Fotis Katsikaris. Bilbo Basketeko entrenatzailea

«Gure bolada txarrena bi partidakoa da; indarra ematen digu horrek»

Kanporaketetan gertatzen dena gertatuta ere, kontent da. «21 garaipen lortu ditugu, eta Europara itzuliko gara. Hemendik aurrera lortzen dugun guztia saria izango da». Valentziaz, kanporaketako aurkariaz, berriz, «talde bikaina» dela dio, baina presioa harena dela, eta hori baliatzen asmatu behar dutela.

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hirugarrenean lortu du aurrez aurreko elkarrizketa BERRIAk Fotis Katsikarisekin (Korydallos, Grezia, 1967). Aurreko biak telefonoz izan dira. Patxada handiko gizasemea da. Lasai hitz egiten du, apal, Miribillako kiroldegian daukan bulego txikian. Jose Manuel Monje bere prentsa burua ere presente dago elkarrizketan, baina hark telefono dei bat erantzuteko bulegotik atera denean mintzatu da hiztunen.

Bukatu da liga erregularra, baita ondo bukatu ere. 21 garaipen kopuru ona da.

Ona baino gehiago, oso ona. Seigarren postuan sailkatu gara, eta 2011-2012 sasoian Europara itzuliko gara Fuenlabradak Real Madril kanporatzen ez badu. Europa da talde baten hazkuntzaren ispilua, eta guretzat ezinbestekoa zen lorpen hori. Talde handi guztiei irabazi diegu partida bat gutxienez, eta horrek erakusten digu gai garela. Zuhurtziaz ekingo diogu, talde handiek eskarmentu handia dutelako titulua lortzeko kanporaketetan. Mila borrokatan aritutakoak dira, gu baino gehiago dakite, baina guk ere ikasi egin nahi dugu pixkanaka.

Sasoi hasierako aurreikuspena gainditu al du taldeak?

Bai, batez ere nola hasi ginen ikusita. Ezezagunak ziren jokalariekin apustu arriskutsua egin genuen, eta apustua irabazi dugu. Aaron, Mavro, Kostas… [Jackson, Mavroeidis eta Vasileiadis], hirurak jokalari berriak. Jacksonena zen apustu zailena, joko antolatzailearen postua funtsezkoa delako egungo saskibaloian. Ondo erantzun du, eta nire bi herrikideek eman duten aurrerapausoarekin ere konforme nago. Une zailak bizi izan ditugu, emaitza txar batzuk, baina aurre egin diegu, eta talde handiek egiten duten moduan: nortasunarekin, talde izaerarekin. Gure bolada txarrena bi partidakoa izan da, eta indarra ematen digu horrek. Aurkariek badakite guri bi partida jarraian irabaztea ez dela erraza.

Datu garrantzitsua da hori.

Bai, gure joko ona bezala. Ni joko taktikoaren aldekoa naiz betidanik; jabetza luzeak, erritmoa guk kontrolatzeko, baina ikusi dut gai garela joko azkarragoa egiteko, trantsizioan jokatzeko, hain joko taktikoa ez egiteko. Jacksoni esker egin ahal izan dugu aldaketa hori, eta pozik nago, egoskor samarra bainaiz nire ideiak aldatzerakoan. Beste dohain bat ere nabarmenduko nuke: talde honek beti edo ia beti ematen du dena. Gutxitan aritu gara gogogabe, konpromisorik gabe, eta ez gara gutxigatik galtzeko asmoz kantxaratu inoiz, garaipena lortzeko asmoarekin baizik.

Mingain gaiztoek diote 9-10 milioi euroko aurrekontuarekin lau onenen artean sartzea derrigorrezkoa zela. Ados?

Bueno, aurren-aurrena, ez dakit zuk aipatzen dituzun kopuru horiek benetakoak diren, ezetz esango nuke. Nire ustez, lau onenen artean sartu behar genuela diotenek ez dituzte lau onenen artean sartu diren taldeen aurrekontuak begiratu. Laurak gureak baino handiagoak dira, edo askoz handiagoak. Zer pentsatuko ote dute Malagan edo Sevillan? Daukaten aurrekontu puskarekin azken jardunaldian sartu da Unicaja zortzi onenen artean, eta kanpoan geratu da Cajasol. Gehiegi eskatzen da. Guri Valentzia kanporatzea exijitzea bidezkoa al da? Ba al daki jendeak Valentziak ze gaitasun ekonomikoa duen? Sasoi erdian mugimenduak egiteko gaitasuna dute, eta guk ez. Diruak ez du talde bat egiten. Beste aldagai batzuk indartsuagoak dira. Jokalari on bat errazago joango da Valentziara edo Gasteizera, ez sos kontuengatik, merkatu hobeak direlako, Euroliga jokatzen dutelako. Guk beste modu batean egin behar dugu lana, merkatu horien aurka, eta etorkizuna duten jokalariak fitxatuta. Arrisku handiagoak hartzen ditugu.

Lesioen alorrean eta, nahiko puntu onean iritsi zarete kanporaketetara.

Bai, eta eskerrak, gorabehera asko jasan baititugu. Axel Hervelle oraintxe hasi da bere onena ematen, bost hilabete eman baititu ez atzera ez aurrera tendinitis baten erruz. Axelek bete-betean egon behar du fisikoki, bere onena emateko, eta oso jokalari garrantzitsua izango da guretzat. Marko Banicen hutsunea ere izan genuen Kopan, eta asko nabaritu genuen. Javi Rodriguezen lesioak ere plangintza aldarazi zigun sasoi hasieran. Gera gaitezela gauden bezala!

Rodriguezen lesioaren harira: ordezkoa bilatu, ordezkoaren fitxari eustea eta Rodriguezi kentzea, Chris Warrenekin egon ziren gorabeherak… Taldea kudeatzen asmatu duzula ezin ukatu.

Asmatu, asmatu… zeren truke, ezta? Oso une txarrak pasa ditut, baina erabakiak hartzeko ordaintzen didate. Javi oso justu zegoen fisikoki (Javi Rodriguez), eta Aaron Jacksonek ere gorabehera dezente izan zituen sasoi hasieran, gauza normala iritsi berria zen heinean. Josh Fischerren aldeko apustua egin genuen, ziurtasuna ematen zigulako. Warreni dagokionez, berak bere errua onartu zuen, eta esan genion, aldatu edo ez zuela gurekin jarraituko. Mezua ulertu zuen, eta bere lana oso ona izan da bigarren itzulian. Gaur da eguna hurrengo sasoian gurekin jarraitzeko aukera duena.

Jackson bikain ari da, baina Fischerrekin asko jaisten da taldea. Arduratuta horregatik?

Bai, bai. Funtsezko postua da taldean, baina orain dagoeneko ez daukagu mugitzeko tarterik. Daukagunarekin bukatu beharko dugu denboraldia. Fischer ez da joko antolatzaile petoa, eta hortik dator hutsunea. 1-2 postuetan joka dezake, baina eskolta postuan hobeto moldatzen da. Fisikoki eta buruz ere ondo dago, eta ahal duena egingo du. Nire ustez, ondo; ez gaitezen kontu horrekin erotu.

Zer esaten dizu Valentziak?

Erraz menderatu genuela Bilbon, eurak bolada txarrean zeudenean, eta aise gainditu gintuztela Valentzian, dagoeneko indarrean zeudenean. Talde gogorra da, Euroligako dinamika zailera egindakoa. Liga irabazteko faboritoa izan liteke. Valentzian zein akats egin genituen aztertuko dugu, eta horiek ez errepikatzen ahalegindu. Presioa eurena da, dena den, haiek dira irabazteko beharra dutenak, ez gu, eta ea egoera horri etekina ateratzen asmatzen dugun. Gu hazten ari gara, eta Valentziaren aurka jokatzea haztea da; haiek garaitzea, zer esanik ez.

Haiek garaitzea Euroliga gerturatuko luke Bilbora.

Bueno, lasai e? Guk, Euroliga jokatzeko, finala jokatu beharko genuke, eta Euroligaren gonbita jaso. Ez da gure berehalako helburua. Eurokopa jokatuko dugu hurrengo sasoian ziurrenik, eta etxea poliki-poliki eraiki nahi dugu, presarik gabe eta oinarri on batekin.

Defentsako lan ona da taldearen ikurretako bat, baina badirudi aurkariak zuek adina edo gehiago estutzen duenean huts egiten duzuela. Valentzian gertatu zen, Malagan, Gasteizen…

Arrazoi duzu, baina normala da halakoak gertatzea, estutzen gaituztenetan garaipena lortzeko gai izango bagina txapeldunak izango ginatekeelako. Ditugun ahuldadeen jakitun naiz, noski, baina gorde egin nahi ditut, eta gure bertuteak erakutsi. Hiru partidatan bakarrik pasa dira gure gainetik, baina 34 partida izan dira denera. %10ean bakarrik geratu gara garaipena lortzeko aukerarik gabe; esanguratsua da.

Partida horietan taldea fisikoki justu samar ote zegoen sumatu da.

Ez, ez nago batere ados. Ez dugu neke fisikorik eduki, burukoa agian. Talde hau astean bi partida jokatzeko eraiki zen, eta bakarra jokatu behar izan du. Horrek halako buruko nekea eragin duela uste dut, partidatik partidara aste osoa zain… Astean bi partida jokatu izan bagenitu 21 garaipeneko langa gaindituko genuela pentsatzen dut.

Pablo Lasok BERRIA-n esan du Valentzia garaitzeko moduko talde ona duzuela.

[Barrez]. Oraintxe deituko diot Pablori eskerrak emateko. Ea arrazoi duen.

Berari ligako finala eta ligako garailea esateko eskatu nion, eta zuri ere antzekoa eskatuko dizut.

Bueno, bihotzarekin Baskonia eta Valentziaren arteko finala ikusi nahi nuke. Gauza ona litzateke ligarentzat. Valentzia aukera askorekin ikusten dut, oso talde ona du; eta Baskoniak Bartzelonaren koska gainditu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.