Realean beste inork baino gehiago jokatu du denboraldi honetan Alberto De la Bellak (Santa Coloma de Gramanet, Herrialde Katalanak, 1985). Haren garapena mailakatua izan da, taldearena bezalakoxea. Horregatik, argi dauka Realaren arrakastaren aztarnak ez direla sailkapenean topatu behar, multzoak izandako «bilakaeran» baizik.
Fede kontua al da laugarren amaitu dezakezuela pentsatzea?
Sailkapenak aurkakoa dioen arren, geure esku egongo da laugarren postua lortzea. Ziur nago Valentziak gorriak ikusiko dituela Sevillan. Gutxien espero zuenean, Europako Ligarako sailkatzeko aukera du Sevillak, eta irabazteko zelairatuko da.
Deportivoren irabazteko premiak eragin al dezake zuen irabazteko gogoan?
Ez da partida atsegina izango. Deportivoren iraupena bera egon liteke jokoan, eta azterketa bakarrak erabakiko du hori. Estu aterako dira, larri. Hala ere, ezin gaitezke haien azalean jarri. Ezin dugu jokatu Valentziaren emaitzaren arabera ere. Hasiera-hasieratik partida gobernatzen ahaleginduko gara, eta lehen gola sartzeak bidea erraz dezake. Gozatzen jarraitzeko ausardia erakutsi beharko dugu.
Bidezkoa litzateke bosgarren postuan amaitzea?
Ez. Txapelketako talderik indartsuenak garaitu ditugu norgehiagoka ikusgarriak jokatuz. Geure lanaren ordaina laugarren tokia berreskuratzea litzateke.
Aurkakoa onartzeko prest al dago Reala eta bere ingurua?
Taldearen bilakaera sekulakoa izan da. Azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela ere, denboraldia arrakastatsua izango da arrazoi horregatik.
Philippe Montanierrek ez du datorren sasoian taldean jarraituko.
Gertaera mingarria izan da aldagelarentzat, baina ezin diogu ezer leporatu. Ulergarria da. Bat etorri gara haren lan egiteko erarekin, eta oso gogoko dugu. Ziur Montanier bera ere saminduta egongo dela, nahiz eta joateko erabakia berea izan.
Entrenamenduetan gozatu al duzue, ala partidak prestatzeko bideratuta zeuden soilik?
Batez ere astearen hasieran izan ditugu dibertitzeko aukerak. Hori bai, arduraz jokatu dugu beti. Asteburuko norgehiagoka gerturatu ahala, seriotasuna gero eta handiagoa zen.
Norgehiagoketan biak uztartzeko gai izan al zarete?
Gozamen hutsa ari da izaten. Talde osoak gora eta behera egin du aldi berean. Erabateko futbola sortzeko gai izan gara. Modu horretan sortu ditugu hainbeste gol aukera, jokaldi ikusgarriak… Realzaleak ez ezik, futbolzaleak ere gozatu egin du guri begira.
Harritzeko modukoa da konfiantzak nola eralda dezakeen jokalaria eta talde bera.
Konfiantzarik gabe ez gara ezer. Multzoa bolada onean sartzen bada, eta egiten duen horretan itsu-itsuan sinesten badu, aurkari beldurgarri bat bilaka daiteke.
Ezustean harrapatu al zaitu sasoi honetan horrenbeste jokatzea?
Ez da erraza horrenbeste jokatzea, ez dagoelako bakarrik norberaren baitan. Oinazeen ondorioz, edo taldekidearen sasoialdia zeurea baino indartsuagoa bada, aukera gutxiago izaten dira. Harro nago egindako lanaz. Oreka lortu dut, eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat.
Zuk baino gehiago ez du beste inork jokatu taldean.
Denboraldiaren hasieran zalantzak izan nituen Jose Angelen etorreragatik. Pixkanaka, ordea, neure buruarekiko ustea handituz joan zen, eta jokalari modura aurrerapausoa eman dudalakoan nago.
Buruari dagokionez, batik bat?
Beharbada, bai. Sasoiko egotea ere ezinbestekoa da jarraitutasuna ez eteteko, baina atzelari izatea pentsaera kontua ere bada.
Atzera begiratzen duzun horietakoa al zara?
Etengabean, gainera. Bidean aurrera egiteko ariketa baliagarria da. Oraingo egoerara iristeko izugarri borrokatu behar izan dut, eta ez nago hori guztia besterik gabe ahazteko prest.
Zure ibiliaz jabetuta aritzen zara, beraz.
Norberaren ibilbidea ahalik eta luzeena eta beteena izateko erabaki zuzenak hartu behar dira nahitaez. Eta ez da samurra asmatzea. Nik bete-betean asmatu nuen Realera etortzeko hautua egiteko garaian.
Gutxi jokatu gabe asko ikas al liteke?
Zalantzarik gabe. Buruz indartsuago bihurtzen zara ohitu gabeko egoera gogorrei aurre egiterakoan. Bakardadea senti dezake maiz futbolariak. Ondorioak atera eta ikastea tokatzen da halakoetan.
Zuen ogibidea gizatiartzerik ba al dago?
Nik uste dut baietz. Errepara iezaiozu Deportivoren egoerari. Maila galtze hutsak auskalo zenbat jokalariren bizimodua alda dezakeen. Estu zaudenean jakina ez duzula begirik biltzen gau osoan. Edo lesioa latza izatean ere malko asko isurtzen dira. Guk ere sufritzen ikasi behar dugu.
Alberto de la Bella. Realeko jokalaria
«Gure lanaren ordaina litzateke laugarren postua berreskuratzea»
Alberto de la Bella ziur dago Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukerak izango dituztela Riazorren. Valentziak Sevillan «gorriak» ikusiko dituela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu