanpo zailtzen ari zena. Lau urtez kanpoan egon eta gero —urtebetez Cartagenan eta hiru urtez Elxen, guztiak Bigarren Mailan—, bihotzean daraman taldean erakusteko aukera eman zioten.
Klubaren apustua izan zen. Marcelo Bielsaren ordezkoa lotu aurretik hartutako erabakia izan zen, taldea indartzeko pausoa eta, beraz, entrenatzaile berriari ahalik eta talde lehiakorrena eskaintzeko ahalegina. Baina gisa horretako erabakiek badute beren arriskua ere: fitxatutako jokalaria teknikariaren gustukoa ez izatea, alegia. Bada, gutxi-asko hori gertatzen ari da Etxeitarekin. Ernesto Valverdek gurago ditu beste futbolari batzuk. Denboraldi-aurrean erdiko atzelari zein eskuin hegaleko atzelari moduan probatu zuen, baina Etxeitak ez zuen aukera baliatu. Geroztik, egunerokoan talde barruko lehiakortasuna areagotzeko erabili du Valverdek. Beste ezertarako ez. Ez baitu ez ligan eta ez Kopan minutu bakar batez ere jokatu. Udako fitxaketa izanda oraindik debuta egin gabe dagoen futbolari bakarra izango da, edo apurrenetakoa. Haren egoerak beste eztabaida bat ere jartzen du mahai gainean: klubak bere kabuz egin behar ditu fitxaketak, edo beti hartu behar du aintzat une horretan lehen taldearen ardura duen edo epe laburrean izango duen entrenatzailearen iritzia? Gai horren inguruan era guztietako usteak daude, eta guztiak izan daitezke baliagarriak. Etxeitaren kasuan, teknikariaren iritziak duen garrantziaren berri ematen du. Baina bestelako adibideak ere badaude. Izan ere, entrenatzailearen iritzia aintzat hartu izan balitz, Athleticek ez zuen fitxatuko Javi Martinez —«ez dut ezagutzen», esan zuen haren inguruan Javier Clementek Athleticek hura fitxatu zuenean; hitz horiengatik kendu zuen kargutik gero zuzendaritzak Clemente, sasoia hasi aurretik —.
Neguko merkatuan, geldi
Etxeitak badaki zer den lekurik ez duen talde bat utzi, maletak egin, eta astero jokatzeko aukera emango dion talde batera joatea. Urtarrilean izan zuen utzita joateko aukera: Mallorcak, Murtziak eta Sportingek interesa agertu zuten, baina berehala ikusi zuten ate guztiak itxita zeudela. Valverdek ez zuen inor galdu gura. Badaezpada. Eta jokalariak ere ez du gura izan Lezama uztea. Itzulerako bidaia luzea egin du; asko kostatu zaio talde zuri-gorrian bigarren aukera izatea, eta ez du pasatzen laga gura. Etxeitak Athleticen lekua duela erakutsi gura du. Defentsa serioa, langilea eta estrategia jokaldietan arriskua sortzeko gai dela erakutsi gura du. Bere buruan konfiantza dauka, eta, oraingoz, ez du amore eman. «Ez naiz ezertaz damu, eta nahi dudan tokian nago. Futbolak buelta asko ematen ditu. Ez da egoera samurra, baina nire ametsa beti izan da Athleticen jokatzea. Aukera baldin badut, maila emango dut», esan zuen atzo Etxeitak.
Ekinez egiten direlako gauzak, badirudi ailegatuko zaiola horrenbeste denbora itxaron duen momentua. Defentsaren erdialdea osatzeko arazoak izango ditu Valverdek astelehenean Levanteren aurka: Carlos Gurpegi eta Borja Ekiza min hartuta daude, eta Laportek partida bateko zigorra bete behar du. Ondorioz, litekeena da Etxeitak jokatzea Mikel San Joserekin —Albizua da beste aukera—. «Etxeitak eta Albizuak taldeari laguntzea espero dut. Konfiantza daukagu haiengan», esan du Valverdek. Hutsetik hasteko aukera du Etxeitak.
Gustu kontua
Xabi Etxeita defentsa indartzeko fitxatu zuen Athleticek, baina Ernesto Valverdek ez du gustukoa Zornotzakoa, eta ez du inoiz zelairatu. Baliteke astelehenean ateratzea, beharrak behartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu