Arrauna. Iker Zabala. Santurtziko entrenatzailea

«Gure asmoa da ostera Santurtzi indartsu eta erregular hori erakustea»

Santurtzik bere sasoirik onena berreskuratzea du astebururako xedea, Iker Zabala teknikariaren esanetan. Azkenerainoko lehia espero du. Galiziatik itzulita hasiko da Kontxan pentsatzen: «Izango dugu astia».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Urteko lehiarik garrantzitsuenen atarian, Santurtzik Eusko Label ligako lidergoa indartzea du asteburuko xedea. Asmo horrekin abiatu dira gaur goizean Galiziara, bihar Aresen eta etzi Moañan jokatzeko. Iker Zabala Sotera-koen entrenatzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1979) esan du oraingoz Kontxako Banderari «zeharka» begiratzen diola.

Abuztuko azken estropaden atarian, nolako aldartea du Santurtzik?

Ona, gogotsu gaude, egoerari buelta eman nahian. Azken asteburua ez zen normala izan guretzat, denboraldi osoan ez ditugulako hain puntu gutxi lortu. Kanpotik entzun dira zalantzak, baina guk barruan badakigu zer egin dugun, eta gure asmoa da ostera ere Santurtzi indartsu eta erregular hori erakustea.

Zeuk esan duzu: «Badakigu zer egin dugun». Zerk huts egin zuen iragan asteburuan?

Gauzak ez direnean norberak nahi bezala irteten, hobe da kontuak sukalde barruan geratzea. Horren arrazoiak-eta barruan hitz egiten ditugu, eta hobeto da ez kanporatzea, klub barruan geratzea.

Aresekoa eta Moañakoa bi eremu berezi dira: haize aldakorra dela, korronteak direla... Nola ikusten dituzu eremu horiek?

Ondo. Iaz aritu ginen lehen aldiz Aresen, eta inpresio nahiko ona egin zidan. Euskadin ikusi ditut makina bat eremu hura baino askoz txarragoak. Beti hitz egiten da asko Galiziako eremuez, baina azken urteetan ikusi da nahiko eremu fidagarriak direla. Haizea da traba bakarra: aldakorra izaten da, eta txanden artean aldaketak egoten dira. Baina txanda berean arituta, Areseko eta Moañako estropada lekuak nahiko fidagarriak direla uste dut.

Ligan lau puntuko aldea duzue Hondarribiarekiko, eta beste horrenbeste estropada falta dira. Tarte handia al duzue?

Ez, handia ez da, baina aldea bada. Bigarren jardunalditik liderrak gara, eta orain arte ez dugu hutsik egin. Hor mantentzen gara, eta lau jardunaldi bakarrik geratzen dira, baina buelta emateko aukerak badaude.

Edozer gerta daiteke, baina uste dut hutsik egiten ez badugu Hondarribiak estropada guztiak irabazi beharko dituela, eta hori oso zaila da. Haiek egin dezakete, erakutsi dutelako koska bat igo dutela, baina uste dugu guk ere aurrerapauso bat emango dugula, eta haiek oso zaila izango dutela egoerari buelta ematea. Iaz puntu bakarraren aldeaz heldu ginen Galiziara, eta aurten, laukoaz. Hara positibotasunez joateko asmoa dugu, eta datuek ere bide ematen digute horretarako.

Alde horretatik, iaz liga irabazi izanak konfiantza ematen dizue orain?

Bai eta ez. Hau kirola da, eta beti ez da berdin suertatzen. Nahiz eta talde bertsuak eduki, beste urte bat da, mutilek urtebete gehiago dute, eta gauzak ez dira berdin izaten. Badakigu errendimendu ona dugula; haiena ere ona dela ere bai, eta uste dut detaile txikietan erabakiko dela liga. Gure zorionerako, espero dugu iaz bezala amaitzea.

Ligako garai batean bederatzi puntuko aldea izan zenuten. Uste duzu garaikurrak honezkero lotuta egon behar zuela?

Historikoki, ikusi dugu liga gehienak azken bi jardunaldietan erabaki direla. Nahiz eta talde oso indartsuak izan, [liga] sistema honek hamazazpi urte daramatza, eta oso gutxitan heldu da dena erabakita azken lau jardunaldietara. Ia beti Bermeon eta Portugaleten —han jokatzen dira azken bi estropadak— ikusi behar izan da zer gertatzen den, eta uste dut aurten ere azken jardunaldira arte ez dela erabakiko. Azken estropadarako erabaki dute sistema bat, puntu alde txikia badago erlojupekoan jokatzearena: uste dut aurten liga irabazten duenak merezimendu osoz egingo duela.

Zenbait ontzik Santurtziren eta Hondarribiaren artean sartzea lortu dute azken jardunaldietan. Kontxaren atarian, ontzi asko al daude sasoi puntu gorenean?

Bai. Kontxa irabazi nahi duenak orain egon behar du puntu-puntuan. Hemen ez dago miraririk: orain artean egin ez duenak aurrerantzean ere ez du egingo. Santurtzi eta Hondarribia hor daude, Orio ere ate joka ari da, Donostiarra eta Zierbena ere azkar aritu dira... Talde horien artean egongo da Kontxako garailea aurten. Nik espero dut Santurtzik hutsik ez egitea, eta aurten ere gutxienez bigarren igandera bizi-bizirik heltzea.

Nola heltzen diozue Kontxari?

Aurten dugun taldearekin, bekatua izango litzateke ligan soilik pentsatzea. Aurten edozeini irabazteko taldea dugu; ligan borroka horretan gabiltza. Ez dut esango Kontxari zeharka begiratzen ez diodanik, baina orain ligan dut arreta, Galizian zer gertatzen den ikusteko. Lau puntuko aldea mantendu edo handitu nahi dugu, eta gero egongo da astia osteguneko estropadan pentsatzeko —egun horretan jokatuko da Kontxako sailkapen estropada—.

Izan ere, ondoen kokatutako taldea da zuena: ligan abantaila duzue, eta Kontxa hasteko dago. Kokapen hori bultzada al da hemendik aurrerakoa prestatzeko?

Bai. Orain arteko zenbakiak esku artean izanda, esan daiteke Santurtzi izan dela orain arteko ontzirik erregularrena. Baina banderarik gehien dituen taldea Hondarribia da, eta azken estropadetan ere haiek izan dira nagusi, lautik hiru irabazita. Gauzak oso parekodaude: nik uste dut haiek gu baino hobeto heltzen direla, baina hemendik eta aste bira, gauzak aldatu egin daitezke, bai alde batera edo bestera, edo baita hirugarren batekin ere; beste talde batek ere sar dezake muturra gure artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.