Jorge Azanza. Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendaria

«Gure mugen barruan dago World Tourrean garaipen bila aritzea»

Nahi baino gutxiago lehiatu da Euskaltel denboraldiaren hasieran, baina goi mailako egutegia izango du aurrerantzean. Azanzak prest ikusten du taldea datorkionari begira; «batez ere, gazteek aurrera egiten badute».

OSKAR MATXIN / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Gogoz mintzo da Jorge Azanza (Altsasu, Nafarroa, 1982) Euskaltel-Euskadik aurretik dituen erronkez. Bigarren urtea izango du taldeak ProTeam mailan, eta kirol zuzendariak azpimarratu du egutegia «zirraragarria» izango dela. Espainiako Vuelta izango da lehiaketa nagusia: «Bertan izateak zentzua ematen dio egiten ari garen guztiari». Itzulia ere ez da xede makala: «Sekulako gogoa dugu etxeko lasterketara laranjaz jantzita itzultzeko».

Espero zen baino egutegi murritzagoa izan duzue sasoiaren hasieran, atzeratu egin baitira, besteak beste, Valentziako, Murtziako eta Andaluziako itzuliak. Nola eragin dizue horrek?

Faltan bota dugu lasterketa horietan aritzea, gure egutegian data garrantzitsuak direlako. Gainera, itzuli horiek sasoi puntu egokia hartzen laguntzen dizute helburu nagusiei begira. Apur bat berpiztu zaizkigu iazko mamuak; beldur pixka bat ematen du. Baina, tira, atzeratu egin dira; ez dituzte bertan behera utzi. Gero jo eta su lehiatu beharko gara apirilean eta maiatzean.

Txirrindulari batzuk debuta egin gabe daude oraindik denboraldi honetan. Nolako aldartez ikusten dituzu?

Ez da normala martxoaren erdialdean oraindik lehiatu gabe egotea, eta nabaritzen ari dira. Azkenean, ziklistek lasterketetan lehiatzeko egiten dute lan. Fisikoki maila ona dute, baina ez da erraza etxean egotea, beste batzuek denboraldia hasia dutela ikusita. Pazientzia izateko garaia da. Izan ere, apirilaren hasierarako martxan izango dira denak, eta, hortik aurrera, maila handiko lasterketa ugari izango dute.

Espainiako Vuelta izango da horietako bat. Zortzi urteren ondoren, itzuli handi batean ariko da berriz Euskaltel. Motibazio berezia sumatzen diezu ziklistei?

Vueltan egoteak zentzua ematen dio guztiari. Mundu osoko erakusleiho bat da, eta txirrindulari profesional gisa eduki daitekeen erronka ederrenetako bat. Ilusio handia dugu talde barruan, eta uste dut gai garela irudi ona eskaintzeko. Hori da gure nahia. Ahalik eta talderik orekatuena eramaten saiatuko gara, ezberdina baita aurtengo ibilbidea: esprint gehiago dago, besteak beste.

Aurten, itzuli handiei gonbidapen bat gehiago emateko aukera eman die UCIk. Horregatik ez balitz, Vueltatik kanpo geldituko zineten berriro?

Esperantza bagenuen bi gonbidapenetako bat lortzeko, baina ziurtasunik ez zegoen batere. Maila aproposa erakutsi genuen iazko lasterketetan, eta, gainera, Euskaltelen babesa lau urterako izanik, sendotasuna eta sinesgarritasuna genuen proiektu gisa. Bidea erraztu digu antolatzaileek hiru gonbidapen edukitzeak, eta uste dut oso berri ona dela.

Esan izan duzu zuzendari moduan ilusio handiagoarekin joango zarela txirrindularia zinenean baino. Zergatik?

Txirrindularia nintzenean, ez nengoen horren prest sari honetaz gozatzeko eta duen balioaz jabetzeko. Orain, dena beste begi batzuekin ikusten dut. Taldearekin batera hazi naiz zuzendari gisa, eta gazteen bilakaera bertatik bertara bizi izan dut. Oso esperientzia polita da.

ProTeam mailan ariko zarete berriro, eta, aurten bai, kategoria horri dagokion egutegi bat izango duzue.

Hala da. Iaz lanak izan genituen konfinamenduaren ostean erronka nagusi bat ezartzeko, eta nabaritu egin genuen hori. Trantsizioa ahalik eta modurik onenean egin genuen, eta aurten, gozatzeko garaia iritsiko zaigu. Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa... Helburu zirraragarriak dira. Gainera, egutegi polita izango dugu Italian; Espainiako Estatuko lasterketa guztietan hartuko dugu parte, eta Portugalen, Norvegian, Eslovenian, Eslovakian eta Kroazian ere ariko gara. Desiratzen gaude dena ongi atera dadin.

Jauzi kualitatibo bat emateko urtea dela sentitzen duzu?

Bai, gazteei dagokienez, batez ere. Nik badakit hazi egin direla, baina hori lasterketetan islatu behar dute. Gainera, World Tourrean maila egokia ematea gustatuko litzaidake. Zer den maila egokia? Ihesaldietan zeresana ematea, eta, zergatik ez, etaparen bat irabazteko lehiatzea. Gure mugen barruan dago. Itzulian agian garestiago egongo da, baina Voltan eta Vueltan, gutxienez etapa baten lehian egon gaitezke.

Itzulian irabazteko aukera gutxi ikusten baduzu, zein izango da orduan taldearen helburua?

Batez ere, borrokatzea. Zazpikote sendoa eramango dugu, eta uste dut etapa gehienetan zeresana eman dezakegula. Eta argi gera dadila ez dugula garaipena baztertzen. Sasoi onean iritsiko gara, eta, aldarte aldetik, sekulako gogoa dugu etxeko lasterketara laranjaz jantzita itzultzeko. Ezingo gara zaleengandik nahi bezain gertu egon, baina ziur sentituko dugula jendearen berotasuna.

Zer analisi egin duzu ibilbideaz?

Etapa aproposak egongo dira ihesaldientzat: adibidez, bigarrena, ez baitira oso mendate bortitzak igoko. Ondarroako etapa ere gorabeheratsua da, baina ez oso gogorra, eta baliteke ihesaldian edo esprintean erabakitzea. Besteak eskalatzaile finentzako etapak izango dira, eta horietan, helburua ahalik eta urrutien iristea eta mendiko sarirako puntuak lortzea izango da.

Taldea prest ikusten duzu datozkion erronkei aurre egiteko?

Bai; batez ere, gazteek aurrera egiten badute. Gotzon Martinek igo du koxka jada, eta Unai Cuadrado ate joka dago. Gainera, eskarmentu handiko txirrindulariak ditugu. Egia da Ruben Fernandezen irteerarekin indarra galdu dugula sailkapen nagusiei begira. Mate oso ona da, baina ihesaldi indartsuetan sartzea da bere espezialitatea.

Etorkizunera begira, zein da proiektuak egin beharreko hurrengo urratsa?

Egutegi hau aurten eta hurrengo urtean finkatzen badugu, indartu egingo gara talde gisa, eta sona hartuko dugu kanpora begira. Gero, gerokoak etorriko dira. Hobe da Frantziako Tourrean-eta ez pentsatzea, eta indar guztiak luze gabe egin beharreko pausoetan jartzea. Izan ere, orain duguna finkatu ezean, ezinezkoa izango da Frantziako Tourrean izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.