Jon Odriozola izan da Euskadi-Murias taldearen irudia duela bost urte txirrindularitza proiektu horrek lehen pedalkadak eman zituenetik. Berak sinistu du gehien izan da asmo horretan. Itsu-itsuan egin du, erabat konbentzituta. Horregatik, jakin-mina zegoen ea zer esango zuen taldea desegitearen inguruan. Euskadi-Muriaseko managerrak ez du berehalakoan hitz egin nahi izan. Bi egun itxaron nahi izan ditu iritzia emateko, eta taldeak berak webgunean hari egindako elkarrizketa baten bidez egin du.
Odriozolak aitortu du «oso gogorrak» izan zirela taldeak ez zuela jarraituko jakin ondorengo lehen momentuak, eta hasieran «etsipena» sentitu zuela, baina antolatzaile, zale, kazetari eta beste hainbaten mezuak jaso eta gero, «aho zapore onarekin» gelditu dela.
«Oso pozik» doa, gainera, eginiko lanarekin. «Proiektua sortu zenetik oso garbi genuen Euskadiren izena eramatea erantzukizun handia zela, eta bete behar genuen exijentzia maila, oso handia. Garaipen garrantzitsuak lortzeko gai izan behar genuen. Nire ustez, helburuak sobera bete ditugu, lasterketa handietan garaipenak lortuta eta egutegi ezin hobean lehiatuta. Oso pozik nago, halaber, datu objektiboei begira, milioika pertsonek jakin dutelako Euskadik txirrindularitzaren mailarik gorenean talde bat zuela. Gainera, publizitate itzulkina 80-90 milioi inguru izan dela badakigu, enpresa fidagarri batek egindako txostenaren arabera».
«Bikaintasuna lortu dugu»
Taldeko managerrak dioenez, Muriasek proiektua hasteko proposamena egin zuenean, «oso argi» zuten zer egin behar zuten euskal txirrindularitza «bizirik» mantentzeko: «Euskadi nazioarteko mailarik gorenera eramango zuen harrobian oinarritutako taldea osatzea». Odriozolaren arabera, «bikaintasuna» lortu dute, «urtetik urtera egutegi hobea eginez, Espainiako Vueltan bitan arituz eta proba horretan erreferente bihurtuz». Euskadi-Muriaseko txirrindulariak bi etapatan nagusitu dira Espainiako Vueltan, Turkiako eta Norvegiako itzuliak irabazi dituzte, baina garaipen horien gainetik Odriozolak dio taldearen arrakastarik handiena «jendearengana iristea» izan dela. «Pertsona ugari talde honetan islatuta ikusi dira». «Harrobiaren alde egindako apustua» ere nabarmendu du. «Etorkizunean garaipen handiak emango dizkiguten txirrindulari askori guk eman diegu profesional mailan aritzeko lehenbiziko aukera».
«Umiltasuna» izan da Odriozolaren ustez, hori guztia egiteko sekretua. «Familia bat bilakatu den taldea izan gara, eta proiektu global batean lan egin dugu, marketin aldetik kirol arlora lan egin duena. Estrategia plan hori gabe, lortu duguna ez zatekeen posible izango». Lantaldearen funtzionamendua ere goraipatu du. «Ezarri dugun lan sistemari esker, gure egituraren lana World Tour mailako taldeen pare ibili da, nahiz eta egitura bera askoz txikiagoa izan». Taldearen maillot berdeari ere heldu dio. «Itxaropenaren kolorea da. Mundu mailako txirrindularitzak ikusi du nola gure maillotaren kolorea telebista guztietan nabarmendu den, eta horregatik miretsi gaituzte. Kirol arloan, berriz, oso txirrindulari gazteak konbentzitu ditugu txirrindularitzako izarrei irabaztera ausartu behar zutela, eta kasu batzuetan lortu dugu. Hori izan da gure arrakastaren gakoa». Eskerrak eman dizkie urte hauetan ondoan izan eta babesa eman diguten guztiei, taldekideei, txirrindulariei zein babesleei.
Eta orain zer? Odriozolak argi du gertatutakoa «puntu eta jarrai bat» dela. «Eta Euskadi-Murias taldearekin helburu guztiak beteta, gaur bertatik taldearen oinarrizko ideiak garatuko dituen proiektu berri batean hasiko naiz lanean, Europa mailan harrobian oinarritutako talderik onena sortzeko helburuarekin». «Ziur» da hori posible dela. «Irmoki sinesten dut harrobia landuko duen Europako talde batentzat lekua badagoela eta hurrengo hilabeteetan proiektua garatzen ahaleginduko naiz. Uste dut egin dugun guztia ereitea izan dela, eta etorkizuna idazteke dago. Mundu mailako txirrindularitzan lanean jarraituko dut».
Bukatzeko, zaleei mezu bat bidali nahi izan die. «Euskal zaleei bereziki itxaropen mezua bidali nahi diet etorkizunari begira. Euskadi-Muriasek, lehen esan dudan bezala, hainbat fruitu emango dituen hazia erein du eta, batez ere, duela urte batzuk euskal txirrindularitzak jasandako zurztasuna konpondu zuen».
«Gure helburu guztiak sobera bete ditugu»
Jon Odriozola Euskadi-Muriaseko managerrak aitortu du «etsipena» sentitu duela taldearen desegitearen berri izan duenean, baina jasotako mezuek «aho zapore ona» utzi diotela. Beste txirrindularitza proiektu bati ekingo dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu