Caboko patroia

Natalia Tubio: «Gure jendeak eman diezagukeen indarra baliatzen saiatuko gara»

Euskotren eta Eusko Label ligako jardunaldiak Galizian jokatuko dira asteburuan, eta hango arraunlariek bereganatu dute protagonismoa. Zortzi asteburutan bidaiatuko dute Euskal Herrira, baina gaur etxean ariko dira (17:20, ETB1).

Natalia Tubio patroia aurtengo estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
Natalia Tubio patroia aurtengo estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA / TKAE
pettan uralde
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Cabok etxean jokatuko du igandean, Boiroko estropadan. Taldeko patroia azken urteetan Euskal Herriko taldeetan aritu da, baina itzultzeko erabakia hartu zuen Natalia Tubiok denboraldi honetan (Boiro, Galizia, 1999). Ilusioa ez zaio falta asteburu honetarako, eta argi dauka ahalik eta estropadarik perfektuenak egitera aterako direla. 

Etxean arituko zarete gaur eta bihar. Gogoa zenuen?

Oso pozgarria da. Gainera, txikitatik hezi naizen klubean nago orain, eta lehen urteetan taldean izan nituen taldekideak ditut orain ere. Bihar etxeko estropada jokatuko dugu, eta, gaurkoa ere polita izango bada ere, Boirokoak ilusio berezia egiten digu taldekide guztiei. 

Nola daramazu bidaien kontua azken urteetan Euskal Herriko taldeetan egon ondoren?

Euskal Herriko taldeetan aritzen nintzenean oso gogorra zen, batez ere neguko bidaiak egin beharra. Orain alderantziz izan da, neguan etxean egon naiz, eta udan asteburuero bidaiatzea tokatzen zaigu. Egia da gogorra dela, eta, ohituta bagaude ere, asko eskertzen da noizbehinka etxetik ez mugitzea. Lasaiago egoteko aukera ematen dizu.

Motibazio gehigarria da Galizian aritzea?

Zure jendea daukazu animoak emateko, eremuak segurtasuna ematen dizu, eta gogorik ez zaizu falta. Egia da urduritasuna dela-eta gauzak okertu daitezkeela, eta oso kontzentratuta egon behar zara. Aguiño eta Boiroko estropadak etxekoak bezalakotzat sentitzen ditut biak, eta ni neu asko motibatzen naute.

Gehien ezagutzen duzuen eremua da Boirokoa. Konfiantza ematen dizue horrek?

Ez dakit zer esan. Motibazioa handia da, eta eremua ezaguna da. Konfiantza baino gehiago, ezagutza daukagu. Badakigu zer egin dezakegun hemen, eta, burua hotz mantenduta, eta hankak lurrean, segurtasuna eman diezaguke etxean aritzeak.

Hala ere, etxean aritzeak presioa sortu dezake, ezta?

Pertsona bakoitzak bere erara bizi du hau. Batzuoi ez digu eragiten, baina badakit taldekide batzuek kirioak dantzan izango dituztela herriko kaia gorriz margotua ikusten dutenean. Talde gisa ez dugu inongo presiorik, eta gainerako estropada guztietako erantzukizun berbera dugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu lan bikain bat egiteko eta ahalik eta emaitzarik onena eskuratzeko.

Argi daukazu zer helburu duzuen astebururako?

Txanda irabaztea litzateke guretzat helburu nagusia. Eta gure eta Hibaikaren artean traineru bat sartzen badugu, oraindik hobeto. Oso zaila izango da, baina horren bila joango gara. Ahalik eta hutsegite gutxien egin beharko ditugu, eta gure jendeak eman diezagukeen indarra baliatzen saiatuko gara. 

Behintzat, pizgarria badaukazue, ezta?

Bai, hala da. Gu beti saiatzen gara gure onena ematen, estropada guztietan. Baina etxean aritzeak ilusio handia eragiten digu, eta oso polita litzateke gurekin dagoen jendearen aurrean emaitza on bat lortzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.