Mikel Balentziaga (Zumarraga, Gipuzkoa, 1988) futbolaz gozatzen ari da. Yuri Berchicheren lesio larriak defentsaren ezker hegaleko ateak zabaldu zizkion, eta baliatu egin du Marcelino Garciak eman dion aukera. Denboraldi bukaeran kontratua amaitzen zaio, baina oraindik futbol gosez dagoela dio. Hirugarrenez Espainiako Superkopa irabaztearekin egiten du amets.
Zer sentipen duzu Espainiako Superkoparen atarian?
Ilusio handia daukat, Superkopa bat ez baita egunero jokatzen. Aurten, Saudi Arabiara etortzea egokitu zaigu. Esperientzia berri bat da. Gogotsu gaude, eta lehiatzeko prest.
Titulu bat irabazteko aukera duzue. Bi partida baino ez dituzue irabazi behar horretarako. Gertu dago, baina, era berean, aurkarien maila aintzat hartuta, urrun ere ikus daiteke. Hala ere, nabari duzue partida berezia dela?
Denboraldia hasi zenetik buruan izan dugu txapelketa hau. Athleticekin beste titulu bat irabazteko aukera dugu. Ez dago hori baino gehiago eskatzerik.
Bi partidak irabazi behar dira. Ez dago kale egiteko aukerarik. Gisa honetako lehiak beste edozein norgehiagoka bezala prestatzen dituzue?
Lehen, Superkopa joan-itzuliko kanporaketa zen. Orduan ñabardura batzuk izaten zituen kanporaketak. Itzulikoa ere buruan izaten genuen. Egun, ez da horrelakorik gertatzen. Espainiako Ligako neurketa baten antzera prestatzen dugu.
Beraz, prestaketa ez da asko aldatzen. Baina beste edozein lehiaren pare bizitzen duzu?
Superkopa jokatzeko aukera ez da sarri izaten. Guk, zorionez, hiru jokatu ditugu. Aprobetxatu beharreko uneak dira. Jokalari askorentzat, partida garrantzitsu bat jokatzeko azken aukera izan daiteke. Aprobetxatzeko gogoa dugu.
Bolada gozoan zaudetela esan daiteke?
Sentipenak onak dira. Baina ez orain bakarrik. Denboraldia hasi zenetik ari gara gauzak zuzen egiten. Azken partidetan, gehiago ari gara asmatzen. Aurreko partidetan erasoan falta izan zaigun distirarekin ari gara orain.
Erasoan eraginkor izatea erabakigarria da futbolean. Asmatzen denean, gauzak beste era batean ikusten dira.
Hilabete askoan egin dugun lanaren saria jasotzen hasi gara. Argi dugu bidea. Ereindakoa jasotzen ari gara. Orain bolada ahalik eta gehien luzatu nahi dugu.
Talde lana eta jokalarien talentua ezinbestekoak dira helburuak lortzeko, baina ez dira nahikoa. Burua bere lekuan izateak zenbaterainoko garrantzia dauka?
Handia. Garai zailetan burua bere lekuan izatea eta lanean jarraitzea ez da erraza. Hala ere, Athleticen daramatzadan urteetan ikusi dut bolada txarrak egon direnean taldeak inoiz ez duela galdu konfiantza. Zerbaitetan sinisten badugu, ez dugu amore ematen.
Atletico Madrilen kontra neurtuko dituzue indarrak bihar, finalerdietan. Ligako egungo txapelduna da, izarrez josita dago, baina ez du aurreko urteotako fidagarritasunik. Pitzadura gehiago dituela dirudi.
Denboraldi honetan, talderik indartsuenak ohi baino gehiago huts egiten ari dira. Athletico Madrili ere gehiago kostatzen ari zaio. Ez da aurreko sasoikoa. Baina, hala ere, oso talde ona da. Badakigu oso zaila izango dela irabaztea. Baina geure buruan sinisten dugu. Gauzak ondo egiten baditugu, edozein talde mendean hartzeko gai gara.
Zer gustatzen zaizu gehien aurkariaz?
Atletico Madril gai da gauza gutxirekin arrisku handia sortzeko. Gola erraz samar sartzen du. Defentsan, berriz, sendoa da. Norgehiagoka kontrolpean daukazula pentsatu arren, edozein momentutan gola sartzen dizu. Talde arriskutsua da.
Iaz Real Madril eta Bartzelona menderatzeko gai izan bazineten, zergatik ez duzue aurten Atletico Madril kanporatuko?
Aldez aurretik ez dugu etsiko. Gurea emanez gero, edozein talderi irabazteko kapaz gara. Lehenik,Atletico Madril gainditzen ahaleginduko gara, eta, lortzen badugu, dena ematera joango gara finalera. Sinistu egin behar dugu.
Espainiako Federazioak denboraldi barruko asteburu bat gorde dio egutegian Superkopari. Horrez gain, lau talderen artean jokatzen da. Txapelketari mesede egiten diola uste duzu?
Nire ustez, bai. Urtarrilean jokatzeak eta partida bakarrera erabakitzeak indarra eman dio. Denboraldiaurrean jokatzea ez zitzaidan egokia iruditzen.
