«2013an, Indian, Carlsenek eta Anandek finala jokatu zutenean, kristalezko kaxa barrura begiratzen nuen, eta pentsatzen nuen ederra izango litzatekeela egunen batean ni ere hor egotea; eta, Carlsenek irabazi zuenean, pentsatu nuen nik izan nahi nuela titulua berriro Indiara eramango zuena. Hori izan da beti nire ametsa», adierazi du gaur Dommaraju Gukesh xake jokalariak prentsaurrekoan, Munduko Txapelketa irabazi ostean. Historiako txapeldun gazteena da indiarra. Gary Kasparovek zuen marka hori, 22 urterekin, eta Gukeshek 18rekin lortu du. Gorabeheraz betetako finala izan da.
Espero zen baino final zailagoa izan da indiarrarentzat, eta, pronostiko guztien kontra, lehia zirraragarria izan da. Gukesh bosgarren dago munduko zerrendan, eta haren aurkaria, Ding Liren txinatarra, 22.a. Gainera, oso ibilbide diferentea izan dute azken urtean. Izan ere, Gukeshek gora egin du zerrendan, eta Dingek, behera. Beraz, ez zen borroka handirik espero. Baina, Dingek lehen partida irabazi zuen, ezustean, eta bigarrenean berdindu egin zuten. Gukeshek hirugarren partidan berdindu zuen norgehiagoka. Hurrengo zazpi partidetan berdindu egin zuten.
Ding aukera on batzuk galdu zituen sentsazioarekin zegoen. Gukeshek ere zazpigarren partidan oso aukera ona galdu zuen, eta, horrela, aurretik jartzekoa. Baina berdindu zituzten partida horietan ikusi zen bi jokalari horien aldartea desberdina zela. Gukeshek ez berdintzeko erabakiak hartu zituen, bere posizioa okertzen bazuten ere. Ding, berriz, prest zegoen berdintzeko, posizioak gauza handirik eskaintzen ez bazuen.
11. partidan Dingek hutsegite handi bat egin zuen, eta Gukesh nagusitu zen. Hala, aditu gehienek pentsatu zuten txinatarra animikoki ez zela osatuko akats horretatik. Baina hamabigarren partida ederra egin zuen Dingek, berriro ere norgehiagoka berdinduz. Bestalde, 13.ean, nahiz eta posizio zail batean egon, berdinketa lortu zuen. Gaurko partida ere bide horretatik zihoan, eta, nahiz eta apur bat estu egon, bazirudien defentsa teknikari esker Dingek berriro berdintzea lortuko zuela.
Baina 11. partidan bezala, munduko txapeldunak ikaragarrizko hutsa egin zuen. Gazteluen aldaketa proposatu zuen, konturatu barik horren ostean ere alfilak aldatzera behartuta zegoela eta peoien finala erraz galduko zuela. Maila askoz baxuagoa duten jokalariek egingo luketen huts bat da, baina urduritasunak, denboraren presioak eta berdinketa lortzeko gogoak erabaki okerra hartzera eraman zuten. Dingen jokaldia taula gainean ikustean, Gukeshek segituan ikusi zuen zerbait arraroa gertatzen ari zela, eta gorputz espresioarekin adierazi zuen konturatu zela zer zen. Denbora hartu zuen gazteluak aldatzeko, baina prentsaurrekoan argi utzi zuen zer sentitu zuen horretaz konturatzean: «Nire bizitzako momenturik onena izan da».
Hau ez da lehen munduko txapelketa Gukeshentzat. 2018an, 12 urtetik beherakoen munduko txapelduna izan zen, eta 2019 hasieran, 12 urte eta 7 hilabeterekin, Indiaren historiako maisu handi gazteena izan zen, eta gazteenetan, munduko bigarrena, Sergei Karjakin errusiarraren atzetik. Hamazazpi egunen aldeagatik geratu zen bigarren.
Erronka asko
Gainera, hainbat torneo eta titulu irabazi zituen: esaterako, 2022ko xake olinpiadetako urrezko domina Indiako selekzioarekin. Hor oso nagusi izan zen, lehen zortzi partidak jarraian irabazita. Fabiano Caruanari gailentzea lortu ere lortu zuen. 2023an hautagaien torneorako sailkatu zen, 17 urterekin. Bobby Fischer eta Magnus Carlsen sailkatu dira historian hura baino gazteagoak zirela hautagaien torneorako. Baina ez Fischerrek eta ez Carlsenek ez zuten lortu lehen saiakeran finalerako sailkatzea. Gukeshek lortu zuen, baita finala irabaztea ere. Errekor guztiak apurtu ditu, eta, orain, beste etapa bat zabaltzen da.
18 urterekin, erronka asko izango ditu aurretik. Izan ere munduko txapelduna da, baina, agian, ez da munduko jokalaririk onena. Hori ematen du, behintzat. FIDEko (Nazioarteko Xake Federazioa) zerrendetan lau jokalari ditu aurretik: Carlsen, Caruana, Nakamura eta Erigasi. Azken hiru horiekiko aldea ez da oso handia, baina Carlsen koska bat gorago dago. Norvegiarra munduko lehena da duela 13 urtetik, eta interesgarria izango litzateke 2026an Carlsen-Gukesh norgehiagoka ikustea. Horretarako Carlsenek hautagaien torneoa irabazi beharko luke, eta ez dago argi norvegiarrak horretarako gogoa duenik. Bestalde, azken final honetan izandako jokoa gogor kritikatu dute hainbat jokalari historikok: Kasparovek eta Kramnik, adibidez; baita, gutxiago bada ere, Carlsenek. Haien arabera, finalean huts gehiegi egon dira partidetan, eta partiden garapena ez da izan Munduko Txapelketa batean espero zitekeena.