Ioseba Amunarriz. Hondarribiako patroia

«Gure filosofia da helburu handiak ez jartzea eta lana serio egitea»

'Isil-isilik dago, kaia barrenean...'. Hondarribiaz ari zitekeen kanta. Ez zen pronostikoetan sartzen, beste talde batzuk oso indartsu zeudelakoan, baina San Miguel liga bigarren aldiz irabazi du. «Urterik onenetakoa» izan da patroiarentzat.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2014ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Eztarria urratua du, baina ezzuen parranda handirik egin igandean: «Estropadako nekeak burua oso nekatua utzi zidan». Ioseba Amunarriz (Hondarribia, Gipuzkoa, 1978) ari da hizketan, San Miguel liga bigarrenez irabazi berri duen Hondarribiako patroia.

Uda hasieran espero al zenuten hain ondo ibiltzea?

Hainbeste ez genuen espero, uste genuelako ontzi bat edo beste gure gainetik ibiliko zela. Bagenekien gu azkar genbiltzala, baina ez beste batzuk bezain bizkor.

Liga hasieran kezkatu egin zineten Bartzelonan bosgarren egin ondoren eta Galiziako lehen bi estropadetan hirugarren?

Lasai geunden orduan. Bartzelonan ez genuen zorte onik izan, eta aurretik, denboraldi-aurreko azken estropadan, Lekeiton, irabazi egin genuenez, Bartzelonakoa zorte txarraren ondorio zela ikusi genuen. Nahiz eta ohartu ginen Orio gu baino hobeto hasi zela, koska bat gorago zegoela. Galizian, gertu ibili ginen Oriokoengandik, eta ikusi genuen gai ginela banderak lehiatzeko beraiekin.

Eta aurreneko bandera segituan irabazi zenuten: Pedreñan eta laugarren estropadan. Hurrengo egunean, Donostian, bigarren izan zineten. Asteburu hura inflexio puntua izan zen zuentzat?

Uste dut Galiziako emaitzen segida bat izan zela. Pedreñan gerra ematera atera ginen, eta irabazi egin genuen. Taldeari beste zerbait eman zion garaipen hark, beste konfiantza bat, beste jantzi bat. Asteburu horretan puntu asko berreskuratu genituen, eta ikusi genuen gai ginela Orio harrapatzeko. Ordutik aurrera, gure filosofia izan zen ahalik eta puntu gutxien galtzea, eta goiko borrokan sartzea. Lortu genuen, eta Orioren parean ibili ginen.

Seigarren estropadan bigarren bandera irabazi zenuten, Pasai San Pedron, eta gero, Orion, hirugarren izan zineten. Hondarribia definitzeko, «erregulartasuna» hitza erabiltzen hasi ziren kazetariak.

Erregularrenak izan gara; horretan ez daukat inolako dudarik. Gainera, arraunlariak aldatu egiten genituen estropada batetik bestera, eta traineruak banderen borrokan segitzen zuen. Hor ikusi genuen hogei arraunlariko talde ona genuela, eta gai izango ginela fresko heltzeko liga amaierara, ahalik eta ondoen.

Hondarribia hor goian ikustea ez zen ezuste handia izan askorentzat, eta ia inoren arreta ez bereganatzeak mesede egin zizuen?

Gure filosofia da helburu handiak ez jartzea, eta lana serio egitea, ilusioarekin, egunero-egunero. Horrek eman dizkigu garaipenak, eta horrela jarraituko dugu. Estropadaz estropada joaten gara, urrunago begiratu gabe, eta ondo doakigu bide horretatik. Ikusten genuen horixe zela bidea eta garaipenak pilatuko genituela.

Galiziako bigarren asteburua heldu zen ligaren erdi-erdian, eta Orio atzean uzten hasi zineten. Beste mugarri bat izan zen?

Pixkanaka Orio atzean uzten joan ginen, eta lehen aipatu dizudan helburua gauzatzen ere bai: kale txarra tokatu izan zitzaigun estropadetan, esaterako, ez genuen puntu askorik galtzen; hirugarren edo laugarren egiten genuen. Eta hain erregularra izanda, ez zen harritzekoa izan hainbeste puntu batzea.

Zarauzko bi estropadak etorri ziren gero, baina ez zenuten emaitza onik atera ahal izan. Aho zapore txarra utzi zizueten bi egun haiek?

Dezepzioa izan zen neurri handi batean, Zarauzko Bandera inoiz ez dugulako irabazi. Lehen egunean, gainera, hirugarren ziabogan aurretik ginen, eta ikusi genuen aukera bandera irabazteko, nahiz eta bigarren eguna falta artean. Igandean ez ginen ondo ibili, ez genuen egunik onena izan, baina, hala ere, laugarren izan ginen, eta ez genuen puntu askorik galdu.

Zarauzko bi egunen ondoren, Orio gerturatu egin zitzaizuen ligako sailkapenean. Arriskuan ikusi zenuten titulua?

Hurbildu, hurbildu zen, baina arriskuan ez genuen ikusi. Gure artean hitz egin genuen, eta ondorio garbi bat atera: liga irabazteko, asko borrokatu beharko genuela oraindik ere.

Berehala ipini zenituzten gauzak bere lekuan, hurrengo asteburuan, Nojan, mahaian beste kolpe bat eman zenutelako.

Hala da, bai. Berriz ere garaipenen bidera itzuli ginen, eta beste poz bat, beste konfiantza bat eman zigun liga amaierari behar bezala ekiteko.

Beste mugarri bat zuen herriko estropada izan zen?

Bai, dudarik gabe. Oso baldintza txarretan tokatu zitzaigun lehiatzea azkeneko txandako ontziei, eta, hala ere, bigarren egin genuen, azkenean. Guretzat, irabaztearen parekoa izan zen. Gainera, Oriori puntu gehiagoko aldea sartu genion. Aste bukaera hura mugarria izan zen liga irabazteko. Kontxako Bandera gertu zen, jende guztia Donostian ari zen pentsatzen, eta guk kolpea eman genion ligari. Garbi geneukan Kontxa hor egonda ere gure lanean segitu behar genuela, puntuak batuz.

Bilbokoa ere handia izan zen zuentzat. Azken-hirugarren estropada zen, eta, sekulako lana eginda, bandera irabazi eta liga ia erabakita utzi zenuten.

Taldea oso ondo zegoen; fresko zeuden arraunlariak. Bilbon, azkeneko luzean hautsi genuen estropada, fresko geundelako.

Bermeon erakustaldia emanda, txapelduna zein den erakusteko asmoa zenuten?

Taldean gogo handia zegoen Bermeon irabazteko, iaz Kontxan eta Bermeon gertatua gogoan. Gainera, Portugaleten izanik azkeneko estropada, ia erabakita heltzea zen asmoa, kale zozketagatik puntu asko gal genitzakeelako.

Zer dago Hondarribia on honen oinarrian?

Taldeko giroa. Oso ona da, bikaina, zoragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.