Ligaren etenaldia dela eta, Azu Muguruzak emandako lau opor egunak baliatzen ari da Iulene Olabarria IDK-ko jokalaria (Donostia, 1985). Taldeak liga hasiera bikaina egin du: sei garaipen eta porrot batekin. «Deskonektatzen saiatzea da garrantzitsuena, sasoi osoan aukera gutxi dagoelako».
Ezin diozue gehiago eskatu denboraldi hasierari, ezta?
Guretzat ere ezustea izan da horren ondo hastea. Oso zaila da zazpi partidetatik sei irabaztea, berdintasun handia baitago. Pozgarria da hor goian egotea, eta zenbat eta denbora gehiago hor jarraitu hobeto. Baina liga hasi besterik ez da egin, eta sasoia luzea izango da. Kanporaketetan sartu eta Espainiako Kopa jokatze hutsa handia litzateke.
Nahikoa talde duzue hor goialdean jarraitzeko?
Astean partida bakar bat jokatuta posible da hor jarraitzea. Beste kontu bat da kanporaketak iristen direnean. Neke handia izaten da orduan, eta gogorra egiten da astean partida bat baino gehiago jokatzea. Orain, aprobetxatu behar dugu goian dauden beste taldeak Europan jokatzen ari direla, eta horrek nekea pilatzea eragiten diela. Gironaren aurka, adibidez, hala egin genuen.
Zein da denboraldia hain ondo hasi izanaren arrazoia?
Nik uste dut gakoa izandela fitxaketa berriak oso azkar egokitu direla taldera, eta harreman oso ona lortu dugula haien eta taldean geundenen artean, bai kantxan, bai hortik kanpoan. Multzoari laguntzeko izugarrizko gogoarekin eta jarrerarekin etorri dira, eta hori antzematen da. Horri, gainera, duten kalitatea gehitu behar zaio. Teknikariek asmatu egin zuten udan.
Horren adibide garbiena da Iva Brkic joko antolatzaile kroaziarraren fitxaketa, ezta?
Iva aurreko sasoian jokatu gabe egon zen ama izan zelako, eta Europan jokatzen ez zuen talde batekin fitxatu nahi zuen. Zuzendaritzak jakin izan zuen hona ekartzen. Oso ondo jokatu du jada. Zerbaitegatik da Kroaziako selekzioko joko antolatzailea. Uste dut partidak jokatuz joan ahala gehiago emango digula. Lindra (Weaver) puntuak sartzeko etorri zen, eta primeran ari da. Ellenek [Nystromek] ez zuen liga ezagutzen, eta pixkana egokitzen ari da. Berehala barneratu dituzte taldearen balioak eta lan egiteko modua. Nabari da taldeak kezkatzen diela, eta ez haiek bakarka lortzen dituzten zenbakiak. Taldean ginenak ere maila onean gaude.Toch Sarr da horren adibide. Belauneko lesio larriaren ostean, ikaragarri ondo ari da. Udan Senegalgo selekzioarekin aritu zen, eta sasoi betean bueltatu da.
Zer duzue hobetzeko?
Hirugarren laurdenetan behera egin ohi dugu, eta hori aldatu behar dugu. Adiago ibili behar dugu. Embutidos Pajarielen aurka horregatik galdu genuen, eta saiatu behar dugu aldatzen.
Hirukoetan ere ez zabiltzate fin. Jaurtitako%25 baino ez dituzue sartu. Zergatik duzue hain estatistika txarra?
Lehen partidetan dezente huts egin genituen, eta, ondorioz, ez duzu hain eroso eta lasai jaurtitzen. Baina azken partidan nahiko portzentaje ona lortu genuen, eta espero dugu bide horretatik segitzea. Konfiantza kontua da.
Etenaldiak bolada ona eten dezakeen beldurrik ba al duzu?
Egia da bolada onean zaudenean, normalean nahiago duzula lehiatzen jarraitu. Baina baliatu behar dugu saskibaloiaz ahazteko, deskonektatzeko: entrenamenduak, partidak, bidaiak... Izan ere, denboraldian denbora gutxi dugu horretarako
Zazpigarren zara txandakatzeetan. Aurreko sasoiko lesioaren ostean, gozatzen arituko zara zu ere, ezta?
Denboraldi gogorra izan zen aurrekoa, ez zutelako asmatzen zer nuen belaunean. Saskibaloia uztekotan egon nintzen udan. Baina Azurekin [Muguruza entrenatzailea] hitz egin nuen, eta esan zidan gustatuko litzaiokeela nik beste sasoi bat jarraitzea. Belauna erantzuten ari da, eta hori da inportanteena. Argi dut zein den nire egitekoa. Ematen dizkidan minutu guztiak aprobetxatzen eta gozatzen saiatzen ari naiz. Gaztea zarenean ahalik eta gehien jokatu nahi duzu, normala da. Baina ni jabetzen naiz ez nagoela 30 minutuz jokatzeko moduan. Defentsan taldeari lagunduz gero, ni pozik nago. Erasoan, berriz, beldurrik gabe jaurtitzen jarraituko dut. Azuk badaki hori. Taldeko hiruko jaurtitzailea izanda, aukera dudan bakoitzean jaurti egin behar dut. Ez dut zalantzarik egiten.
Nola ari zara ikusten lehiaketa?
Esango nuke, bi multzotan banatua dagoela: goikoak eta behekoak, eta bietan berdintasun handia dagoela. Liga hala izango dela uste dut. Harrigarriena izan da Perfumeriasek hain azkar galdu izana sasoiko lehen partida. Dena den, Sant Adria izaten ari da niretzat ezuste handiena. Igo berria da, eta presiorik gabe jokatzen ari da: oso ondo, gainera.
Hurrengo norgehiagokan Ferrolen aurka jokatuko duzue. Aurreko sasoian kanporaketetan irabazi zizueten. Gogo berezia duzue haien aurka jokatzeko?
Ferroli irabazi nahi diogu, aurreko sasoiko kanporaketetako arantza kentzeko. Aurkari deserosoa da. Irabazi nahi badiozu, lan handia egin behar duzu, markagailuan atzetik egon arren ez duelako etsitzen. Zonakako defentsan jokatzen du denbora asko, eta hor hirukoetan asmatu behar dugu. Hala egiten dute haien pibotei kosta egiten zaielako defentsan aritzea. Gure piboten kalitatea ere baliatu behar dugu.
Iulene Olabarria. IDK-ko jokalaria
«Guretzat ere ezustea izan da horren sasoi hasiera ona egitea»
Aurreko sasoian izandako belauneko lesioaren ondorioz saskibaloia uztekotan egon zen udan Olabarria kapitaina.Taldea goian egoteaz gozatzen ari da orain. Baina badakite oraindik liga luzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu