German Albistegi. Eibarreko presidente izateko hautagaia Hiria Primeran taldearekin

«Guretzat, sentimendua da futbola, eta ez negozioa»

Eibarreko jokalari ohia da Albistegi, eta administrazio kontseiluko kide 2010etik; ez du «ezerk gehiago motibatzen» presidente izateak baino. Oso garbi dauka berea dela egungo kontseiluaren segidako hautagaitza, «guk lehen egindako proposamenak gauzatzen ari direlako, eta beraiek nahi ez zituztenak».

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Arrasate
2017ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Presidente berria izango du Eibarrek datorren ekainaren 1eko gauean edo 2aren lehen orduetan. Hautagai da German Albistegi (Eibar, Gipuzkoa, 1960), eta Hiria Primeran taldeko buru. Kimika eta Enpresa zientzietakolizentziaduna da, eta unibertsitateko irakasle Mondragon Unibertsitatean. Hantxe hartu du BERRIA. «Lasai nago, ez naiz urduri jartzen den pertsona bat».

Hiria Primeran da zuen lema. Zer esan nahi du?

Eibar Lehen Mailan dago, eta nahi dugu horren etekina herriak ere jasotzea. Laguntza emango diegu herriko hainbat arlori: euskarari, enpresei, merkatariei, baita beste kirolei ere. Kirol Hiria ere Eibarren egin nahi dugu.

Beste hautagaietako batek, Amaia Gorostiza egungo presidenteak esan du arduragabekeria dela Kirol Hiria Eibarren egitea?

Guretzat, ardatz estrategikoa da proiektuan, eta egin daiteke Eibarren. Bi leku dauzkagu: Kaskarren da bat, eta hitz egin dugu lurraren jabeekin eta eraikuntza enpresa batzuekin, eta erabat bideragarria da hor egitea. Hiru zelai izango lituzke, eta kostua izango du klubarentzat, jakina, baina inbertsioa da beste ezeren gainetik, betirako eginda geratuko delako. Beste lekua da Bolibua, erdigunetik bost minutura. Etxeak egiteko asmoa zegoen, baina orain aukera hori ez dago, eta alkateak ez dit ezezkorik eman gure proiektuaren inguruan.

Zenbateko garrantzia dauka Kirol Hiria Eibarren egoteak?

Oso handia. Herritik kanpo egiten bada, egunero gure harrobiko 200 bat jokalari kanpora eraman behar dira, edo beren kasa joan behar dute. Eibartik joan izan dira enpresak eta herritarrak azken urte luzeetan, eta bakarrik falta zaigu futbol taldearen Kirol Hiria ere kanpora ateratzea. Hiria Primeran garenez, etekina atera behar diogu, eta igandero herritarrak partidak ikustera joateko erraztasunak eman behar zaizkie. Zertarako behar dugu Kirol Hiria jendea joaten ez bada gure taldeen partidak ikustera?

Herriari taldeak hainbat arlotan laguntza ematearen gaia askotan ibili zen Alex Aranzabal presidente ohiaren ahotan. Ez da kontu berria, ezta?

Gure kontzeptua zen duela lauzpabost urte Ipurua Taillarra: estadioa berritu, ikasgelak sortu, jantokiak... Sorburua hor dago, eta guk berriz heldu nahi diogu. Auzoak ere lagundu nahi ditugu, partida egunetako ekitaldiak bertan eginez. Azken batean, Eibarren eta eibartarren alde egiteko enpresa onena futbol taldea da. Erantzukizuna dugu horretan, eta alkatearekin hitz egin dut gai hauetaz ere; laguntzeko prest da.

Zein da zuen asmoa kirol arloan?

Gure apustu nagusia Jose Luis Mendilibar da. Esan diot guk irabazten badugu, hiru denboralditarako kontratua jarriko diogula mahai gainean. Proiektu logikoa behar dugu. Guk ekarri genuen bera, eta jendeak jakin behar du Amaia Gorostizaren hautagaitzan doazenek ez zutela Mendilibar nahi. Beste entrenatzaile bat nahi zuten, eta zuzendaritzako liskar handienak gai horren baitakoak izan ziren. Beste gai batzuk ere ez zituzten gauzatu nahi; esate baterako, ez zuten nahi harmaila berririk, eta jendeak dio orain taldea oso ondo dagoela. Orain jasotzen ari dira fruituak, baina guk egindako lanarenak. Egungo kontseiluari segida ematen dion hautagaitza ez da beraiena, gurea da. Azkeneko sei-zazpi urteetako lana dago atzean. Zer proposamen ari dira egiten beste hautagaitzakoak? Nik dakidala ezer ez. Proiekturik ez dute atera. Guk hogei puntuko programa daukagu, eta, gaur-gaurkoz, beraiek ez dute ezer.

Ez da giro izan administrazio kontseiluan azkenaldi luzean, ezta?

Ikuspuntu ezberdinak izan ditugu hainbat gaitan. Tentsioak egon dira, eta aspalditik datoz. Beraiek nahi zuten Lehen Mailan jasotzen den dirua banketxean gordetzea, eta guk esaten genuen, eta orain esaten dugu, diruak zelaian ere egon behar duela, ez bakarrik banketxean. Guretzat dirua aktibo bat da, baina harmaila berria eta Kirol Hiria ere aktiboak dira. Inbertsioak egin behar dira. Gure filosofiaren funtsa dira taldea, etorkizuna eta herria.

Fran Garagarzarekin ere jarraitzeko asmoa duzue?

Bai, noski. Kirol arloan handitu nahi dugu aurrekontua, eta lehen taldea osatzeko %5 igo nahi dugu dirua. Talde hobea egiteko aukera eduki nahi dugu. Gure zerrendan doan jende guztia da futbol mundukoa: jokalari ohiak, zuzendaritzako kide ohiak eta entrenatzaileak. Xepe Gallastegi eta Joxemi Egaña izango dira kirol arloko kontseilariak, eta oso maila handikoak dira biak.

Zein izango dira zure lanak Eibarreko presidente izaten bazara?

Entrenatzailea eta kirol zuzendaria babestuko ditut gauzak okertzen direnean; nik emango dut aurpegia. Adibidez, gustatzen zait Josu Urrutiak nola babesten duen taldea eta entrenatzailea, eta nola jasaten duen presioa.

Zein neurri proposatzen dituzue bazkideentzat?

Bazkideek ez dute aparte ordainduko partida bereziren bat ikusteko, eta urteko kuota jaitsi egingo diegu, baldin eta partida kopuru bat ikustera joaten badira. %10 merkeago izango dute kuota partiden hiru laurdenetara joaten badira. Hori dena Lehen Mailan gauden bitartean egingo dugu. Bigarren Mailara jaisten bagara, lehengora itzuliko gara partida bereziren bat aparte ordaintzeko horretan. Gero, gardentasuna eta hurbiltasuna asko zainduko ditugu. Elkartu egingo naiz hilero bazkideekin eta akziodunekin, nahi duenarekin, beraien galderei erantzun eta proposamenak entzuteko. Komunikabideekin ere sarri bilduko naiz. Erabateko gardentasuna izango dugu.

Arlo ekonomikoan zer duzue buruan?

Gure helburua da urtero hamar milioi euroren irabazia izatea.

Emakumezkoen taldea Lehen Mailan lehiatuko da?

Kirol Hiria egitean aztertu beharko dugu denon artean.

Azpiko bi talde nagusiekin, Vitoriarekin eta Eibar Urkorekin, zein dira asmoak?

Lankidetza eta lotura horrekin jarraituko dugu, eta nahi dugu mailaz igoz joatea biak: Vitoria Bigarren B mailan lehiatzea, eta Eibar Urko Hirugarrenean.

Harrobiaren inguruan zein dira zuen egitasmoak?

Zaila daukagu, baina erantzun behar diogu galdera honi: zertarako egingo dugu Kirol Hiria? Harrobia landu nahi dugu, eta gure bidea egin behar dugu.

Nola konbentzitu jokalarien gurasoak beren seme-alabak Eibarren uzteko, ez badira lehen taldera iristen ari orain harrobikoak?

Mikel Oiartzabal gure harrobikoa zen, baina Realak eraman zuen. Gurekin egon izan balitz, lehen taldean egongo litzateke. Zaila da, guretzat, Realarekin eta Athleticen lehiatzea. Eibarko eta inguruko herrietako jendeak aukera izan behar du gure harrobian ibiltzeko.

Aranzabalekin batera egon zinen kontseiluan. Hori ona da ala txarra irabazi ahal izateko ?

Kontseiluan sartu nintzenean, ez nuen pertsonalki ezagutzen, eta gero hasi ginen elkar ezagutzen. Babestu egin nituen haren proiektu onak, eta bat egin genuen gauza askotan, eta zer egingo dut nik, bada. Orain, ez daukagu loturarik klubaren inguruko kontuetan, eta ez dago nire hautagaitzan, eta ez da egongo. Harreman pertsonala dugu, baina hortik aurrera ez.

Diotenez, Gorostiza oso lasai omen dago, badakielako akzioen gehiengoa beretzat dela. Zer diozu zuk?

Nik ere entzun dut hori. 11.000 akziodun daude, eta, ziurrenik, akzio kopuru handienak dituztenak beraien aldekoak izango dira. Berdin zaigu. Guretzat, akziodun guztiak dira berdinak.

Akzioen bidez aukeratzea demokratikoa da?

Legea da, azken batean. Horrela dago, eta onartu besterik ezin dugu egin. Irabazten badugu, Eibarrek irabaziko du, eta, galtzen badugu, irabazleek hor izango dituzte gure proposamenak, eta erabiltzen badituzte, ohorea eta poza izango da guretzat.

Galtzen baduzu, zein izango da zure jarrera?

Zale eta akziodun bat gehiago izango naiz, anonimo bat.

Zergatik hartu duzu aurkezteko erabakia?

Prest sentitzen naizelako erronka honi aurre egiteko. Eibartar batentzat eta ni bezalako futbolzale batentzat, Eibarren alde lan egitea baino enpresa hoberik ez dago. Ez nau beste ezerk gehiago motibatzen. Eibar oso ondo ezagutzen dut talde gisa, eta herria ere bai. Hori da aldeetako bat Amaia Gorostizarekin.

Zergatik?

Duela hiru urte ez zen bazkide Bigarren B mailan geundenean, eta noiz egingo bazkide eta Lehen Mailan gaudenean, eta gainera, presidente izateko aurkeztu. Dena esanda dago horrekin. Eskubide guztia dauka, baina... Nirea, berriz, pasioa da.

Izango duzue aurrez aurreko eztabaida publikorik kanpainan?

Ni prest nago, baina berak ez du inola ere nahi.

Gorostizaren hautagaitzaren indarra kudeaketa dela ematen du, eta horrek indar handiagoaizan dezake zuen ezaugarri guztien aldean?

Galdetzen dudana da zein den beraien kudeaketa. Zer egin dute, bada? Akziodunei bidali dieten informazioan, kudeaketa gai bakarra aipatzen dute, eta klubeko produktuen salmenta da; bada, jaitsi egin dira irabaziak. Gure zerrendan kudeaketako jendea dago, eta beraiek egin dutena agintean egon direnean guk abian jarritakoari segida ematea izan da, ez besterik. Ez dute beste ezer gehiago egin.

Baina «ezer egin ez duen» kontseilu horretako kide zu zeu ere izan zara. Zuk ez duzu ardurarik horretan?

Ni ere egon naiz bai, eta aurretik ere banengoen. Guk kluba profesionalizatu nahi genuen, eta beraiek ez zuten nahi. Nik egin nizkien elkarrizketak orain klubean lanean ari direnei, neuk hartu nuen ardura hori. Iazko ekainetik, erabateko gutxiengoan egon naiz kontseiluan, baztertuta, eta ezer egin ez bada, ez da nire ardura. Zaintzaile lanetan egon naiz urtebete honetan, Eibarrek zaintza behar duelako.

Zaintza zer dela eta?

Ezer ez gertatzeko, egitasmoak aurrera jarrai zezaten, proposamen berriak ez direlako egon.

Administrazio kontseiluko kideek eta presidenteak kobratu egin behar dute lanagatik ?

Presidenteak agian bai. Haren lana bada plakak banatzea, Fundazioko ekitaldietan azaltzea, batzarretan paper bat irakurtzea, ni ere izan naiteke presidente lanetik atera eta gero, 19:00etatik 22:00etara, adibidez. Baina presidente batek Ligako eta Federazioko bileretan egon nahi badu, entrenatzailearekin, kirol zuzendariarekin, jokatzen ez duten jokalariekin, bazkideekin eta abar bilerak egin nahi baditu, hori dena egiteko 24 ordu eskaini behar dizkio klubari. Guk proposatzen dugu soldata izatea presidenteak; baina, nire kasuan, lantokian, kooperatiba honetan dudan soldataren antzekoa litzateke.

Aranzabalek zeukan soldatatik urrun, orduan?

Kooperatibista soldatarekin.

Futbola negozioa da erabat?

Diru asko mugitzen da, baina sentimendua da lehendabizi, eta negozioarena laugarren mailan jarriko nuke. Jendearen sentimendua da futbola. Presidente izateak ematen dit halako errespetua, herriaren sentimendua dagoelako tartean. Hiria Primeran taldearentzat ez da negozioa, sentimendua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.