Arrauna. Nadeth Agirre. Orioko patroia

«Gure arraun egiteko erari eustea izan da arrakastaren gakoa»

Oriok hirugarrenez irabazi du Euskotren liga, baita Nadeth Agirrek ere. Baina gehiago nahi dute. «Zarautzen irabazi nahi dugu, lana biribiltzeko. Gero, Kontxan nagusitu nahi dugu».

NADETH AGIRRE.
Julen Etxeberria.
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ahotsa urratua du Nadeth Agirrek (Orio, Gipuzkoa, 1993). «Estropadan egindako oihuengatik da», zehaztu du laster. Izan ere, dioenez, «lasai» joan ziren herenegun hirugarren aldiz Euskotren liga irabazi izanaren ospakizunak. «Etxean bazkaldu genuen, eta, arratsaldean, ohiko ongietorria egin ziguten. Polita izan zen. Baina goiz oheratu ginen. Datorren astean dute asmoa herrian zerbait bereziagoa egiteko». Ez dute arreta galdu nahi. Zarauzko Ikurrina dute begiz joa (Gipuzkoa). «Irabazi egin nahi dugu, lana biribiltzeko».

Zer sentitzen da Euskotren liga irabazi osteko egunean?

Poza, koroa irabazi baitugu. Ilusio handia egin digu taldeko kide guztioi: batzuei, lehen aldia baitute; beste batzuei, berriz, aurrekoetan baino gehiagotan egin baitute arraun; eta niri, hirugarrena baitut [2019an eta 2020an irabazi zuen].

Iaz bigarren geratu izanak bereziago egin du?

Bai, iaz pena handia hartu baikenuen. Zarautzen irabazi genuen, baina Arraunentzat izan zen liga, bandera gehiago baitzituen. Kolpea izan zen. Hori dela eta, gogo handiagoarekin hartu dugu aurten liga irabazi izana.

Oso nagusi izan zarete: hamabi estropadetatik hamar irabazi dituzue; 11 banderetatik bakarrak egin dizue ihes; hain zuzen ere, aurrenekoak.

Nagusi izan gara. Hasieran, ez genekien zehazki zer tokitan egon gintezkeen. Bagenekien irabazteko lehian egon gintezkeela, baina zuhur izar behar genuen derrigorrez: aldaketa dezente izan ziren taldean, eta oinarria egiteko zegoen. Hori dela eta, lehen estropadetan gure tokia bilatzen ibili ginen. Pena izan zen lehen estropada irabazi ez izana, Bilbokoa, oso ondo ari baikinen entrenatzen. Hurrengo egunean, ordea, poz handia hartu genuen Donostian nagusituta. Galiziara joan ginen ondoren, eta, han, larunbateko estropada irabazi genuen, eta, abantaila horri esker, baita bandera ere [Arraun Lagunakek irabazi zuen igandean]. Asteburu horretan, argi geratu zitzaigun lehia estua izango genuela Arraunekin. Zorionez, hortik aurrera, balantza gure alde erori zen, eta irabazten hasi ginen. Hala ere, une oro oso argi izan dugu oinak lurrean izan behar genituela, eta Arraunek edozein momentutan aurrea har ziezagukeela.

Zein izan da arrakastaren gakoa?

Gure arraun egiteko erari eustea. Bagenekien gure arraun egiteko erari eutsiz gero aurrean ibiliko ginela. Horixe izan da helburu nagusia denboraldi osoan. Hasieran, erritmo oso baxuan aritzen ginen; ondo moldatzen ginen horrela. Baina, amaierarako, erritmoa handitu dugu. Hori fintzea izango da helburua hemendik aurrera.

Kosta egin zaizue arraun egiteko era aproposa topatzea?

Lan handia egin behar izan dugu. Patxik [Frances, entrenatzailea] taldea hartu zuenean, arraunlari bakoitzak zuen bere arraun egiteko era, baita bere ohiturak eta gabeziak ere. Hori guztia fintzen aritu gara. Lan handia egin da, eta oraindik badago egiteko.

Aldaketa asko izan ziren taldean, eta, halakoetan, denbora behar da beste oinarri bat egiteko. Baina azkar egin duzue.

Guk bagenekien lehen estropadetan baino hobeto arituko ginela; koska bat igoko genuela. Talde berria zen gurea, eta oinarri sendo bat egiteko denbora behar da, eta entrenatu eta lehiatu. Asteek aurrera egin ahala, gora egin dugu. Estropada batetik bestera traineruan aldaketak eginda lortu dugu; arraunlari asko daude taldean, eta guztiek izan behar dute aukera arraun egiteko.

Mugarriren bat izan duzue?

Nire ustez, oso garrantzitsua izan zen etxean eta Zierbenan aritu ginen asteburua [Bizkaia]. Gure lana egitera joan ginen bi estropada horietara, gure arraun egiteko era bilatzera, eta helburua bete genuen. Asmatu egin genuen, eta bi estropadak irabazi genituen. Emaitza horrek konfiantza handia eman zigun, eta sinetsarazi gure lana eginez gero ondo egingo genuela.

Nola definituko zenuke aurtengo taldea?

Talde gaztea dugu, eta gogoz, ilusioz eta anbizioz aritzen gara.

Beteranoetako bat zara zu, baita patroia ere. Taldean egon diren aldaketak direla eta, lan eta ardura handiagoa izan duzu?

Ez. Taldean gaudenok gai gara geure buruari eskatu beharrekoa eskatzeko. Zerbait gaizki egiten ari garenean, gai gara horretaz konturatu eta zuzentzeko. Lan handia egin dugu, eta, horri esker, zama kendu diogu Patxiri. Baina hark ere lan handia egin du.

Arraun Lagunakeko kideek aitortu dute eman dezaketena eman ezinda aritu direla. Iritzi bera duzue zuek?

Nik ikusi dudana da, guk egin bezala, haiek ere hasieratik hona jauzia egin dutela; solteago ikusten dira orain arraunean, ondo. Irabazi eta marka ezarri dugun zenbait estropadatan haiek aurreko errekorra hobetu dute ere bai. Horrek esan nahi du gu ondo ibiltzen garela, baina baita haiek ere. Azken estropadan gertatu dena da horren adibide [hamalau ehuneneko eskasengatik nagusitu zen Orio Castro Urdialesen]. Talde oso indartsua da Arraun Lagunak.

Kontxako Banderan hartu nahiko du errebantxa; etxean ariko da, gainera.

Bai, baina aurretik Zarauzko estropada jokatuko dugu, eta ziur naiz gogor lehiatuko direla bandera irabazteko asmoz. Gero jarriko gara guztiok Kontxari begira. Denok nahi dugu ahalik eta lanik onena egin bertan. Gu saiatuko gara bandera irabazten.

Zer itxura hartu diozu ligari?

Iaz, ligan aritu ginen lau traineruok oso gertu ibili ginen bata bestearengandik. Aurten, ordea, bi ontzi aritu gara batetik, eta beste bi bestetik. Donostiarra gai izan da egunen batean gure artean sartzeko, baina ohikoena izan da Arraun eta gu aritzea nor baino nor gehiago, eta, gero, Donostiarra eta Tolosaldea. Hala ere, guk beti izan dugu oso argi ezin ginela deskuidatu. Ziur naiz Donostiarra eta Tolosaldea saiatuko direla gure artean sartzen.

Datorren urtean aldaketa handia izango da: lau talde aritu beharrean, zortzi ariko zarete. Hori iristeko desiratzen zaudete?

Nik zalantza dut zortzi traineru aritzearen inguruan. Oso ondo deritzot, emakumezkoen arraunari indarra emango baitio. Baina, parekidetasuna eskatzeko, guk ere erakutsi behar dugu, eta geure buruari exijitu. Bestela, indarra galtzeko arriskua dago, eta ez dugu hori nahi; lan handia egin dugu oraingo egoerara iristeko.Berdintasuna nahi badugu, zaindu egin behar dugu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.