Eli Pinedo. Bera Berako jokalaria

«Gure maila emanda, bost axola izango zaigu epaileen lana»

Parekaturik dago Bera Beraren eta Muratpasaren EHF kopako final-zortzirenetako kanporaketa. Parekotasun hori, ordea, gaur hautsiko da, itzulikoa jokatuko baitute, Turkian (13:00). Baikor da Eli Pinedo.

Julen Etxeberria.
2015eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Funtsezko jokalaria da Bera Beran Eli Pinedo (Amurrio, Araba, 1981): hura da taldeko jokalaririk helduena eta, Matxalen Ziarsoloren atzetik, klubean denbora gehien daramana. Autokritika egin zalea da, eta hori egin du lehenbizi Muratpasaren aurkako joanekoaz galdetuta, autokritika egin, eta azpimarratu ez zutela eman euren onena. Halere, konfiantza osoa du taldearekin. Ziur da EHF kopako final-laurdenetan izango direla.

Lehiara itzuli berri zara, hiru astez min hartuta egon ostean. Zer moduz zaude?

Ez nago sasoi betean. Gaur, saiatuko naiz taldeari ahal dudan gehiena laguntzen, baina ez nago bete-betean. Espero dut datorren asterako egotea, Espainiako Koparako.

Kosta egiten da lehiaketa erritmoa hartzea?

Bai. Gainera, oraindik min pixka bat dut. Oinazpia oso delikatua da, eta oraindik ez dago erabat osatuta. Horregatik, jauzi eta korrika egitean, traba egiten dit. Gimnasioan gogor egin dut lan, baina pistako lana oso bestelakoa da.

Atseden hartu beste erremediorik ez zegoen?

Bai, aspalditik nenbilelako minez, irail amaieratik. Hasieran, min arina zen, baina makina bat partida jokatu ostean, mina areagotu egin zen, jasanezina izateraino. Ezin nuen horrela jarraitu: lesioak okerrera egin eta ekainera arte luzatzeko arriskua zegoen. Horregatik erabaki genuen gelditzea eta lesioa ondo osatzea.

Zorionez, taldeak ez zuen behera egin zu gabe. Hiru partida jokatu zituen, eta hirurak irabazi.

Taldeak oso lan ona egin du, eta horrek lasaitasun handia eman zidan errehabilitazioa lasai egiteko.

Muratpasaren aurka itzuli zinen lehiara. Ez zen izan nahi bezain itzulera ona; ez zineten gai izan irabazteko. Zer iruditu zitzaizun partida?

Ez genuen partida onik egin. Ez ginen fin aritu, ez defentsan, ez atepean. Gu saiatzen gara partidak gol gutxikoak izan daitezela, 24 golen inguruan, eta Muratpasak 30 sartu zizkigun. Asko dira, eta horrek agerian uzten du ez ginela fin aritu defentsan. Erasoan, halaber, jaurtiketa asko huts egin genituen. Bi alor horiek hobetu behar ditugu, baina batez ere defentsa. Sendoago jokatu behar dugu, eta ez utzi eroso jaurtitzen kontrarioari. Hori eginda, asko izango daukagu irabazita.

Zintzo erantzun: ezustean harrapatu zintuen Muratpasak horren ondo jokatu izanak?

Ez. Muratpasa talde ona da. Europan jada ez dago talde samurrik. Haiek beren maila eman zuten; geu ibili ginen gure maila eman gabe. Ikusteko dago guk gure onena ematen badugu haiek nola erantzungo duten.

Informazio zehatzago baten falta egon al zen?

Ez. Bideo dezente ikusi genituen. Baina egia da oso urrutitik jaurti zutela, hamar metrotik, eta guk gure defentsa aldatu behar izan genuela, 6-0tik 5-1era. Hasieratikhori eginda, agian arazo gutxiago izango genituen.

Itzulikoari begira, baikor zara?

Bai. Denok gara oso baikor. Joanekoaren bideoa ikusi dugu, eta argi dugu alor guztietan badugula non hobetu. Halere, etxetik kanpo ariko gara, eta Europan zaila da etxetik urrun irabaztea.

Europako lehiaketetan oso ohikoa da epaileek etxeko taldearen alde egitea. Arduratuta zaudete horrekin?

Kezka txiki bat badugu, baina guk gure jokoaz bakarrik arduratu behar dugu. Gure maila emanda, bost axola izango zaigu epaileen lana. Hori bai: gure maila eman ezean, eta partida estu joanez gero, epaileek zerikusia izan dezakete. Gure esku dago hori ez gertatzea.

Aitor Etxaburuk esan du segada bat espero duela.

Guk gure lanaz arduratu behar dugu, eta ez segada bat jarriko diguten edo ez. Nik konfiantza osoa dut epaileengan.

Porrota litzateke lehiaketatik at geratzea?

Ez, taldea azkeneraino borrokatuko baita. Baina egia da polita dela Europan jokatzea, gure liga baino koska bat gorago dagoen lehiaketa bat baita. Gure asmoa lehian jarraitzea da.

Bidean geratuta ere, Espainiako Kopa eta Liga dituzue oraindik.

Hala da. Kopa ate-joka dugu [datorren astean jokatuko dute, Castellon (Herrialde Katalanak)]. Oso gustukoa dugu, eta saiatuko gara berriro irabazten, liga bezala.

Egundokoa litzateke hirugarren urtez jarraian hiru tituluak irabaztea.

Itzela litzateke. Lehen lortzen ia ezinezkoa zena lortzen erraza dela dirudi orain, baina oso-oso zaila da, zailtasunak gero eta gehiago direlako, eta dirua, gero eta gutxiago. Meritu izugarria du zer egiten ari garen.

Hori guztia, taldean izan diren aldaketak kontuan hartuta. Azken hiru denboraldietan beste hainbeste entrenatzaile izan dituzue. Horrek agerian uzten du talde honen indarra talde izaera dela.

Beti diogu oso jokalari multzo ona dugula. Finkoa ere bada, eta hori igartzen da gero. Berdin dio zein entrenatzaile etorri: taldeak ez du inoiz behera egiten. Klub honek betidanik izan duen talde izaerari eusten diogu, eta hori oinarri sendoa da edozertarako.

Makina bat titulu lortu duzue azken sasoietan, eta, halere, babesle sendo bat topatu ezinik.

Hori ez dago gure esku. Guk gure lana egiten dugu, ondo egin ere, baina, gaur-gaurkoz, oso zaila da babesle pribatuak erakartzea.

Zailtasuna are handiagoa da emakumezkoen kirolean. Makina bat urte daramazu punta-puntan. Izan da garapenik?

Tituluak eta dominak irabaztearen poderioz, jendea konturatzen hasi da hortxe gaudela, eta arrakasta lortzen ari garela. Baina geldirik gaude, eta eskerrak, aurreko urteetan atzera egin baikenuen, aurrera egin beharrean.

Denboraldiaren amaieran bukatuko zaizu kontratua Bera Berarekin, 34 urte bete berritan. Berehala dator galdera: noiz arte duzu lehian jarraitzeko asmoa?

Nire asmoa beste urtebetez jarraitzea da. 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan egon nahi nuke, betiere han aritzeko sailkatzen bagara. Gero? Auskalo. Buruak eta gorputzak esango didate noiz arte. Baina ez dut presarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.