Guruzetak azken minutuan sartutako gol bati esker, Athleticek puntu bat lortu du Valladoliden

Athleticek partida kontrolatu badu ere, kosta egin zaio gol aukera garbiak sortzea. Espainiarrak 79. minutuan aurreratu dira, eta zuri-gorriek 93.ean berdin dute.

Jauregizar, baloiarekin. R. GARCIA / EFE
Jauregizar, baloiarekin. R. GARCIA / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko azaroaren 10a
21:15
Entzun

Valladolid: Hein; Luis Perez, Juma Bah, Javi Sanchez, David Torres; Raul Moro (Comert, 88. min), Juric (Meseguer, 88. min), Anuar (Ivan Sanchez, 61. min), Lucas Rosa; Kike Perez (Mario Martin, 75. min) eta Sylla (Marcos Andre, 61. min).

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Paredes, Adama; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 46. min.), Prados (Vesga, 46. min.); Nico Serrano (Marton, 80. min.), Unai Gomez (Djalo, 46. min.), Williams Jr; eta Berenguer (Guruzeta, 63. min).

Golak: 1-0, Raul Morok (79. min). 1-1, Guruzetak (93. min).

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak Valladolideko Anuar (19. min), David Torres (72. min), Mario Martin (78. min) eta Comerti (89. min) eta Athleticeko Jauregizar (26. min), Prados (39. min), Vesga (65. min) eta Martoni (89. min).

Ozta-ozta, baina Athletic beste puntu batekin itzuli da Valladolidetik (Espainia). Zuri-gorriek bana amaitu dute Valladoliden aurka jokatu duten partida, eta, sailkapenaren zuloan dagoen aurkari bat izanagatik, gustura egoteko moduan dira. Izan ere, partidaren azken minutuetan lortu du berdinketa Bizkaiko taldeak, eta, partida ikusita, ez da sari txikia.

Ezin da esan Ernesto Valverderen jokalariek partida ona jokatu dutenik. Azken-aurreko taldea da Valladolid sailkapenean, eta Athleticek partidaren kontrola izan badu ere, zenbaitetan espainiarrak gehiago izan dira zelaian, eta gol aukera gehiago izan dituzte. Gol bakarra egin du, ordea, 79. minutuan.

Athleticek, berriz, ez du gol aukera garbirik sortu. Iñaki Williams eta Oihan Sancet Bilbon geratu dira, eta Valladolidek jokalari asko pilatu ditu bere atearen aurrean, kontraerasora jokatzeko helburu argiarekin. Zorionez, atzelari zuri-gorriak sendo aritu dira atzean, eta Julen Agirrezabala erabakigarria izan da zenbaitetan: lehen zatian egundoko geldiketa egin du, Lucas Rosak boleaz egin duen jaurtiketa geratzeko.

Atsedenaldiaren atarian, epaileak txartel gorria atera dio Pradosi, baina VAReko epaileak ohartarazi egin du, eta, jokaldia berriro ikusi ondoren, baliogabetu egin du, eta txartel horia erakutsi dio.

Bigarren zatian Ruiz de Galarreta, Vesga eta Djalo atera dira lehenik, eta Guruzeta zelairatu du Valverdek ondoren, Berenguerrek min hartu ostean. Aldaketa horren ostean iritsi da Valladoliden gola: Ivan Sanchezek Vesgaren hutsegite bat baliatu du baloia jaso eta erdiratzeko, eta Raul Morok sartu du Agirrezabalaren sarean.

Athleticek, ordea, ez du amore eman. Epaileak bost minutu luzatu du partida, eta, 94.ean, falta jaurtiketa batetik egindako erdiraketa errematatu du Guruzetak berak, modu ikusgarrian. Valladolideko atezainak baloia ukitu du, baina ez desbideratzeko bezainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.