Txirrindularitzarekiko dagoen gertutasunak eta tratuak». Pasio horrek harritu du gehien Irene San Sebastian (Tolosa, Gipuzkoa, 1990). Arkitekturari bi gurpil jarrita, eta bizikletarekin artelana egite aldera, maleta egin eta Gantera joan zen ikasturte hasieran, Erasmus programari esker. «Bost urte igaro ditut, buru-belarri, Arkitekturako ikasketekin, eta aldaketa bat behar nuen; ez dut eduki aukerarik beste gauza batzuk egiteko». Proiektua idaztera joan da ofizialki Flandria aldera. «Baina benetan harrigarria da hemengoa. Oso-oso polita da aurkitu dudana. Izugarrizko esperientzia ari da izaten».
Debabarrenean bi urte igarota, iaz iritsi zen Bizkaia-Durangora. «Eta eurekin daukat kontratua aurten ere». UCI lizentzia jarri dio taldeak. «Eta lizentzia horrekin ez daukat arazorik hemengo lasterketetan parte hartzeko». Baina pasioz bizi du San Sebastianek egunerokoa. «Bizitza motza da, eta irribarrea da galdu behar den azken gauza. Asko erakutsi dit bertakoekin harremana izateak».
Arkitektura eraikitze lana dela ulertuta, «lagun batzuen bidez» Flandriako txirrindularitza eskola batekin harremanetan jarri zen tolosarra. «Bestela, azkenean, oso mugatuta geratuko nintzelako». Isorex taldeak ireki dizkio mugak, Gavere herriko txirrindularitza eskolak. «Oso harrera ona egin didate; asko laguntzen didate. Oso giro ona daukate taldean, eta primerakoa ari da izaten esperientzia». Maila guztietako txirrindulariak dauzkate Isorex taldean, 26 emakumezko tartean. «Zaharrena, ni», argitu du, barrez. Ganteko egonaldia baliatuta, harbide artean, udaberriko klasikoak lehiatzeko erronka jarri zion San Sebastianek bere buruari. «Eta ni ere harrituta geratu naiz eman dudan mailarekin».
Harrigarritik dezente daukalako gipuzkoarra egiten ari denak. 11. postuan amaitu zuen Omloop Het Nieuwsblad klasikoa, Amy Pieters (Giant) garailearekiko sei segundo eskasera. Astebete geroago, berriz, lurretik bueltan ibili ondoren, 29. amaitu zuen Omloop van het Hageland klasikoa. «Lehenengo aldia nuen Belgika aldeko lasterketetan, lehenengo aldia harbideetan... Bertakoek baietz esaten zidaten, emaitza onen bat lor nezakeela. Baina nik ez nuen sinesten».
Lasterketa jakin bateko emaitza on bat baino askoz aberasgarriagoa ari da izaten, ordea, San Sebastianen esperientzia. «Igande goizetan, eguraldi ona dagoenean, entrenatzera atera eta tropelak ez dira izaten hamar pertsonakoak. 100-150 elkartzen dira askotan». Eta gazteek, profesionalek, helduek... denek elkarrekin entrenatzeko duten ohiturak erakarri zuen bereziki. «Ondokoa zein den jakin gabe ibiltzen dira, ia-ia, hemen, denak elkarrekin. Harrituta geratu nintzen lehen aldiz ikusi nuenean».
Lehen aldia du San Sebastianek etxetik kanpo. «Eta gauza guztiak neuzkan ikasteko; etxean bakarrik moldatzen, ikasketak atzerrian egiten...». Hizkuntzarekin ere gogotik ari da saiatzen. «Euskara, gaztelania eta ingelesa ondo hitz egiten ditut, eta nederlandera ikasten ari naiz. Nederlanderaren dialektoa da flamenkoa, eta nederlandera ikasita, hainbestean moldatzeko aukera izaten da».
Etxekoen bisita inauterietan
San Sebastian barru-barrutik ari da bizitzen Ganteko egonaldia, eta horretaz jabetzeko nahikoa da ohiko egun bati begiratu bat ematea. «Goizetan joaten naiz, normalean, entrenatzera, Gante hegoaldean dagoen grupetto handi batekin. Arratsaldean, berriz, lanak egin, ikasi, unibertsitateko kontuak... Eta gauetan nederlanderako eskolak». Etxekoen azterketa ere igaro zuen orain gutxi, Tolosako inauteriak baliatuta. «Omloop Het Nieuwsblad klasikoa ikustera etorri zen ama, eta asko gustatu zitzaion inguru hau».
Begiratu ere ez dio egiten etorkizunari. Urtebeterako kontratua dauka Bizkaia-Durangorekin, eta urtebetekoa da Erasmus beka. «Emakumeen Bira lehiatzera joango naiz, ziurrenik, Euskal Herrira, baina ikusiko dugu...». Bizitzen ari den esperientziari ez diolako itxi nahi aterik. «Esperientzia honek erakutsi dit egunez egun bizi beharra dagoela, ezin dela egin etorkizuneko planik. Ez dut baztertzen ezer». Oostduinkerke Flandriako lasterketa apal batean lehiatuko da asteburuan, eta bizitzaren lezioak barneratzen jarraituko du gero.
Gurpil gaineko arkitektoa
Arkitekturako ikasketak amaitzeko erronkarekin, Ganten bizi da egun Irene San Sebastian, Bizkaia-Durangoko txirrindularia. Isorex Flandriako taldearekin ari da lehiatzen bertako klasikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu