Athleticeko jokalariak ez daude kexatzeko moduan. Salbuespenak salbuespen, urteotan gozatzen ari dira. Emaitza oso onak ari dira lortzen Europan zein Espainiako txapelketetan. Uzta oparo horretan, Txapeldunen Ligan parte hartzeko aukera ere badago jada. Gaur atarikoaren joanekoa jokatu beharko dute zuri-gorriek Napoliko San Paolon. Carlos Gurpegik (Andosilla, Nafarroa, 1980) ez du sekula ahaztuko gaurko eguna.
Ezer baino lehen, zorionak! 34 urte bete dituzu gaur.
Eskerrik asko.
Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzea ez da opari txarra.
Ederra da urtebetetze egunean txapelketa nagusian debutatzeko aukera izatea.
Taldeko zaharrena zara, baina zuk sarri erakutsi duzu sekulako pasioz bizi duzula futbola. Gazteen pareko ilusioa daukazu?
Oso gustuko dut futbola. Asko gozatzen dut. Beraz, urtero antzeko ilusioa izaten dut. Gainera, beste behin lesio batetik bueltan nator, eta galdutako lekua berreskuratzeko motibazioarekin.
Azken bizpahiru urteetan zure erretiroaren inguruan jardun gara, baina, min hartu zenuenetik, beharbada iazkoa izango zen zure kirol ibilbideko sasoirik onentsuena.
Iaz belaunak arazoak eman zizkidan denboraldi-aurrean, eta nik neuk ere pentsatu nuen azken denboraldia izan zitekeela. Gero, ordea, oso sasoi ona hartu nuen. Aurten iazko maila berreskuratzea dut xede.
Gaurkoa Txapeldunen Ligako partida da? Edo lehiaketa nagusian parte hartu duzuela esateko ligaxka jokatu behar dela pentsatzen dutenekoa zara?
Kar-kar. Txapeldunen Ligako kanporaketa da, baina ligaxkarako sailkatu ezean zapore garratzarekin geratuko nintzateke.
Prest al dago taldea?
Bai. Denboraldi-aurrean gauza onak eta txarrak egin ditugu, baina argi daukagu gurea emanez gero oso talde indartsua garela. Presioa, erasotzeko gogoa… Hori guztia barneratuta daukagu, eta garai aproposa da erronkari aurre egiteko. Ez gara hasiko aitzakia bila.
Napoli gainditzea da aipatu duzun erronka. Azterketa gaitza da. Zenbat aukera du Athleticek aurrera egiteko?
Athletic iragan sasoiko mailara ailegatzeko gai bada, aurrera egiteko aukera handiak ditugu. Hori bai, argi daukagu goi mailako aurkari baten kontra lehiatuko garela. Begira ibili naiz, eta, iaz hiru jokalari fitxatzeko, guk denboraldi osorako daukagun aurrekontua erabili zuen. Higuain, Albiol eta Callejon eskuratzeko, 60 milioi euro gastatu zituen. Hala ere, Athletic Athletic izaten bada, aurrera egingo dugu.
Daukan botere ekonomikoaz gain, zer duzu gustuko Napoli taldetik?
Haren jokatzeko era zelai erdiko hegalekoetan oinarritzen da. Lauko bi lerro erabiltzen ditu, eta, zelai erdian baloia berreskuratzen dutenean, ikustekoa da nola abiatzen diren aurrera Callejon, Mertens edota Insigne. Kontraerasoan oso ondo moldatzen den taldea da. Kontu handia izan behar dugu baloia galtzean.
Llorenteri deitu al diozu Napoliri buruz galdetzeko?
Ez, ez, ez! Bideoak eskatu ditugu. Napoliren jokoa ulertzeko erarik onena haien partidak ikustea da.
Athletic lehiakorra da kanporaketak jokatzen, baina baita Napoli ere. Rafa Benitez entrenatzailea trebea da halakoetan.
Duda gabe. Izar gutxiko Liverpool harekin Txapeldunen Liga irabazteko gai izan zen. Espezialista da. Aurkariak oso ondo aztertzen ditu. Baina gu ere lehiakorrak gara oso; kanporaketa borrokatua izango da oso.
Zein emaitzarekin konformatuko zinateke gaur?
Gol bat sartzea oso garrantzitsua izango litzateke. Hutsekoa, esate baterako, oso arriskutsua izango litzateke. Argi daukagu zailtasunak izango ditugula. San Paolon oso giro beroa aurkituko dugula esan digute. Zenbaitetan sufritzea egokituko zaigu, eta orduan batuta egon behar dugu. Baina, era berean, aukera daukagunean aurrera egin behar dugu.
Goi mailako aurkaria, zelai beroa… Futbolari batek horrelako egunekin amets egiten du?
Giroa dagoen zelaietan jokatzea askoz erakargarriagoa da. San Paolo historia handiko zelaia da, eta gustura lehiatuko gara Napoliren etxean. Haiei ere antzeko zerbait gertatuko zaie San Mames bisitatzen dutenean.
Oraindik ere urduri jartzen al zara partida handien atarian?
Aldagelan ez naiz lasai egongo. Baina uste dut urduritasun hori kontrolatzen jakinez gero onuragarria dela. Neurketa hasitakoan, ahaztu egin behar dugu horretaz. Baina guk ere badakigu asko dagoela jokoan.
Zein izango da kapitainak zelaira irten aurretik taldeari igorriko dion azken mezua?
Gure izaerari eusteko eskatuko diet taldekideei. Inork ez digu oparitu atariko hau jokatzea. Hamar hilabete luzeko lana izan da. Beraz, daukagun guztia zelaian uzteko eskatuko dut.
Futbola. Athletic Txapeldunen Ligan. Carlos Gurpegi. Athleticeko kapitaina
«Gure izaerari eusteko eskatuko diet taldekideei»
Onena emanez gero Napoliri aurre egingo diotela iritzi dio Gurpegi atzelariak. Belauneko lesio batek ez zion utzi joan den sasoia amaitzen, eta sendatu dela erakutsi gura du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu