Hirugarrenez jarraian, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan izango da Ander Imaz (Oiartzun, Gipuzkoa, 1994). Jose Javier Zabaletarekin batera, hori egingo duen atzelari bakarra bera da. «Heldutasun betean» sentitzen da. Azken bi urteetan Unai Lasorekin txapeldunorde izan eta gero, nahiko luke berriro finalean sartu eta txapeldun izan, baina horrek ez du itsutzen. Finalerdietan egotea «nahiko sari» dela uste du. Ez da harritzekoa. Iñaki Artolak eta biek hanka eta erdi txapelketatik kanpo izan zuten joan den igandean, 19-12 galduz joan baitziren Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren kontra. Orain, «gozatu» egin nahi dute.
Handia egin zenuten joan den igandean. Egun batzuk igarota, sinesten al duzu finalerdietan zaudetela?
Mirari moduko bat gertatu zitzaigun. Iñaki Artola eta biok hizketan aritu gara gerora partidari buruz, eta ondorioa da oso gutxitan gertatzen direla halakoak. Artola oraindik ere erdi gaixorik iritsi zen lehiara, ni ere psikologikoki aste gogorra pasata nengoen, eta 19-12 atzetik ginela, maldan gora genuen guztia. Unerik zailenean irabaz genezakeela sinetsi egin genuen, lanari eutsi genion eta sari galanta iritsi zitzaigun. Txapelketaren aurkezpen egunean finalerdietan dauden beste hiru bikoteak jotzen ziren faborito denen gainetik, eta haiekin batera egotea izugarria da guretzat.
Gorputzeko nekeari eman al diozu buelta?
Horretan ari naiz, pixkanaka. Partidako tentsioa izugarria izan zen eta, horren ondorioz, batere lorik ez nuen egin gauean. Gainera, hiru partida jokatu nituen joan den astean, eta horrek gorputzari neke handia ematen dio. Aste honetako zeregina errekuperatzea izan da, atseden hartu eta elikadura zainduz, Labriteko partidarako indarberrituta iristeko.
Larunbat gauean Artolari deitu zenion, eta oraindik ere zalantzak zituen, jokatu edo ez. Zertaz hitz egin zenuten?
Harreman handia dugu biok, adinkideak izaki, txikitatik baikara lagunak, eta konfiantzan hitz egin genuen. Osteguneko partidarako ezin izan zen iritsi, baina bagenuen itxaropena iganderako osatuko zela. Deitu zidan larunbat gauean esanez komunera bueltaka zebilela oraindik eta sukar pixka bat zuela. Nik aitortu nion lehentasuna ematen niola berarekin jokatzeari, irabazi edo galdu, uste bainuen elkarrekin hasitako txapelketa elkarrekin amaitu behar genuela. Buruari buelta asko emanda, jokatzea erabaki zuen, eta ongi atera zen dena. Banekien ez zela sasoirik onenean iritsiko partidara, eta nahikoa eta sobera egin zuen kantxan egonda bakarrik.
Jendearen beroa gehiago jaso al duzu egun hauetan?
Jendearen maitasuna txapelketa osoan zehar nabaritu dut, ziurrenik Artola bera ere karisma handiko pilotaria delako eta pilotazaleek nahi zutelako goi mailan egotea. Iruditzen zait gure bikoteak jaso duela jendearen maitasun gehien, animo asko iritsi zaizkigu harmailetatik, eta kalean ere gauza bera sentitu dut. Sakelakoan ere mezu ugari jaso ditut. Irabazi edo galdu, izugarri betetzen nau horrek, eta finalerdietan aritzeko motibatuta sentitzen naiz.
Enpresakide moduan, uste al duzu Artolak lehenago merezi zuela lehen mailan tokia?
Beti eduki izan du puntako pilotaria izateko aparteko gaitasuna, baina lesioengatik edo beste arrazoi batzuk tarteko, inoiz ez du erregulartasun hori izan. Uda partean ikusten zitzaion beste fintasun eta sasoi batekin zegoela, nahiz eta bigarren mailako partidak jokatzen aritu. Merezi zuen txapelketan tokia, eta uste dut orain mentalki aurrerapauso bat eman duela. Etorkizunera begira beste urrats bat egin du aurrera, eta txapeletatik gertu ibiliko dela iruditzen zait.
«Azken boladan gozatzen ari naiz. Txapelaren bat lortzeak ez nau itsutzen, kantxan gozatzeak asebetetzen nau».
Bikote gisa, konfiantza eta laguntasuna transmititu dituzue.
Horixe izan da gure sekretua. Hamalau astetan zehar erregularrak izatea ez da batere erraza, eta lortu dugu. Azken bi txapelketak Lasorekin jokatzetik nentorren, eta bikotean izarra bera zen. Aurten beste rol bat betetzea tokatu zait. Elkarri asko lagundu diogu Artolak eta biok, batzuetan nik eutsi diot bikoteari, bestetan berak, eta bion artean bikoteak ongi funtzionatzea lortu dugu. Nabaritu da kantxatik kanpo ere harreman ona dugula.
Finalerdietako ligaxkan, gainerako bikoteek baino presio txikiagoa izan dezakezue. Edo ez?
Bai, dudarik gabe. Sari potoloa da guretzat finalerdietan egotea, eta ziur nago beste bikote guztiak oso faborito aterako direla gure aurka. Presiorik batere ez daukagu, galtzeko ezer ere ez, baina horrek ez du esan nahi saiatuko ez garenik. Kontrakoa. Tentsioak eta presioak lan handia egingo dute, eta horixe baliatu behar dugu ezustekoak emateko. Txapelketan gure lana oso ongi bete dugu, eta zerbait gehiago etortzen bada ongi etorria izango da. Sinetsi egin dugu orain arteko bidean, eta berdin jarraitu behar dugu. Sei partida jarraian irabazi ditugu lehen fasean, eta horrek esan nahi du edonori irabazteko gai garela.
Zuen lanari aitzakiaren bat jartzekotan, neurketak gaizki hastea izan da. Zergatik gertatu zaizue hainbeste aldiz gauza bera?
Ez dakit, baina askotan ibili gara atzetik, eta gero partidari buelta ematea tokatu zaigu. Kontzentratuago hasi beharko gara hurrengo hiru partidetan. Izan ere, joan den igandekoa errepikatzea ezinezkoa izango da, partida hala iraultzea. Bikote handien kontra ezin dugu halakorik onartu, eta partidaren lehen zatiari eusten badiogu, haiek urduritzea ere lortuko dugu.
Aspaldiko sasoirik onenean al zaude?
Bai. Atzelariontzat urteko garairik garrantzitsuena da binakakoa; ongi iristen saiatzen gara. Ez da beti lortzen. Udan gorabehera dezente izan nuen, eta sanferminetako torneotik at geratu nintzen. Kolpea izan zen, baina lanean jarraitu nuen, eta azken boladan gozatzen ari naiz. Txapelen bat lortzeak ez nau itsutzen, kantxan gozatzeak asebetetzen nau.
KEXARIK ez ASPEKOEN PILOTA AUKERAKETAN
Bezperan ez bezala, inor ez zen kexatu atzo Gasteizko Ogeta frontoian egindako pilota aukeraketan. Han jokatuko dute Jokin Altunak eta Julen Martijak Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiaren azken partida, igandean. Aspeko bi bikoteen ustez, pilotak «politak» dira.
Bi bikoteek behin jokatu zuten elkarren aurka ligaxkan, eta Peio Etxeberriak eta Zabaletak 22-19 irabazi zuten. Gasteizen aritu ziren ere, baina laurek ez dute aintzat hartu hori, eta nabarmendu dute finalerdietako ligaxkan berriz hasiko direla hutsetik.