Saudi Arabian zaudete. Esperientzia gisa aberasgarria dela esan duzu, baina zaleen babesik ez duzue izango. Ezinezkoa da milaka jarraitzaile elkartzea.
Hala da. Nire esku egongo balitz, etxean jokatuko nuke, zaleen aurrean. Baina Espainiako Federazioak beste bide bat hartu du. Guretzat, esperientzia berri bat da. Badakizu gauza hauek ez daudela jokalarion esku.
Ligaren eta Koparen atzetik, hirugarren txapelketarik garrantzitsuena da. Halere, aukera duten taldeek ez diote bizkarra ematen. Daukaten guztiarekin lehiatzen dira. Klubek garrantzi handia ematen diote.
Palmaresari begiratzea nahikoa da zer mailatako taldeek irabazten duten jakiteko.
Azken urte bietan, Superkopa jokatu du Athleticek. Azken bi ekitaldietako Kopako txapeldunordea da. Azken hamarkada oso aberatsa izan da. Jarraitzaileak baloratzen al du lortu duzuen guztia?
Ez dakit merezi duen gisara baloratzen dugun, baina harro gaude egin dugun guztiaz. Espainiako Ligan eta Europan aurpegia eman dugu. Etxeko jokalariekin lorpen handiak eskuratu ditugu. Orain ez bada, urteak pasatzen direnean konturatuko gara zer egin dugun.
Taldean hasiberri asko dituzue. Lehen taldera iritsi berria den belaunaldi interesgarri bateko kide dira. Horiei azaldu beharra al dago Athleticek ez duela urtero jokatzen Superkopa?
Ez da ohikoena. 2008an iritsi nintzen Athleticera, eta hurrengo urtean Kopako finala jokatzeko aukera izan nuen. Baina 2015. urtera arte ez nuen izan beste aukerarik. Beraz, ez da ohikoa. Guk gure esku daukagun guztia egin behar dugu onenen pare aritzeko.
Gazteak indartsu datoz, baina zure eskarmentua baloratzen du Marcelinok. Asko jokatzen ari zara, eta aukera izan duzun bakoitzean oso ondo aritu zara.
Kirol arloan ezin dut gehiago eskatu. Taldeari laguntzeko aukera eman didate, eta jokatu dudan bakoitzean ondo sentitu naiz.
304 partida jokatu dituzu elastiko zuri-gorriarekin, 11 denboralditan banatuta. Atzera begiratuz gero, zer balorazio egiten duzu?
Athleticek fitxatu ninduenean, amets gisara ikusten nuen taldean egin dudan ibilbidea egin ahal izatea. 11 urte zoragarri izan dira. Klubarentzat, zaleentzat eta taldekideentzat esker oneko hitzak baino ez ditut. Ezin dut askoz gehiago eskatu.
Zelaian langile fina izateaz gain, taldean ere asko ematen duzu: taldekide ona zara, giro ona sortzen duzu… eta, egun, pisua ere badaukazu erabakietan. Gazteek kasu egiten al dizute?
Oso giro ona dugu taldean. Gazteen jarrera oso ona da. Ikasteko gogoz etortzen dira, eta guk dakigun guztia erakusten diegu. Baina, era berean, eurengandik ere etengabe ikasten dugu. Plazera da egunerokoan gazteekin aritzea.
Bizitza azkar doa, eta futbola ere bai. Denbora gutxian gauza asko aldatzen dira. Futboleko egunerokoa ere asko aldatu al da maila gorenerako urratsa egin zenuenetik?
Hamalau urte igaro dira debuta egin nuenetik. Gauza asko aldatu dira. Sasoi berrietara egokitu behar da. Ez dago besterik.
Bi Superkopa irabazi dituzu. Punta-puntako taldeetan jokatu ez duten futbolari askok ez zuten hori egingo.
Irabaztea gauza handia da, baina Athleticekin irabaztea beste gauza bat da. Ez dago klub zuri-gorriarekin Kopa altxatzea bezalakorik. Horrela sentitzen dugu.
Kirol arloan zerbait lortzea falta zaizu?
Ez. Txapelketa gehiago irabazteko premiarik ez dut nabari, eta, era berean, kirol ibilbide polita izan dudala iritzi diot. Orain, egunerokoari ematen diot garrantzia. Lehiakorra naiz, eta Athletic onenen artean ikusteko borrokatzen naiz egunero.
Futbol gosez zaude oraindik?
Bai. Futbola oso gustuko dut. Taldeko giroa atsegin dut, eta gozatu egiten dut egunero entrenatzeko aukera izatearekin. Ondo nago. Beraz, gorputzak lagatzen didan bitartean futbolean jokatzeko asmoa daukat.
Musika instrumentuak eraman al dituzue, zerbait ospatu beharra baldin badago?
Ez ditugu ekarri, baina, Superkopa irabazten badugu, zerbait egingo dugu.
Emaitza bat?
1-2 irabaziko dugu.
Mikel Balentziaga. Athleticeko jokalaria
«Gurea emanez gero, edozein talderi irabazteko kapaz gara»
Athleticek Atletico Madrilen aurka jokatuko du bihar, Riaden, Espainiako Superkopako finalerdietan (20:00). Mikel Balentziagak azaldu duenez, «denboraldia hasi zenetik» buruan izan dute txapelketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu