David Zurutuza. Realeko jokalaria

«Gure indar apurrak gastatuko ditugu ligako azken txanpan»

Belauneko lesio batek eragindako kalbarioa atzean utzi ostean, berriz ere sasoi onean eta taldeari laguntzeko gogotsu dago David Zurutuza. Ligako azken hamar partidetarako indartsu ikusten du taldea, eta zaila dela onartu arren, ez du baztertu laugarren izatea.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Taldea bera bezalaxe, umoreko dabil aste honetan David Zurutuza Zubietan (Rochefort, Frantzia, 1986). «Eguraldi onak animoa igotzen du», dio barrez. Baina ez da eguraldi kontua bakarrik. Lanean pozik aritzeko badu beste motiborik Realeko jokalariak. Valentziaren kontrako garaipenean lan bikaina egin zuen, eta, horrez gain, ez zuen inolako minik sentitu ezker belaunean. «Hori bai albiste ona! Gozatu egin nuen jokatzen». Gozamenera heltzeko, ordea, sufrikariotik igaro behar izan du. Bai sasoi honetan, bai iraganekoetan.

Egia al da 2008-09ko sasoiko lehen lan saioan Zubietan zer egiten zenuen galdetu zizula Juanma Lillok?

Egia da, bai. Ni Eibarretik nentorren, Realak utzita jokatu bainuen aurreko denboraldian, eta, nonbait, Sevillaren bigarren taldeak fitxatu nahi ninduen 2008-09ko denboraldirako. Garai hartan gazte ugari fitxatzen zuen Sevillak. Nik ez nekien ezer, eta Realarekin entrenatzera etorri nintzen Zubietara. Lillok ikusi ninduen, eta esan zidan: 'Zer egiten duzu hemen? Sevillara zihoazela esan zidan presidenteak!'. Txikituta geratu nintzen. Nire ordezkariari deitu nion, eta hark baieztatu zidan ez zegoela deus Sevillaren eta nire artean. Hurrengo egunean, Realarekin entrenatu nintzen normal.

Zer pasatu zitzaizun burutik Lilloren hitzak entzutean?

Ez dakit, baina momentu gogorrak izan nituen. Lillok egina zeukan bere taldea, eta ni ez nengoen hor. Realaren bigarren taldean jokatzea planteatu zidaten, eta gaizki pasatu nuen, ingurukoek asko lagundu zidaten arren. Fisikoki eta mentalki behera etorri nintzen, eta, horrez gain, lesioek ere ez zidaten batere lagundu.

Zuk Realetik atera eta beste bide batzuk topatzea zenuen buruan.

Hori barneratuta neukan, baina, ustekabean, ez zen hala gertatu. Martin Lasarte iritsi zen Donostiara, eta zuzendaritzakoek eskatu zidaten Realean jarraitzeko, Lasartek jokalari guztiak ezagutu nahi zituela eta. Neukan guztia eman nuen denboraldi-aurrean, eta lortu nuen hemen segitzea.

Kontuak ederki aldatu dira. Ia Realetik kanpo egoteari utzi, eta jokalari garrantzitsu bihurtu zara.

Halaxe da, zorionez. Urte dezente daramatzat jada goi mailan jokatzen, eta uste dut urtez urte hobetzen ari naizela. Jagoba Arrasatek konfiantza osoa du nigan, eta taldean lehiakortasun handia dagoen arren, jokatzeko aukera eman dit. Esperientziari esker, taldeko pieza garrantzitsuenetako bat naizela esango nuke taldean zein aldagelan.

Dena den, lesioek ez dizute laguntzen. Erabat osatuta al zaude?

Baietz pentsatu nahi dut. Iazko azaroaren 23an ezker belauneko lotailu gurutzatuan bihurritu bat izan nuen. Tira, egia esan, lehenagotik ere sentitua nuen zerbait, baina zartakoa egun hartan jasan nuen. Makina bat buruhauste izan dut ordutik. Osatuta nengoela uste nuenean jokatzen hasi, eta mina sentitzen nuen berriro. Era horretan ibili naiz luzaroan. Azkenean, joan den asteburuan Valentziaren aurka eroso aritzea lortu nuen, eta lasaitu egin nintzen. Orain, hala segitzea espero dut sasoia amaitu bitarte.

Izan ere, guztien beharra izango du Jagoba Arrasatek azken hamar partidetan. Taldea zer moduz dago azken txanpari aurre egiteko?

Ilusioz eta gogotsu. Sasoi honetan inoiz baino partida gehiago jokatu ditugu, eta ez dut gezurrik esango: horrek ondorioak dakartza. Hanketan nekea sumatzea normala da. Arlo horri begira, uste dut entrenatzaileak erabaki zuzenak hartu dituela denboraldian jokalari guztioi aukera emanez, eta nolabaiteko berme batekin jokatuko ditugu geratzen zaizkigun partidak. Jendeak ez dezala dudarik egin: geratzen zaizkigun indar apur guztiak gastatuko ditugu.

Realaren azken partidek zalantza bat edo beste eragin dute. Bi porroten ostean, Valentziaren aurka ez zineten distiratsu aritu. Zer diozu?

Sevillaren eta Rayo Vallecanoren aurka galduta, gu ere kezkatuta geunden, ez pentsa. Horregatik, joan den igandean hiru puntuak lortzea zen garrantzitsuena. Akaso ez zen gure norgehiagokarik onena izan, baina une oro jakin genuen zertan ari ginen. Lan zikina eta taktikoa egitea tokatu zitzaigun, eta asmatu genuen. Gau horretan lo lasai egiteko aukera eman zigun horrek.

Zuk hasieratik jokatu zenuen gainera, Rayoren aurkakorako deialditik at geratu ostean.

Futbolaren kontuak dira horiek. Lehiakortasun handia daukagu taldean, eta berriz ere egokituko zait halakorik.

Zelai erdian lehiakortasuna daukazuela gauza jakina da. Gogorra egiten al da deialditik at geratzea?

Oso gogorra. Zeure buruari galdera asko egiten dizkiozu: ea entrenatzaileak zugan konfiantzarik ez duen, zergatik hartu duen erabaki hori... Gainera, taldekideen partida telebistaz ikusita gehiago sufritzen da.

Orain aurrera begiratu beharra daukazue, astebetean hiru partida jokatuko baitituzue. Hor erabaki al daiteke Realaren etorkizuna?

Baliteke, bai. Almeria, Valladolid eta Osasuna izango ditugu aurkari. Hasiera batean egutegi sinplea badirudi ere, ez da hala. Oso partida zailak izango dira. Hiru talde horiek beheko postuetan daude, eta egoera horretan dauden aurkariak zailagoak izan ohi dira besteak baino ligako azken txanpan. Dena den, aukera ona dugu gorago begira jartzeko.

Zer da gorago begira jartzea, laugarren postura gerturatzea?

Horrelako zerbait. Ni errealista naiz, eta badakit sailkapenean atzetik ditugun taldeak gertuago daudela goikoak baino. Athletic indartsu dago, eta zaila izango da laugarren postua lortzea. Ordea, baikorra naiz, eta ez dut baztertzen. Hori bai, Europa kasik ziurtaturik daukagu, eta hori baloratu egin behar lukete zaleek. Ezin dugu ahaztu non geunden orain bost urte.

Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan duzu sasoi honetan. Nolako esperientzia izan da?

Ikasketa ezin hobea izan da niretzat zein taldekideentzat. Futbola interpretatzeko mila era daudela ikusi ahal izan dut, eta beste kulturak ezagutzeko aukera ere izan dugu. Kirol arloari begira, pena izan zen kanpoan hain bizkor geratzea, baina ziur nago berriz ere izango dugula aukeraren bat.

Oroigarri bat ere eskuratu zenuen partidaren batean...

Bai, Ryan Giggs Manchester Unitedeko jokalari mitikoaren elastikoa. Parean tokatu zen, eta... Lehengusuari oparitu nion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.