Joseba Agirre. Athleticeko kirol zuzendaria

«Gure filosofiak hauspoa izan behar du lehiakor izateko»

Sasoia amaitzeko bost partida falta dira, eta taldearen lanaz balorazio ona egin du Agirrek. Ekainean kontratua amaituko zaien jokalari guztiei segitzea eskaini dietela aurreratu du.

MONIKA DEL VALLE ÷ FOKU.
ainara arratibel gascon
Lezama
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Aulkitik lehen, bulegoetatik orain. Futbola, baina batez ere Athletic, barru-barrutik bizi du Joseba Agirre kirol zuzendariak (Ortuella, Bizkaia, 1964). Lasai jardun du hizketan, gustura, eta estu iritsi da elkarrizketa ondoren zuen batzarrera.

Bost jardunaldi eskas geratzen dira liga amaitzeko. Zein balantze egiten duzu ?

Aurreko denboraldia hobetu dugu, eta taldea lehiakor izan da. Alde horretatik, pozik gaude. Gainera, hainbat jokalari gazte lehen taldean egonkortu dira, eta beste batzuek zenbait minutuz jokatu dute. Pena izan da ihes egin ziguten pare bat garaipenen erruz ezin izan garela Europarako borroka horretan bete-betean egon. Oraindik bost partida geratzen dira liga amaitzeko, eta helburua ahalik eta puntu gehien pilatzea izango da. Ezin dugu amore eman, ez baita gauza bera bosgarren edo zazpigarren geratzea. Denboraldi baten amaieran dituzun sentipenek, neurri batean, eragina dute hurrengoari begira.

Jokoari dagokionez, nola ikusi duzu taldea?

Iraiak taldearen ardura hartu zuenetik, taldeak bere ohiko jokoarenesentzia berreskuratu du: trantsizio azkarrak egin, eta erdiraketak eta erremateak bizkor bilatu. Arantzaren bat aipatu behar izanez gero, Kopa aipatuko nuke. Beti dugu itxaropena txapelketa horretan, eta Sevillaren aurka galtzea, etxean, kolpea izan zen.

Iragan sasoian taldearen ardura urtarrilean hartu eta gero, hau osorik beteko du Iraia Iturregi entrenatzaileak. Zein balorazio egiten duzue haren lanaz?

Iraia denetik izan da klubean: jokalari, prestatzaile fisiko, bigarren entrenatzaile... Ondo ezagutzen ditu bai kluba, baita emakumeen futbola ere. Eta horrek asko lagundu dio, gauzak hain ondo egiteko orduan. Oso gustura gaude harekin, eta nola ari den eramaten taldea. Eskertu egin behar diogu, gainera, taldea hain gaizki zegoenean ardura hartzeko egin zuen urratsa. Guretzat aukerarik onena zen, baina beretzat ez zen garairik egokiena, agian. Bigarren taldean lan aparta egiten ari zen, eta gozatzen. Lehen taldea, berriz, inoizko garairik zailenean zegoen. Baina Athletic asko maite du, eta halako egoera batean Athleticek laguntza eskatzen dizunean, ez duzu bitan pentsatzen.

Denboraldi eta erdi honetan entrenatzaile moduan hazi egin dela uste duzu?

Uste dut denboraldi honetan benetako Iraia ikusi dugula, eta taldeari bere zigilua jarri diola. Esperientzia bilduz doa, gainera. Argi dago beste aurrerapauso bat eman duela. Ikasteko gogo handia du, eta asko eskatzen dio bere buruari. Ziur ez dela guztiz pozik geratu egindakoarekin. Hori ona da, funtsezkoa baita hazten eta hobetzen segitzeko. Jokalariei, gainera, oso gustura ikusten zaie harekin.

Ariko da jada pentsatzen datorren sasoian zer egin bai taldeak baita berak ere beste urrats bat egiteko, ezta?

Bai, helburua hori da denboraldi guztietan: aurrerapauso bat ematea. Gure filosofiarekin, zailtasun handiak ditugun horretarako. Hori lortzeko egin behar duguna da harrobian ondo eta asko inbertitu, eta asmatu. Ez dugu beste modurik lehiakor izateko, kanpotik ekartzeko ez dagoelako asko.

Denboraldi honetan, hala ere, hiru fitxaketa egin zenituzten: Mariasun Quiñones, Itsaso Uriarte eta Ainhize Barea Peke. Nola ikusi dituzu?

Lan ona egin dute, eta gauza asko eman dizkiote taldeari: patxada eta eskarmentua, lehiakortasuna entrenamenduetan, eta aukera gehiago jokoan eta hamaikakoak osatzeko orduan...

Harrobitik igotakoen ekarpenaz zein hausnarketa egiten duzu?

Uste dut oso ona izan dela. Oihane Hernandez eta Oihane Valdezate sekulako sasoia egiten ari dira: Ane Azkona eta Ogiza asko hazi dira; eta Paula Arana jokatzen aritu da. Etorkizun handiko jokalaria dela uste dugu. Haien jarduna ikusita, batzuek Lehen Mailan denbora asko daramatela dirudi. Baina oso gazteak dira.Pena bakarra Naroa Uriarteren eta Leire Monenteren lesioak izan dira.

Iturregi hor egonda, gazteen garapena errazagoa izango da? Haiekin lan egin du, eta bera ere harrobiko jokalaria izan da.

Dudarik gabe. Gazteekin pazientzia izan behar da, Bigarren Mailatik Lehen Mailarako saltoa handia baita, eta egokitzapena ez da egun batetik bestera lortzen. Iraiak ondo daki hori; badaki zein zailtasun dituen jokalari batek gora egiteko, eta aldi berean oso barneratua du Athleticen filosofia. Gainera, jokalari horiek oso ondo ezagutzen ditu, harrobian haietako gehienekin egin baitu lan. Horrek guztiak asko laguntzen dio jokalari bakoitzari bere garapenean, eta halako teknikari bat izateak jokalariei ere konfiantza ematen die egunerokoan. Bestalde, eskarmentu handiko jokalariek ere asko laguntzen diete: Vanesa Gimbertek, Erikak, Marta Unzuek, Nekanek... Beharbada lehen baino gutxiago jokatzen dute, baina sekulako ekarpena egiten dute arlo horretan.

Nola doaz ekainean kontratua amaituko zaien jokalariekin elkarrizketak?

Guztiekin hitz egin dugu, Gimbertekin eta Erikarekin izan ezik. Baina duten ibilbidearekin irabazi egin dute beren etorkizunaren inguruko erabakien epeak haiek ezartzea. Sasoia amaitu arte itxaron nahi izan dute, nola dauden ikusi, eta erabakia hartzeko.

Zuek biek jarraitzea nahiko zenukete?

Guk ahalik eta talde lehiakorrena osatu nahi dugu.

Eta besteek? Izan ere, kontratua amaituko zaie Lucia Garciari eta Ainhoa Vicente Morazari, funtsezkoak eta kanpoko taldeen eskaintzak izan ditzaketenak.

Denbora asko daramagu jokalari guztiekin hizketan. Batzuekin urrian hasi ginen, etabeste batzuekin, urtarrilean. Denei egin diegu segitzeko eskaintza. Guk jarraitzea nahi dugu, eta haien nahia Athleticen segitzea bada, jarraitu egingo dute. Lucia eta Ainhoaren kasuan, ziur naiz denboraldia amaitu arte beren onena emango dutela. Pozik ikusten ditut hemen, eta, esan bezala, Athleticen segitu nahi badute, segituko dute.

Eta fitxaketaren bat egiteko asmorik baduzue?

Argi dago fitxaketak egiteko aukera gutxi dugula, merkatu txikia baitugu. Gure indargunea beheko mailetatik jokalariak erakartzea eta harrobia ondo lantzea izan behar du.

Gero eta zailagoa da talde lehiakor bat osatzea eredu horrekin?

Zaila da oraindik ere emakumeen futbolean fitxa gutxi daudelako, eta, gainera, Alaves, Reala, Eibar eta Osasuna ere hor daudelako. Gainera, ekartzen duguna daukaguna hobetzeko izan behar du. Gure helburuak, datorren denboraldiari begira, izan behar du lehen aipatu ditugun gazte horiek beste aurrerapauso bat ematea, eta goi mailan egonkortzen segitzea. Eta, noski, denbora luzez min hartuta daudenak osatzea: hor ditugu Naroa eta Istillart. Alde horretatik, ez dugu zorte handirik izan. Utzita dauden jokalariak ere espero genuena ematen ari dira. Nerea Nevado jokatzen ari da Alavesen. Amaia De la Peña ez da ari denboraldi erraza izaten Eibarren, taldearen egoera ere ez delako ona. Baina jokatu duenean oso ondo egin du. Bibianek, berriz, ez du zorterik izan Valentzian, bi lesio izan baititu. Baina Amaiarekin gertatu bezala, aukera izan duenean erakutsi du zertarako gai den. Udan hona bueltatuko dira, eta denboraldiaurrean ikusi nahi ditugu. Baina apustua ona izan da. Hiru kasuetan Lehen Mailan aritu dira.

