Gudara, bakearen lurrean

Baskoniak Euroligako kanporaketak jokatzea izango du jokoan gaur, Atenasen, Bakearen eta Adiskidetasunaren pabiloian. Olympiakosek lehen postua du jokoan.

Thomas Walkup Olympiakosekoa eta Daulton Hommes Baskoniakoa, Buesa Arenan jokatutako joaneko partidan. L. RICO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Urrian Baskoniako edozein zaleri esango baliote Euroligako azken jardunaldian taldeak bere esku izango lukeela kanporaketetarako sailkatzea, gutxik sinetsiko lukete. Baina hala da. Partida erabakigarria jokatuko du Baskoniak gaur Atenasen. Olympiakos izango dute aurkari arabarrek liga erregularreko azkeneko partidan (20:00, DAZN). Kontuak erraz egin daitezke: Baskoniak irabazten badu, final-laurdenetarako sailkatuko da. Galtzen badu, berriz, bihar Bayern Munichek etxean Zalgirisi irabaztea beharko luke. Bi horiek dira Euroligako kanporaketetarako sailkatzeko bide bakarrak.

Ez da lan samurra izango. Sailkapeneko lehena da Olympiakos. Georgios Bartzokasen taldea izarrez beteta dago, eta Bakearen eta Adiskidetasunaren pabiloian oso talde sendoa da. Hala du izena pabiloiak, baina baketik baino gehiago izan ohi du gudatik. Europako jokaleku beroenetarikoa da, eta zaleek pasioz bizi dute saskibaloia. Hiru partida soilik galdu ditu sasoi honetan Olympiakosek etxean; azkena 2022ko abenduan. Burrunba hori ederki ezagutzen du Rafa Muntionek (Orozko, Bizkaia, 1957). Radio Vitorian urte luzez lan egindako kazetariak hainbat aldiz egin du Baskoniaren partiden zuzeneko kontakizuna handik, eta nabarmendu du «bizitzan noizbait egon beharreko pabiloia» dela: «Kanpotik ederra da, eta barruan beste inon arnasten ez den giroa dago». Oraingoan, baina, Muntion ez da Grezian izango, Madrilen baizik, DAZN telebista katearen egoitzan.

Xaxa Vezenkov, Kostas Slukas, Kostas Papanikolau, Shaquille McKissic... izen handiak ditu Olympiakosek, eta Muntionek ohartarazi du oso partida zaila izango dela: «Olympiakos oso sasoi onean dago, eta, gainera, irabazi egin behar du lehen postuan sailkatu nahi badu. Hori gutxi ez, eta Baskoniak lau aldiz bakarrik irabazi du han Euroliga sortu zenetik». Hala ere, Muntionek uste du Baskoniak ez duela bere izaera aldatu behar bertan irabazteko: «Baskoniak jokatzeko modu bat dauka, eta hori ondo egiteko moduko jokalariak ditu. Ezin dio hirukoak jaurtitzeari uko egin; kanpoko jaurtiketak eta erritmo biziak ekarri dute taldea honaino, eta horretan ahalegindu behar da». Horretarako, jokalari garrantzitsu bat faltako dute arabarrek: Tadas Sedekerskis kapitaina ez da osatu, eta Gasteizen geratu da.

Sasoia ondo baino hobeto hasi zuen Baskoniak, lehen bost partidak irabazi baitzituen. Partida batzuk galdu arren, goiko postuetan jarraitu zuten arabarrek, eta Pierria Henryren fitxaketa tarteko, lehen itzulia sailkapeneko lehen postuan amaitu zuten. Gero etorri ziren komeriak. Urtarrileko aldapa gogorra izan zen, eta Henry galtzea, oso mingarria. Jokalari berezia da, taldeari falta zitzaiona ematen ziona. Urtarrilaz geroztik bera gabe ari dira arabarrak, eta Muntionek azpimarratu du nabarmena dela hura falta dutela: «Argi daukagu Henryrekin Baskonia dagoeneko sailkatuta egongo zela». Horrek, ordea, ez dauka atzera-bueltarik, eta uste du taldeak «baliabide nahikoak» dauzkala edozeini irabazteko.

Horren erantzule nagusia Joan Peñarroya entrenatzailea dela nabarmendu du. «Peñarroyak ilusioa eta Baskonia izaera itzularazi dizkio Baskoniari. Partida askotan sartu ditu taldeak ehun puntu baino gehiago, eta zaleek gozatu egiten dute». Esatariak nabarmendu du ederki ulertzen duela talde hitzaren esanahia: «Bi lehiaketetan jokalari guztiak erabiltzen ditu, eta bakoitzari bere rolean garrantzitsua dela erakusten dio».

Euroliga sortu zenetik 23 urte igaro dira, eta guztien berri izan du Muntionek. Askotan aipatu da aurtengoa dela, maila kontuan hartuta, inoizko Euroligarik parekatuena. Anadolu Efes eta Milan, talde garrantzitsuak, kanporaketetatik kanpo gelditu dira, eta hori bada berdintasun horren erakusle. «Badira urte batzuk sei edo zortzi taldek gainerakoek baino gaitasun ekonomiko handiagoa daukatena, eta hori da Baskoniaren moduko talde batentzako zailtasunik handiena. Horregatik esango nuke, gainerakoei meriturik kendu gabe, inoiz baino zailagoa dela aurten zortzi onenen artean sartzea».

Norbere aukerei begira

Peñarroyak atzo hitz egin zuen partidaren aurreko prentsaurrekoan, eta argi utzi zuen irabazi beharrak ez duela taldearen jokatzeko era aldatuko. Hau da, orain arteko Baskonia bera izango dela gaurkoa: «Ondo defendatu behar dugu, baina ezin dugu 60 puntuko partida bat jokatu; Baskonia hori ez da existitzen aurten. Gauzak ondo eginez gero, garaipenetik gertu izango gara».

Baskoniako entrenatzaileak ez zuen ezer esan nahi izan Zalgirisen eta Bayern Munichen arteko partidari buruz. Bere aurkaria bakarrik aztertu zuen: «Olympiakosek oso ondo jokatzen ditu beti partidako aurreneko laurdenak, eta hori ondo zaindu beharko dugu. Zailtasun handiko uneak izango ditugu, baina guk ere badaukagu aurkariari gauzak zailtzeko gaitasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.