Melsungen eskubaloi taldeko jokalaria

Erik Balentziaga: «Gu faborito? Bidasoan uste duten baino gertuago gaude elkarrengandik»

Bidasoa Melsungenen aurka ariko da Europako Ligako final-laurdenetan. Talde horretan ari da Erik Balentziaga. «Berezia izango da, baina baita zaila ere», aitortu du erdiko zarauztarrak.

Erik Balentziaga. ALIBEK KAESLER
Erik Balentziaga. ALIBEK KAESLER
Julen Etxeberria.
2025eko apirilaren 17a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Erik Balentziagak (Zarautz, Gipuzkoa, 1993) mezu dezente jaso ditu jakin zenetik haren taldeak, Alemaniako Melsungenek, Bidasoaren aurka jokatuko duela Europako Ligako final-laurdenetan. «Jendea asko poztu da, baita ni ere. Berezia izango da». 

Bidasoaren aurka jokatu nahi zenuen?

Bai eta ez. Bai, etxetik gertu jokatuko dudalako, eta gertuko asko etorriko direlako. Eta ez, oso zaila izango delako. Hemen, batzuk ez daude horren jakitun, eta ikusarazi egin nahi diet uste duten baino zailagoa izango dela.

Zergatik diozu hori?

Hemen uste dute Alemaniako liga dela onena, eta ez dituzte merezi duten bezala aintzat hartzen beste ligetako aurkariak. Nik badakit zein zaila den Artalekun jokatzea. Ez da batere erraza izango.

Aurkari izan zara beti Artalekun: Zarautzekin, Teucrorekin, Anaitasunarekin, Logroñorekin, Okzitaniako Tolosarekin eta Melsungenekin. Inoiz ez duzu izan aukera Bidasoan aritzeko?

Duela lau urte hizketan ibili ginen Bidasoa eta biok, baina nik argi nuen beste herrialde batean jokatu nahi nuela, Frantzian.

Kanporaketa gogorra espero duzu. Zergatik?

Batetik, hemengo askorentzat talde ezezaguna delako Bidasoa. Eta, bestetik, Bidasoak itzulikoa etxean jokatuko duelako. Lau taldeetatik hiru sailkatu gara itzulikoan, etxean, kanporaketa iraulita. Oso kontuan hartzekoa da.

Alex Mozas Bidasoa taldeko entrenatzailearen iritziz, Melsungen da Europako Liga irabazteko «faboritoa». Zer diozu zuk?

Ulertzen dut hori esatea, eta eskertzekoa da, baina Bidasoan uste duten baino gertuago gaude elkarrengandik.

Non uste duzu egongo dela sailkatzeko gakoa?

Guk partida ona egin behar dugu etxean: irabazi egin behar dugu, eta, zenbat eta alde handiagoz irabazi, orduan eta hobeto. Seguru nago ez badugu irabazten edo alde oso txikia lortzen badugu Artalekun oso gaizki pasatuko dugula. Ahalik eta ondoen prestatu behar dugu lehen partida hori.

Ikusi duzu Bidasoaren partidaren bat? Zer itxura hartu diozu?

Itxura ona du. Aldaketa garrantzitsua izan du, entrenatzailearena, eta horretara egokitzeko denbora behar dute talde guztiek. Baina gero eta hobeto ari da. Jokalari asko ezagutzen ditut, eta badakit zer egiteko gai diren. Asobal ligako goiko postuetan dabiltza berriro. Ez nau ezustean harrapatu. Talde ona da, eta ondo ari da.

«Sailkapenari erreparatuta, garai ezin hobean gaude. Denboraldi hasieran esan baligute garai honetan honela egongo ginela, ez genuen sinetsiko»

Zer gustatzen zaizu gehien Bidasoaz?

Taldeak daukan espiritua, borrokatzeko daukan grina; inoiz ez du galdutzat ematen partida bat. Halaber, ondo jokatzen du eskubaloian; eskertzekoa da talde batek eskubaloian ondo jokatu nahi izatea.

Bidasoa ondo ari dela diozu, baina zuek are hobeto ari zarete: bigarren zaudete ligan, lehenarekin berdinduta.

Sailkapenari erreparatuta, garai ezin hobean gaude. Denboraldi hasieran esan baligute garai honetan honela egongo ginela, ez genuen sinetsiko. Zoriontsu gaude, eta datorrenari heltzeko gogoz.

Iaz, bosgarren izan zineten ligan. Hau da, aurrerapausoa eman duzue. Zein da sekretua?

Aldaketaren abiapuntua 2021ean izan zen, Roberto fitxatu zutenean [Garcia Parrondo, entrenatzailea]. Azken bi urteetan jauzia egin du taldeak. Zergatik? Entrenatzaileak denbora bat behar izan duelako bere jokamoldea ezartzeko. Hasieran ez zen izan lan erraza, ez entrenatzailearentzat, ez jokalarientzat, baina klubak denbora eman zion, eta orain ari gara ereindako haziaren fruitua jasotzen.

Zer du onena Melsungenek?

Batetik, jokalari on pila ditugu. Eta, bestetik, oso talde moldagarria gara; baliabide asko ditugu.

Ez da Alemaniako ohiko taldea, ezta?

Ez, onerako zein txarrerako. Batzuetan, hemengo taldeak deseroso aritzen dira gure aurka jokatzen dutenean; baina beti ez da horrela, eta, batzuetan, haien jokamoldea gailentzen zaio gureari.

Zure entrenatzaileak dio zu zarela bere «luzapena» pistan.

Horretarako ekarri ninduen hona. Ondo moldatzen gara elkarrekin, eta saiatzen naiz hark nahi duen eskubaloia ulertzen eta barneratzen; niretzat, ez da arrotza, hona etorri aurretik halaxe ulertzen bainuen nik eskubaloia. Hark nahi duena taldekideei helarazten ahalegintzen naiz.

Bigarren sasoia duzu Alemanian, eta oso ondo ari zara. Espero baino hobeto, agian?

Bai. Konfiantza osoa nuen neure buruan; uste nuen ondo egin nezakeela. Baina ez nuen espero horren ondo ariko nintzenik. Oso pozik nago, baina badakit ezin naizela despistatu, eta hobetzen jarraitu behar dudala; jokalari on pila dago hemen, eta segituan hartzen dizute aurrea.

Mesede egin dizu aurretik Frantziako Ligan jokatu izanak?

Nire kirol ibilbidean izan ditudan esperientzia guztiek egin didate mesede. Pausoz pauso joan naiz beti: Zarautzekin hirugarren mailatik bigarrenera igo nintzen; gero, Asobal ligako azken taldera joan nintzen: Teucrora; handik erdibideko talde batera joan nintzen: Anaitasunara; gero, Logroñon aritu nintzen; eta, hortik, jauzi egin nuen Frantziara. Liga gogorra da hori, eta ondo aritu nintzen bi urtez; prest nengoen beste jauzi bat egin eta Alemaniara etortzeko.

«Uste nuen ondo egin nezakeela, baina ez horren ondo. Oso pozik nago, baina badakit ezin naizela despistatu»

Nolakoa da Alemanian jokatzea?

Telebistan dirudien baino gogorragoa da; oso fisikoa da jokoa. Gogorra izan zen lehen denboraldiaurrea: jokora egokitu, jokamoldera, kontaktura, abiadurara... Egun, ondo moldatzen naiz, baina, hasieran, ez zen batere erraza izan.

1,68 metro zara. Horrek lana zailtzen du alderdi fisikoa lehenesten duen liga batean?

Bai. Nik badakit zein desabantaila ditudan, eta horiek saihesten saiatzen naiz. Aldi berean, badakit zer abantaila ditudan, eta horiek aprobetxatzen ahalegintzen naiz. Baina ez dut ukatuko zentimetro batzuk gehiago izateak lana erraztuko zidala.

Zer abantaila eta desabantaila dituzu?

Txikiagoa naizenez, azkarxeago mugitzen naiz, baita gelditu eta berriz mugitu ere. Halaber, aldaka beherago dudanez, beheragotik joka dezaket. Aldiz, harrapatzen banaute, nireak egin du.

Hiru ligarik onenetan nabarmendu ostean, zer falta zaizu lortzeko?

Titulu bat irabaztea. Ilusio handia piztuko lidake. Alemaniako eta Europako liga dira bi aukerak. Ea bietako bat irabaz dezakegun. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.