Gogoeta sakona piztu zidan Kirmen Uriberen poema batean irakurri nuen ahapaldi eder honek: «Amonaren hizkera argi dotorea, eskuz brodatzen zituen izara zuriak bezain. Harro eskegitzen zituen balkoian, haizeak hegotik jotzen zuenean. Debekatutako euskal banderaren koloreko geranio gorri, zuri eta berdeen ondoan. Eta errieta egiten zigun amonak bilobei kolore horia eta gorria bageneramatzan jantzietan. Franco pozik da esanda astintzen zituen gure haur kontzientzia txikiak». Koloreek beti izan dute leku berezia gure hizkuntzan, baita ikurrek ere gure komunitatean. Horregatik hartzen dute esangura berezia batzuk besteekin lotzen ditugunean, herri baten nortasunaren isla eta erreferentzia bihurtzen baitira.
Horri lotuta, agerraldia egingo dute datorren larunbatean Hendaian beren burua soinean jarri nahi dieten elastikoaren koloreekin irudikatzen ez duten hainbat euskal pilotarik. Bidasoaren alde bietako pilotariek hartuko dute parte, zazpi herrialdeetako ordezkariak izango dira, gure herria nondik nora zabaltzen den marraztuz. Eta Frantziako eta Espainiako federazioei datorren Munduko Txapelketan haien koloreen eta herriaren izenean jokatzeari uko egingo diotela esango diete, zapaltzaileei eta zapalduei izenak eta izanak jarriz. Herriaren babesa beharko dute; eman diezaiegun.
Gure selekzioaren koloreak defendatu nahi eta inposatutakoei uko egitearena ez da atzo goizeko kontua, baina azken hamarkada luzean bizi dugun asimilazio kultural indartsuak ahanzturaren kutxan utzia zuen. Hala ere, izan dira azken urteetan hautu horri tinko eutsi diotenak ere. Guztien artean bat aipatzekotan, Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalaria ekarri nahiko nuke gogora. Honako hau zioen duela urte erdi Argia-n egin zioten elkarrizketa batean: «Esan nienean ez nintzela joango, erantzun zidaten, 'Ez zara joango? Mundial bat galduko duzu?'. Ba bai. Ez dit konpentsatzen bularrean Espainiako bandera eraman behar badut. Zentzu horretan argi daukat. Eta nik argi daukadan moduan, uste dut beste batzuek ere argi eduki beharko luketela, eta ez daukate; galdu egin da hori». Zorionez, ez da galdu, Oihana; bizirik dirau. Hauspotu dezagun.
Johann Wolfgang Goethe idazle alemaniarrak munduaren handitasuna leiho txiki batetik begiratu behar dela zioen. Eta hori da euskal kirolariek eta gure herriak eskatzen dugun bakarra: gure leiho propioa. Ez dugu horma guztia betetzen duen leihate ikusgarririk behar, gure leiho txikia baino ez; munduari gure begiez begiratzeko, eta, batez ere, munduak bereez ikus gaitzan. Batzuek ezkutuan nahi baikaituzte, isilik, otzan.
Eta leiho hori zabaldu artean, bide bi har genitzake. Bata, inposizioen eta euskaldunok geure buruaren jabe izateko ezin horren aurrean, diskurtso propio eta bateratua sortzea; eskutik hartuta, hitzez eta ekintzaz guztiok defendatuko duguna. Finean, herri gisa jokatzea. Bestea, aldiz, azken urteetan indartzen eta trinkotzen ari den asimilazio prozesua elikatuz jarraitzea; esaterako, Donostiako badian piperpoto gorri-horidun bandera astintzen ari den euskal patroiari arraunak altxatuz edo frantziar koloredun eskumuturrekoa daraman puntista lapurtarrari txalo joz. Gure esku dago.
Zer pentsatuko ote luke Kirmenen amonak…