Athleticek emandako azken harribitxia da Mikel Jauregizar (Bermeo, Bizkaia, 2003). Gazte mailatan herriko futbol taldean aritu ondotik, duela hiru urte iritsi zen Athleticera, 17 urte zituela, eta geroztik koskak binaka igotzen dihardu. Besteak beste, ezinbesteko pieza bilakatu da Ernesto Valverde entrenatzailearen eskeman, sasoi honetan taldeak jokatu dituen hamaika partidetatik bederatzitan parte hartu baitu, horietatik bostetan hasierako hamaikakoan. Zehazki, 460 minutuan jokatu du, «uste baino askoz gehiago», eta bide berari eustea du xede. Pozik hartu du Lezaman bertan kazetariaren bisita, profesional mailako lehen elkarrizketa euskaraz izatea nahi baitzuen.
Maratoiaren ondoren, bi asteko geldialdian murgilduta zaudete. Eskertu al duzue atsedena?
Geldialdiak onak izaten dira azken partidan emaitza ona lortzen bada, baina ez da izan gure kasua. Gironan gertatuak min egin zigun. Puntu bat soilik ez, hiru puntu etxera ekartzeko aukera ederra izan genuen, baina hiru penalti huts egitea garesti atera zitzaigun. Ez dakit inoiz gertatu den halakorik. Lehen Mailan ezin da era horretan barkatu, baina ahaztu beharra dago gertatua. Aurrera begira ezin digu fakturarik pasatu. Ondorioztatu dugu taldeak oso partida ona jokatu zuela eta istripu bat izan zela guztia. Gogoz eta baikor gaude hurrengo lehiari begira.
Gironatik etxerako itzuleran inork hitzik egiten al zuen?
Momentu zailak izan ziren. Partida amaitu ondoren aldageletan aurpegi tristeak antzematen ziren, eta bidaian ere bai. Baina, tira, denboraldi hasiera honetako balorazioa ez da txarra. Ligari dagokionez, behetik gora egin dugu nabarmen. Lehen jardunaldian, Getaferen aurka kosta egin zitzaigun gure jokoa egitea, baina, orain, taldeak beste erritmo bat dauka, beste freskotasun bat. Eta Europa ligan ere lau puntu lortu izana bikaina da, aintzat hartuta izen handiko bi talde izan ditugula aurrean: Erroma eta AZ Alkmaar. Emaitzek erakusten digute bide onean goazela.
«Partida amaierak ez dira gure aldekoak izaten ari. Baina sasoi amaieran merezi dugun lekuan egongo gara»
Dena den, ligan taldeak lauzpabost puntu gehiago izan zitzakeen. Ez al duzue sentipen bera?
Bai, dudarik gabe. Sevillaren aurka luzapenean ihes egin ziguten bi puntuk, eta Gironan ere gauza bera gertatu zitzaigun. Egia da lauzpabost puntu gehiagorekin talderik onenekin kokatuta egongo ginela sailkapenean, baina futbola halakoa da. Iragan sasoian partida bukaera gehienak aldekoak izan genituen, eta aurten, oraingoz, ez. Badakigu liga amaieran merezi dugun tokian egongo garela, eta ezin diogu orain artekoari begiratu.
Europa liga aipatu duzu, eta, jakina denez, finala San Mamesen jokatuko da. Inork egin al du horren aipamenik taldekideen artean?
Guztiok dugu horren berri, kalean bertan ere ikusten baitugu jendearen ilusioa. Baina horretan pentsatzea alferrikakoa da. Momentuz, hitz handiak dira horiek. Erronka polita da, baina pausoz pauso joan behar dugu. Denboraldia luzea da. Garrantzitsua izango da une erabakigarrietara indartsu iristea, eta uste dut momentuz taldea ongi funtzionatzen ari dela. Jokalari gehienok parte hartzen ari gara, eta edonork jokatzen duela ere, taldeak ongi jokatzen du. Valverde ondo kudeatzen ari da dena; konfiantza osoa dugu beragan.
Pertsonalki, barneratu al duzu gertatzen ari zaizun guztia?
Ez, oso arin doa dena. Espainiako Kopa irabaztea, gabarra-n egotea, lehen taldeko jokalaria izatea, lehen gola… Denbora gutxian gauza gehiegi ari zaizkit gertatzen, baina guztiak onak. Dakidana da inork ez didala ezer oparitu eta lanaren fruituak jasotzen ari naizela. Nire txikitako ametsa zen Athleticen jokatzea, eta momentuaz disfrutatu besterik ez dut egin nahi. Bizitzen ari naizen guztia deskribaezina da, baina oraindik ez naiz inor futbol munduan. Lanari ez diot utziko.
Pentsatzen al zenuen hainbeste jokatuko zenuenik?
Inondik ere ez. Are gutxiago egin nuen denboraldiaurre kaskarra ikusita. Lehiakortasun handia dugu zelai erdian, hor baitaude Prados, Herrera, Vesga, Galarreta eta Unai Gomez bera. Ez nintzen haien mailan sentitzen, baina taldekideek asko lagundu didate egokitzen, eta Valverderen konfiantza osoa daukat. Aukerak baliatzen jarraitu behar dut.
Zer eskatzen dizu Valverdek?
Ni neu izateko, batez ere. Erasoan, jokalari dinamikoa izateko eta baloia azkar hegaletara zabaltzeko esaten dit, Williams anaien eta Berenguerren zein Djaloren abiadura baliatzeko. Defentsan, berriz, presioan gogorra izatea gustatzen zaio. Bermeon jokatzen nuenean jende helduagoaren kontra aritzen nintzen, eta uste dut horrek mesede egiten didala, ohituta nagoelako zelaian heldutasuna izaten.
«Bermeon jende helduagoaren kontra aritzen nintzen, eta uste dut horrek mesede egiten didala»
Orain arte, zein momenturekin geratzen zara?
Ezinezkoa da horri erantzutea, hainbeste gauza gertatu zaizkit… Espainiako Kopa irabaztea sekulakoa izan zen, eta gabarran ibiltzea zer esanik ez. Bizkaian eta Euskal Herria osoan sortu zen giroa beti edukiko dut gogoan. Debuta ere gogoan daukat; gainera, Unai Gomez nire kuadrillakoaren ordez zelairatu nintzen. Eta Athleticekin sartu nuen lehen gola ere ez dut inoiz ahaztuko. Pena izan zen ez zuela balio izan irabazteko, baina berezia izan zen momentu hori. Pentsatuta neukan gola sartzen nuenean nola ospatu, baina momentua dena ahaztu zitzaidan.
Gertatzen ari zaizun guztia ikusita, nola mantentzen ditu oinak lurrean 20 urteko gazte batek?
Inguru ona edukita. Gurasoek egunero esaten didate oinak lurrean izateko, oraindik ez dudala-eta ezer egin futbol munduan. Agian partida bat bukatzen denean zerbait jarri ohi dut sare sozialetan, baina gurasoak beti dauzkat gainean. Kontuz ibiltzeko esaten didate. Ni betiko pertsona bera naiz, eta betiko bizimodua egiten dut: Bermeon bizi naiz, unibertsitatean ikasten dut, kuadrillarekin geratzen naiz… Berdin jarraituko dut, hori ziur.
Azkenik, guzti-guztia euskaraz idazten duzu sare sozialetan. Athleticen asko hitz egiten al duzue euskaraz?
Ahalik eta gehien. Nik ama hizkuntza dut euskara, eta era horretan sentitzen naiz eroso. Taldean dezente egiten dugu euskaraz; dakigunok, behintzat, beti. Klubak ere ahalegina egiten du bide horri eusteko.