Iazko denboraldia nola bizi izan zenuen. Izan ere, ez zeundeten ohituta behean egotera?

Ez zen erraza izan. Guztiok sufritu genuen. Baina egoera guztietatik ikasten da, eta are argiago geratu zitzaigun orain arte ondo egin direla gauzak, baina horrekin bakarrik ez dela nahikoa. Gainera, nik nahiago dut aurrera begiratu, eta baikor izateko arrazoiak ditugu. Hiru kategoria nagusietan taldeak ditugun klub bakarrenetakoa gara, eta harrobiko talde bat izanda, hori oso inportantea da. Balio handia eman behar diogu, horrela jokalariak maila batetik bestera igotzean ematen duen saltoa errazago barneratzen baitu.

Zein da garairik egokiena jokalari batek jauzia emateko?

Garai zaila da. Izan ere, gatazka izaten dute sarritan jokalariak eta klubak. Jokalariak presa izan ohi du gorenera iristeko. Klubak, berriz, harrobitik bizi behar duen arren, jokalariaren ibilbideari erreparatu behar dio, eta garai egokia aukeratu behar du urrats hori egiteko. Asko hitz egin behar duzu jokalariarekin, ez frustratzeko. Izan ere, esan bezala, presa handia dute, eta ez da erraza hori dena kudeatzea. Guk erakutsi eta ikusarazi behar diegu egokiagoa dela pauso txikiak baina ziurrak eta sendoakematea, eta ez luzeak baina oinarririk ez dutenak.

Valdezate, Hernandez, Azkona, Ogiza, Monente... Gertu daude taldearen lema hartzeko, eta taldea goiko postuetan mantentzeko?

Argi dago Erika, Gimbert eta Nekane bezalako jokalarien lekua hartzea ez dela erraza, asko eman baitiote klubari. Baina haiek egin zuten moduan, hauek ere egin beharko dute. Gainera, prest ikusten ditut goi mailako partidei berme guztiekin heltzeko. Ziur nago talde lehiakorra izaten segituko dugula etorkizunean ere. Gure filosofiak indargune eta hauspo izan behar du lehiakor izateko. Iragan urtean ikusi genuen ezin dugula lo hartu, eta inor baino exijenteagoak izan behar dugula, fisikoki eta mentalki onenean egoteko. Aurreko denboraldian, emaitza txarrak pilatuta, konfiantza galdu genuen. Halako egoeretan, jokalariak ez dira ausartzen normalean egiten dituzten gauzak egitera. Gainera, harmailak hutsik egonda, zailagoak izan ziren gauzak. Jokalariak ere ezin ziren elkarrekin egon aldagelan, eta antzeman zuten.

Amaiur Sarriegik, taldea utzi, eta Realarekin fitxatzea erabaki zuen. Min egin zizuen? Beldurrik baduzue harrobiko beste jokalari batek bide berdina hartzea, ez bakarrik Realera, baizik eta Lehen Mailako beste talde batera joatea?

Galdera bada Amaiurrena akatsa izan ote zen, ezetz esango dut. Orduan esan nion gauza bera esango nioke. Lehen Mailako taldearekin egongo zela esan genion, baina bigarren taldeko fitxa izateko moduan zegoela, lehenengo taldearekin jokatzen ez bazuen bigarrenarekin egoteko. Jokalari gaztea zen, eta uste genuen beretzat egokiena horixe zela. Gainerako gazteekin berdina egiten dugu. Beste bide bat hartzea erabaki zuen, eta aitortu behar da Realarekin denboraldi aparta egiten ari dela. Beldurrari dagokionez, ez dugu beldurrik. Aipatu dudan bezala, Athleticen egon nahi duten jokalariak Athleticen daude.

Orain bulegoetan zaude. Aulkian egotearen falta duzu?

Oro har ez. Neure burua ez dut soilik entrenatzailetzat. Baina aurrekoan gaztetxoentzat antolatutako entrenamendu batean egon nintzen, eta bai antzeman nuen jokalariekin egoteko falta hori. Zoriontsu naiz Athleticen, etaemakumeen futbolaren alde lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.