Jon Aurtenetxe (Zornotza, Bizkaia, 1992) azkar ari da ikasten. Ez dauka beste aukerarik. Gorengo mailan ez baitago lo hartzerik. Bada, ikasteko, egon daitekeen maisurik onenetakoa dauka: Marcelo Bielsa. Ikasten eta gozatzen ari da maila berean. Athleticen une gozoa egokitu baitzaio bizitzea. Gaur zuri-gorrien historiako norgehiagoka garrantzitsuenetako baten parte hartzeko aukera izango du. Joanekoan sartu zuen golari esker gertuago dauka Athleticek finalerako txartela.
Gaur egun handia da Athleticentzat. Prest al dago taldea?
Ondo dago taldea. Gaurko partida berezia da. Horregatik, azken lan saioetan xehetasun guztiak hartu ditugu aintzat.
Azken asteotako emaitzak onak dira, baina Athletici kosta egiten zaio irabaztea. Freskotasuna falta zaizuela dirudi. Ados?
Denboraldia luzea da. Neurketa asko ari gara jokatzen, eta hankak nabaritu egiten dute. Hala ere, taldeak indarrarekin jarraitzen duela iritzi diot.
Denboraldiko 57. neurketa izango da gaurkoa. Zuk hankak pisutsu daukazuela esan duzu. Eta nola dago burua?
Buruak ere igartzen du nekea. Baina denboraldia oso polita ari da izaten. Gozatzen ari gara. Guk urtero sinatuko genuke neurketa kopuru berbera jokatzea.
114 urteko historian bigarrenez jokatuko du Athleticek Europako lehiaketa bateko finalerdi bat. Nola ari zarete bizitzen egoera berezi hau aldagelaren barruan?
Esperientzia oso polita ari da izaten. Lehen taldean jokatzen ari garenok ez dugu sekula ahaztuko. Ea zaleen laguntzarekin finala jokatzeko pauso txikia ematen dugun eta klubaren historian sartzeko aukera daukagun.
Finalean ikusten al duzu Athletic?
Bai. Guk finalean ikusten dugu geure burua. Sporting Lisboa aurkari gogorra izango da, eta ez da samurra izango aurrera egitea, baina nik gai ikusten dut Athletic finalerako txartela eskuratzeko.
Zer egin behar du Athleticek Sporting Lisboa kanporatzeko?
Gure maila ematen badugu irabazi egingo dugu, eta finalean egongo gara. Goi mailako arerioak gainditu ditugu, eta Sporting Lisboa ere mendera dezakegu.
Athletic Sporting Lisboa baino talde hobea al da?
Bi taldeak gara maila onekoak. Europako Ligako finalerdietara arte ailegatzeko gai diren taldeek derrigorrez izan behar dute maila ona. Hala ere, San Mamesen jokatuko dugu, eta aprobetxatu egin behar dugu daukagun aukera.
Ezustekoa izan al zen Sportingen joaneko partidan eman zuen maila?
Ez. Guk bagenekien zer egiteko gai zen Sporting Lisboa. Neurketa osoa jokatu zuen, baina joaneko partidan gertatu zenaren errua gurea da, zalantzarik gabe. Guk ez genuen espero genuen jokoa egin. Gurea ematen badugu finalean egongo gara. Ondo aritzen garenean edozein aurkari gainditzeko gai gara.
Gol bat nahikoa izan daiteke, baina huts txiki bat garesti ordain dezakezue.
Guk gola behar dugu, baina ezin dugu defentsan deskuidurik izan. Oreka lortu behar dugu.
Pazientzia izatea garrantzitsua izango da. Ezin zarete itsutu.
Denbora asko izango dugu helburua lortzeko. Berdin-berdin balio du lehen minutuan sartzen den golak eta azken minutuan sartzen denak.
Athleticek dohain asko ditu, baina gabezia batzuk ere azaleratu ditu. Hobetu beharrekoetan eraginkortasuna dago. Aukera asko sortzen dituzue, baina gutxi asmatu.
Aukera asko huts egiten ditugu, baina kale egiten dugu sortzeko gai garelako. Okerragoa izango litzateke zuloak aurkitzeko zailtasunak izatea. Halere, Sportingen kontra fin aritzea espero dugu.
Askorentzat hegaletan egongo da gaurko neurketako giltza. Sporting Lisboak jokalari indartsuak ditu eskuinean zein ezkerrean. Zuk Joao Pereira eta beharbada Capel zaindu beharko dituzu. Azterketa gaitza daukazu, zalantzarik gabe.
Oso jokalari trebeak dira. Hegaletan ondo aritzea garrantzitsua izango da Sporting mendean hartu ahal izateko.
Bigarren urtea duzu lehen taldean. Jokatzen ari zara, beraz, ez daukazu kexatzeko arrazoirik.
Oso pozik nago. Denboraldi hasiera ez zen samurra izan. Ez nuen asko jokatu, baina gogor entrenatuta lekua lortu nuen hasierako hamaikakoan. Neurketa onak jokatzen ari naizela uste dut. Ea urte askotan jarraitzeko aukera daukadan.
Zer eskatzen dizu Bielsak?
Dena emateko, bai erasoan eta baita defentsan ere.
Eta zertan uste duzu daukazula hobetu beharra?
Erasoan. Beheko mailetan erdiko atzelari eta ezker hegaleko postuak tartekatu ditut. Horregatik, defentsako lanean egin naiz espezialista. Iraolak baino gutxiago egiten dut aurrera, erasora. Hobetzen ari naiz, baina askoz gehiago daukat hobetu beharra arlo horretan.
Bi urte lehen taldean eta bietan arrakasta izan du Athleticek. Iaz Europarako txartela eskuratu zenuten, eta denboraldi honetako lana ahaztezina izaten ari da. Hasiberri bat izateko ez dago gehiago eskatzerik.
Bizkaiko eta Euskal Herriko gazte gehienentzat ametsa da Athleticen jokatzea. Ezin dut gehiago eskatu.
Futbola. Europako Ligako finalerdietako itzulikoa: Athletic-Sporting Lisboa. Jon Aurtenetxe. Athleticeko jokalaria
«Gurea ematen badugu, finalean egongo gara»
Taldekideak bezala, Jon Aurtenetxe arduratuago dago euren jokoaz aurkariak egin dezakeenaz baino. Sporting Lisboa indartsua da hegaletan, beraz, azterketa gogorra dauka gaur atzelariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu