David Zurutuza. Realeko jokalaria

«Gure jokatzeko erak dena oso ondo egitera behartzen gaitu»

Sasoi hasierako ilusio eta jokotik urrun, goitik behera nabarmen egin du Realak aspaldian, baina Zurutuzak uste du San Mames litzatekeela egoera iraultzeko plazarik onena. Patxada eskatuko die taldekideei.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
<i>Donostia</i>
2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Oraindik ere gogoan du iragan sasoian San Mamesen jokaturiko derbia David Zurutuzak (Rochefort, Frantzia, 1986). Haren gol bati esker, 0-1 aurrea hartu zuen Realak, baina gerora 3-2 nagusitu zen Athletic. Artean, porrotaren ondorio Eusebio Sacristanen joko proposamenak jaso zuen makina bat kritika, Realak atzean galduriko baloien erruz nagusitu zirelako zuri-gorriak. Bada, antzeko egoeran helduko dira gaur txuri-urdinak Bilbora. Haien joko estiloa fruiturik jaso gabe dago aspaldi, baina bide berari eutsiz, egoera iraultzeko baikor da Zurutuza.

Azken bost partidetatik lau galdu dituzue, eta bakarra berdindu. Gainera, jokoa oso txarra izan da. Krisian al dago Reala?

Futbolak boladaka funtzionatzen du askotan, eta orain dugun egoera oso txarra da. Ezin da ukatu. Olatu azpitik atera ezinda gaude, eta agian derbiak mesede egingo digu berriro ere konfiantza hartzen hasi eta gugan sinesteko. Alde horretatik, oso ondo etor dakiguke derbia, edo oso gaizki. Morala irabaz dezakegu, edo galdu. Baina tira, uste dut badakigula bolada zailetatik ateratzen. Kopatik kanpo geratzea oso gogorra izan zen, baina hurrengo partidan Atletico Madrilen aurka nor baino nor aritu ginen, nahiz eta galdu. Antzeko jarrera erakutsi behar dugu Athleticen aurka. Barruko indarra behar dugu.

Gol asko jasotzen ari zarete. Hori al da konpondu beharreko lehen gauza?

Bai, dudarik gabe. Gol guztiak aztertu ditugu, eta, egia esan, denak oso arraroak dira. Oker batengatik ez bada, beste batengatik izan dira. Hainbeste gol jaso izana ez da kasualitatea; beraz, erremedioa jarri behar diogu horri, bestela nekez irabaziko dugu partidarik.

Gol horien errudunetako bat Realaren joko estiloa izan daiteke. Negoziaezina al da estilo hori?

Arazo bakarra ez da estiloa. Gure jokatzeko erak behartzen gaitu oso fin egotera. Baloia oinetan daukagunean guztiok oso zabalduta egon ohi gara, baloiaren aurretik gainera, eta oker bat garesti ordaintzen dugu. Baloiarekin edo gabe, behartuta gaude dena oso ondo egitera. Azkenaldian ez gara hala ari, eta horregatik gaude hain gaizki.

San Mamesen iragan sasoian jasotako lezioa ez al zen aski izan?

Partida hartan oso ongi hasi ginen, irabaziz, baina gero defentsan pare bat baloi arriskutsu galdu genituen, eta garesti ordaindu genuen. Zalantza asko sortu ziren gure inguruan, baina guk bagenekien bide hari jarraitu behar geniola. Zerbait aldatu zen egun hartatik aurrera, baina joko estiloa ez. Beldurrik gabe jokatzen hasi ginen, eta gerora denboraldi biribila osatu genuen. Erakutsi dugu gure joko erarekin edozein talderi irabaz diezaiokegula. Beraz, hala segitu behar dugu.

Baloia luze jotzea bekatua al da?

Ez, egokiena baloiari ostikoa ematea denean hala egin behar dugu. Batak ez du bestea kentzen. Athleticen aurka baloia areatik gertu galtzea arriskutsua da, bi paseetan gola egiteko gai direlako. Aduriz daukate aurrean, gainera. Beraz, saiatuko gara gure jokoa egiten, baina itsutu gabe. Beldurrik gabe jokatu behar dugu, hori bai. Garai zail honetan beldurra izan daiteke etsairik handiena, eta hori uxatu behar dugu.

Bolada txarra izaki, jokalari guztiok bat eginda al zaudete?

Egia da partida askotan guztia maldan gora jarri zaigula, eta behin eta berriro gauza bera gertatzea oso gogorra dela. Ez da erraza egoerari buelta ematea. Baina ohituta gaude, lehen ere pasatu ditugu garai zailak, eta mentalki indartsuak izan behar dugu.

Sasoi hasieran bazirudien sen irabazlea zuela Realak, baina denborak azaldu du ezetz.

Emaitza txarrak tartean sartu direnean konfiantza galduz joan gara, eta lehenbailehen lehengora itzuli behar dugu. Mentalki gogorrak izatea ezinbestekoa da.

Athleticek baino talde hobea al dauka Realak?

Erantzun hori nik ematea gaizki dago, eta onena zenbakiak ikustea da. Joan den denboraldia puntu bat goitik amaitu genuen, eta orain ere parean gabiltza. Oso garrantzitsua izango da ez galtzea haien atzetik ez jartzeko. Esango nuke paretsu gabiltzala aspaldian.

Nolako derbia espero duzu?

Urtero bezala, bizi-bizia izango da, jokalarion artean kontakturik ez da faltako, eta, zelai erdian bi taldeetako bat nagusitzea zaila izango denez, bi areetan egon daiteke gakoa. Gazte asko ditugu gure taldean, eta askorentzat lehen derbia izango da. Lasai jokatu beharko dugu, itsutu gabe, halako neurketek luze jotzen dute eta. Partida bereziak jokatzen jakin egin behar da, eta gozatu egin behar dugu.

Esperientzia handiko jokalaria zaren aldetik, gazteei esango al diezu Athletici irabazi egin behar zaiola?

Partida bereziak izaten dira. Bizilagunari irabaztea komenigarria dela esango diet. Gainera, aurten ez dugu topo egingo bi taldeetako jokalariok, euskal selekzioaren lehiarik ez dagoelako. Elkarren lagunak gara, baina zelaian beti egoten da lehia sanoa.

Badirudi Athletici amaitu zaiola Zubietan arrantza egiteko aukera. Zer iritzi duzu?

Athletic bere filosofia horrekin beti saiatuko da jokalariak kanpotik fitxatzen, izan Zubietan izan inguruan. Realak azkar eta sendo ibili behar duela egoera horietan. Formakuntza alorrean oso lan ona egiten ari da gure kluba, eta dagoeneko fruituak begi bistakoak dira lehen taldean. Proiektu interesgarria dauka Realak, anbiziorik falta ez duena, eta oinarri sendoak ditugu.

Sasoi honetan, inoiz baino gehiago aipatu da titulu baterako aukera. Oraindik ere hala da?

Espainiako Kopatik kanpo geratzea oso gogorra izan zen. Ilusio ugari genuen urrun iristeko, baina gertatu zena gertatu zen, eta kito. Ezin zaio buelta eman. Orain bi lehiaketa ditugu. Bide garbiago bat dugu, eta ez dago aitzakiarik. Ligan berriz ere ondo sailkatuta bukatu nahi dugu, hurrengo denboraldian Europan egoteko. Europa ligan, berriz, garaipen gosez jokatuko dugu.

Zer dakizue Salzburgori buruz?

Oraindik oso gutxi. Badakigu kanporaketa polita izango dela, eta niri gustatzen zait joanekoa Anoetan jokatzea. Pentsatzen dugu beti alderantziz hobe dela, baina hemen emaitza on bat lortuz gero, asko izango dugu irabazita. Halere, otsaila urruti dago, eta buruan daukagun aurkari bakarra Athletic da.

Pertsonalki, zer moduz zaude? Orkatileko lesioa gaindituta?

Orain nahiko ondo nago. Azken hilabeteak gaizki pasatu ditut, hainbat lesio tarteko. Jarraitutasuna falta zait, baina gogotsu nago berriz ere nire onena emateko. Ez nabil oso eroso zelaian, min apur bat badudalako orkatilean, baina ez da aitzakia. Autokritika egin behar dut, eta ez naiz nire maila onenean ari.

Halere, datuek diote zuk jokatzen duzunean antzeman egiten duela taldeak, onerako.

Estatistikak hor daude, baina anekdotikoak dira. Niri jokatzea gustatzen zait. Erdian egoteak mesede egiten dit, erosoago sentitzen naizelako, David Moyesekin hegal batera joanda jokatzen nuen batez ere, eta Eusebiorekin ere bai hasieran. Gero aldatuz joan ginen, eta hobeto ikusi nuen neure burua. Halere, aspaldian ez nabil oso txukun.

Gazteak ate joka datoz.

Zelai erdiari begira, Zubeldia, Guridi eta abar baditugu. Esperientzia falta dute, baina nik haien adina nuenean ez nuen halako mailarik. Hori albiste ona da.

Aita izan berri zara lehenbizikoz. Zer moduz bizitza berria?

Zubeldia eta hauek zelaian bezala: esperientziarik gabe. Gauza asko ditut ikasteko, baina oso pozik gaude. Bizitzari beste begi batzuekin begiratzeko balio du. Dena ez da futbola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.