Realaren inguru osoa bezalaxe, «ilusioz beteta» dago Alex Remiro (Cascante, Nafarroa, 1995).
Ekiteko gogotsu al zaudete?
Bai, eta are gehiago aurten: denboraldi ilusionagarria izango da.
Nolakoa izan da sasoiaurrea?
Gutxiagotik gehiagora egin dugu. [Ameriketako] Biran ezin izan gara ondo entrenatu, eta ez dugu ondo jokatu, zelaiengatik. Hara joatea esperientzia ona izan da, baina zelaiak nahiko gaizki zeuden. Hortaz, aste honetan etxean egin ditugun prestaketak baliatu ditugu; hobeto aritu gara.
Intentsitatea jaitsi duzue?
Ez. Indartsu prestatzen segitu dugu; badakigu [Imanol Alguacil] entrenatzailea nolakoa den, eta hemen ezin da erlaxatu. Indartsu aritu nahi izan dugu, gero partidan islatzeko. Sasoi ilusionagarria da kluba ordezkatzen dugun guztiontzat.
Espainiako Liga eta Kopa, eta Txapeldunen Liga. Halakoekin ez da motibaziorik faltako.
Bai, baina baita bi txapelketa soilik jokatuko bagenitu ere. Gu beti gaude anbiziotsu eta motibatuta, guretzat eta klubarentzat onena nahi dugulako. Baina aurten Txapeldunen Ligaren gisako txapelketa garrantzitsua jokatuko dugu, eta horrek emozioa sortzen du.
Liga abiatuko duzue gaur, Gironaren aurka (17:00, DAZN). Nolako partida espero duzu?
Girona oso talde ona da. Gol asko sartzen ditu, baina jaso ere bai, eta ondo aritzen da futbolean.
Jokalari garrantzitsuak galdu ditu. Horrek asko eragingo dio?
Jende garrantzitsu asko galdu dute; Oriol Romeu, baina ez hura bakarrik: Taty Castellanos ere bai, adibidez. Ziur naiz, ordea, haien ordezkoak ere onak izango direla. Oriol Romeu oso garrantzitsua zen, baina, nire ustez, ez horren erabakigarria. Ikusiko dugu.
Zer egin beharko duzue ligari irabaziz ekiteko?
Nik beti esaten dut zera: ausart jokatuz gero, joko ona eta aukerak izango ditugu. Gure lana eginez gero, lortuko ditugu gauzak. Baina egin egin behar da.
Ondo hasteak zer garrantzi du sasoiari begira?
Beti da garrantzitsua ondo hastea. Gaizki hasteak ez du ezer esan nahi, baina guk partida guztiak irabazteko egiten dugu lan. Hortik aurrera, gaurkoa da lehendabizikoa, eta, beraz, gogotsu gaude.
Aurreko sasoikoa errepikatzea zaila iruditzen zaizu?
Ez sinestekoa izango litzateke berdintzea, baina oso zaila da. Jendeari gugan sinesten jarraitzeko motiboak eman behar dizkiogu. Geure buruari ere, gauza bera: denen aurka lehiatzeko eta irabazteko gai garela sinesteko motiboak eman behar dizkiogu, eta asmo horiekin aritu.
Zer moduz ari dira fitxaketak?
Ondo. Hamari [Traore] erabat egokitu da, eta ondo ari da. Alaia da oso, eta jokalari oso ona. Berehala emango du errendimendua. [Umar] Sadiq pixkanaka ari da martxa hartzen, eta Andrek [Silva] arazo batzuk ditu, eta denbora beharko du. Baina haren aurka aritu garenean ikusi dugu oso aurrelari ona dela. Niri asko gustatzen zait. Guretzat ona izango da. Harrobitik igo diren jokalariak, berriz, oso indartsu ari dira entrenatzen; entrenatzailearen estilora ohitzen, erritmoa hartzen, eta lekua egin nahian. Lehiakortasuna handia da hemen, eta entrenatzaileak erabakiko du. Gustura ari gara.
Zu 2019an iritsi zinen, eta ari zara bidea egiten. Gustura zaude?
Oso gustura. Etorri nintzenean gertutasuna bilatzen nuen, lan egiteko eta atezain gisa ditudan ezaugarriak erakusteko. Emaitzek esango lukete gero, eta, zortez, eskertuta nago haiek ailegatu direlako. Ez nintzen emaitzen bila etorri, baina hor daude. Pozik nago gauzak nola iragan diren ikusita, baina gauzak gauetik egunera aldatzen dira. Egunerokoan dudan guztia ematen eta exijitzen segitzean pentsatzen dut, partidetan islatu dadin.
Iritsi zinenean baino atezain hobea al zara?
Dudarik gabe. Atezain batek ikasi egin behar du, esperientzia: gol asko, akats asko eta entrenamendu asko egunero. Argi eta garbi, duela urtebete, bi urte, bost urte edo hamar urte baino atezain hobea naiz, eta datorren urtean hobea izango naiz. Horrela beti.
Bilatzen zenuen gertutasun horretan zer zerikusi du Imanolek? Kanpotik begiratuta, itxura du jokalarien gain-gainean egoten dela. Jokalari batek eskertzen al du hori?
Bai, eta pentsatzen dut hala izango dela lanbide guztietan. Norbere nagusia exijentea baina gertukoa izatea, estutzen jakitea baina ikasketan lagun egitea... Hori oso garrantzitsua da.
Zertan egin nahi zenituzke hurrengo urratsak?
Nirea egunerokoa da. Hor husten saiatzen naiz, partidara soltura eta gozatzeko moduan ailegatzeko. Badakit egunero saiatuz gero hobera egingo dudala, gutxika-gutxika bada ere. Eta ez bada hala, berdin du, hobetzeko ahal dudana, nire esku dudan guztia, egiten ariko naizelako. Lasaitasunez egiten diot aurre: nagoen lekuaz gozatuz, ni naizenaz, inguruan ditudanez, eta entrenatzen eta jokatzen dudan moduaz.
Futbolaren errotan funtsezkoa da egunerokoaz gozatzea?
Horixe da gakoa. Hau oso azkar igarotzen da, et a egunerokoan gozatu behar da, eta eskura dudan guztia egin. Nik horrela egiten diot aurre.
EUSKAL TALDEAK LIGA HASTEAR. Alex Remiro. Realeko jokalaria
«Gugan sinesten jarraitzeko motiboak eman behar ditugu»
Ilusioz betetako denboraldiari ekingo dio gaur Realak, Txapeldunen Ligan ariko baita. Remiroren iritziz, taldea «prest» dago sasoiari ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu