Amaitu da betelanean aritzeko sasoia. Hauteskundeak luze egiten ari zaizkie bazkide, zale, hedabide eta Ibaigane jokoan duten hautagai biei. Ia hilabete ezer esan gabe egon ostean, balantza alde batera edo bestera bideratuko duten mezuak igortzen hasteko unea da. Giroa berotzen hasi da, eta azken egunotan etengabeak izan dira hautagai batek eta besteak egindako kritikak. Arlo horretan, askoz interes handiagoa jartzen ari da Fernando Garcia Makua (Bilbo, 1963). «Kanpaina orain hasi da», esan zuen atzo. Bazen garaia.
Zer itxura hartu diozu orain arte hauteskunde kanpainari?
Kanpaina arraroa izaten ari da. Josuk [Josu Urrutiak] ez du proposamen zehatzik egin, ezta bazkideek egindako galdera zehatzei erantzun ere. Urrutiaren atzean daudenek antzeko kanpainak egin dituzte lehen ere. Arraroa dela esango nuke. Gure egitasmoa argia, zabala eta sendoa da. Gure programa bazkideengana helarazi dugula uste dut.
Urrutiaren jardunean proposamen zehatzen falta sumatzen duzu. Baina zuei ere batek baino gehiagok aurpegiratu dizuete gauza bera. Betelan ugari dagoela zuen programan, alegia. Horregatik ari dela izaten gatz gutxikoa kanpaina.
[Garcia Makua haserre altxatu da aulkitik, eta bere lantaldearen programa baten bila joan da]. Oker ari zara. Hemen daukazu gura programa zehatza. Nik uste dut ez dituzula gure proposamenak irakurri.
Hautagai izateko lehian bazkideen babes gutxiago izan arren, uztailaren 8an Ibaiganen egongo zarela esan duzu. Baikor zara oso.
Nik uste dut uztailaren 8an Ibaiganen egongo garela Athletic kudeatzen. Hamar egunean aritu ginen babesak lortzen, eta guk uste baino askoz ere emaitza hobea lortu genuen. Beste hautagaitzak, berriz, Athleticekin zerikusirik ez duten erakundeen babesa izan du hilabete askotan lortu duen babesa eskuratu ahal izateko.
Atzetik zoazten irudipena daukazue?
Ezta gutxiago ere. Gure proiektua aurretik doa. Erantzun zehatzak eta konpromisoak hartzerako orduan askoz ere azkarragoak gara. Oraindik ez dut Urrutiaren konpromiso zehatzen berririk izan.
Athleticeko bazkideen %43 ez omen dauka erabakita zeini eman botoa. Euren baitan dago irabazlearen izena.
Egia da bazkide askok jarraitzen dutela euren botoa nori eman erabaki barik. Hala ere, inkesta horren arabera, Athleticeko bazkideen %77k daukate botoa emateko asmoa. Harrigarria iruditzen zait. Hala ere, ona litzateke parte hartze markak hobetzea eta bazkide askok bozka ematea.
Kanpaina hasi zenetik behin eta berriz ari zara eskatzen aurrez aurreko eztabaidak. Egoerari buelta emateko premia ikusten duzulako al da?
Ez. Bai Athleticen eta bai beste klub batzuetan ohikoak dira hautagaien arteko eztabaidak. Klubari, bazkideei eta hedabideei errespetua erakusteko bidea da.
Urrutiak ez du hori pentsatzen. Hautagaien arteko eztabaidek Athletic zatitu egiten dutela iritzi dio.
Ez dakit Athletic erditik bi egiten duten ala ez. Nik uste dut demokraziaren oinarri bat dela. Arlo ekonomikoan, kirol arloan eta erakunde gisa egonkortasuna duen klub batean hauteskundeak egitea zatiketa eragin dezakeela ere pentsatuko du bazkide askok. Ni ez nator bat baieztapen horrekin. Hauteskundeak egitea osasuntsua dela uste dut.
Beraz, beldur dela uste duzu?
Ez dakit. Bazkideek erabaki beharko dute hori. Hala ere, dagoeneko izango dute iritzi propioa.
Urrutia ez omen zen zure gustuko jokalaria.
Barkatu, barkatu… nik ez dut horrelakorik esan. Justu kontrakoa esan dut.
Irratsaio batean esan zenuen.
Athleticeko jokalari izan diren futbolari guztiek nire errespetu guztia dute.
Eta presidente izateko bidean aurkari ona dela iritzi diozu?
Ez da kontua gustuko izan edo ez. Presidente izateko pausoa emateak daukan kostua zenbatekoa den badakit nik. Arlo profesionalean zein pertsonalean daukan eraginaren berri daukat. Beraz, txalotzeko pausoa eman duela uste dut.
Urrutiak garrantzi handia ematen dio gauzak egiteko moduari. Zure izaerari kritika egiten diola uste duzu?
Ez. Guk Athleticek eskatzen duen moduan egiten ditugu gauzak. Guk aurpegira esaten ditugu gauzak. Ez gara gordetzen sakontasunik ez duten adierazpenen atzean. Hori ere eskatzen du Athleticek.
Athletic Europako Ligarako sailkatu da, taldean munduko txapeldun bi daude, telebista eskubideak ondo negoziatu dituzu… eta, hala ere, ez daukazu kargua bermatuta. Nola da posible?
Bazkideek egin behar duten hausnarketa da. Bizkaian indar handia duten lagun batzuk Athleticen gauzak aldatu behar direla erabaki dutelako ari da gertatzen ikusten ari garena. Josuren atzean daudenen artean indarra eta gaitasuna dago, eta logikoa da alternatiba bat plazaratzea.
Zure kontra daudenek diote ez daukazula karisma handirik. Ez zarela presidente jatorra. Zer diozu?
Athleticeko presidenteak prest egon behar du era guztietako iritziei eta kritikei aurre egiteko. Zaleek atsegina naizela pentsatzea gustatuko litzaidake, baina askoz ere min handiago emango lidake beste gabezia batzuk ditudala entzutea. Athleticeko bazkideek ez naute aukeratu atsegina izateko edo txisteak kontatzeko. Beste gauza batzuetarako izan naiz ni Athleticeko presidente.
Bestalde, zure lantaldearen kudeaketa ona izan dela pentsatzen dutenak ere asko dira. Duela lau urte baino baloratuagoa zarela iritzi diozu?
Duela lau urteko hauteskundeak oso gaitzak izan ziren. Oraingo aurkari berdinen kontra alde txikiarekin irabazi genuen. Bazkideek Athleticekin dugun konpromisoa baloratzen dute. Bestelako kontuak bigarren mailan geratzen dira. Athleticek batzen gaitu denok.
«Nora eramango nauen ez dakidan hegazkin gidari atsegin batekin bidaiatzea baino gehiago, hobe da eramango nauen beste gidari batekin bidaiatzea», esan duzu. Hori da, finean, zure kanpainaren leloa, ez?
Baliteke. Guk oker asko egin ditugu, ziur. Bazkideek gustuko izan ez dituzten erabaki asko hartu ditugu, baina gure proiektuaren oinarriak hor daude: kirol emaitzak, San Mames Barriaren negoziazioak, telebista eskubideak…beste aukerak nora eramango gaituen ez dakigu: aurkariak ez dauka kudeaketa bideratuko duen bururik, ez dakigu kontratu blindatuak itzuliko diren edo gure bidea jarraituko duten… hori guztia kontuan hartuko du botoa eman behar duen bazkideak. Gu fidagarriak gara.
Ez zaude isilik egoteko. Erasorako prest etorri zara. Egurra emateko prest.
Ez, ez. Jokaldia lantzen dut lehenengo, eta gero egiten dut aurrera. Eraginkorrak gara.
EAJ Urrutiaren atzean dagoela esan dute. Horrek kezkatzen zaitu?
Ez dut uste horrela denik. Nik ez dut izen propiorik emango. Guztiok dakigu zeintzuk dauden beste hautagaitzaren atzean. Athleticen inguruan ari garenean nik ez dut galdetzen zein ideologiakoa den edota zein erlijiotan sinesten duen aurrean daukadanak. Athleticekin konpromisoa izatea eta lanerako gogoa dira gauzarik garrantzitsuenak.
Bizkaiko gizartean indar handia duten lagun bik euren iritzia eman dute hauteskunde hauetan. Bilboko alkate Iñaki Azkunak txalotu egin du zuk egindako lana. BBK-ko presidente Mario Fernandezek, berriz, Urrutiaren aldeko apustua egin du. Beraz, izar bat hautagaitza bakoitzarentzat.
Athleticen eta Bizkaiko gizartearen artean dagoen lotura erakusten du. Alkateak eta Fernandez jaunak ardura handiak dituzte. Eta, hala ere, Athleticen hauteskundeetan hartzen dute parte. Ona dela uste dut.
Hobetu al daiteke egungo Athletic?
Bai, hobetu daiteke. Azken lau denboraldiotan gora egin du etengabe. Arlo ekonomikoan zein instituzionalean hobetu egin dugu. Hori da bidea. Athletic une latzetan eta gozoetan kudeatzen dakigula erakutsi dugu. Kirol arloan, esaterako, Txapeldunen Ligatik lau puntura geratu gara. Gure konpromisoa da hurrengo lau denboraldiotan Athleticek Europan sartzea. Baina benetako helburua lau denboraldiotako batean Txapeldunen Liga jokatzea da.
Entrenatzaile erakargarriena aurkezten duenak irabaziko omen ditu hauteskundeak. Zertarako orduan horrenbeste programa eta horrenbeste kontu?
Entrenatzaileak erabakitzen badu garailea, ziur naiz irabaziko dugula. Hori batetik. Hala ere, nik uste dut bazkideek erreparatzen diela proiektu ezberdinei eta egitasmoak garatzeko ardura izango dutenei.
Claude Puel, Mark Hughes… izen asko agertu dira zuei lotuak, baina azkenean Joaquin Caparros izan da zure apustua?
Caparros da Athleticen lan bikaina egin duen goi mailako entrenatzaile bat. Bestalde, esango dizut goi mailako entrenatzaile asko inguratu zaizkigula. Puel goi mailako teknikaria da, baina nik ez dut sekula berarekin hitz egin. Hughes gustuko nuen Bartzelonan aritu zenean. Daniren antza hartu nion.
Baina ez zara berarekin harremanetan jarri.
Entrenatzailea al da? Karneta al dauka? Karneta ez duten entrenatzaileen izenak ere agertu dira eta [Aitor Larrazabal Athleticeko jokalari ohi eta Urrutiaren lan taldeko kideaz ari da].
Urrutiak Marcelo Bielsaren aldeko apustua egingo duela dirudi. Zuk Athleticeko entrenatzaile bati eskatzen diozuna betetzen al du argentinarrak?
Ez dut Bielsa ezagutzen. Azken hogei urteotan ez duela Europan entrenatu esan didate. Klubetan ere ez da aritu. Eta zuzendu dituen selekzioetan egin duena hor dago. Bestalde, Sevillari, Realari eta Milango Interri eskatu dien diru kopurua Athleticek eta Espainiako Ligako talde gehienek eskaini dezaketen kopuruetatik kanpo dagoela esan didate. Niri eman dizkidaten kopuruak ordaintzea ikaragarria irudituko litzaidake.
Urrutiak, berriz, aipatu du Ander Herrera fitxatzearren ordaindu duzuena dagoela lekuz kanpo.
Nik uste dut oso ondo egindako apustua dela. 21 urtez azpiko Europako Txapelketan egin duen lana da horren adibiderik garbiena. Lezamako teknikariek goi mailako jokalaria dela esan ziguten, eta Danimarkan erakutsi ditu lehen zertzeladak. Asko emango digu.
Beste kritika bat ere egin dizue Urrutiak. Beharrik egon barik luzatu dituzuela zenbait jokalariren kontratuak.
Ez dakit Javi Martinezen gainean ari den ala ez. Oker ez banago, 21 urtez azpiko Eurokopako jokalaririk onenaren gainean ari da hitz egiten. Edo Muniainen eta Iraolaren gainean ari da? Edo Orbaizen inguruan? Eman ditzala izenak. Urrutia Athleticen erretiratu zen, eta jakingo du zein garrantzitsuak diren talde gazte batentzat esperientzia duten futbolariak.
Mikel Arteta gustuko duzu?
Goi mailako jokalaria da.
Zer da hauteskunde kanpainatik gutxien gustatzen ari zaizuna?
Jende asko aurpegia eman barik ari dela Athleticen alde lan ugari egin dutenak kritikatzen.
Zer izan behar du Athleticeko presidente on batek?
Pazientzia. Kritikak entzuten ohituta egon behar du. Mundu guztiak ematen du bere iritzia. Nik, arlo horretan, ez daukat arazorik.
Beste hautagaitzatik esan dute zuen agintaldian ez duzula talde lana sustatu. Ez duzula zuzendaritzako kideen ekarpena aintzat hartu.
Guk talde lan itzela egin dugu. Baina zenbait unetan presidenteari egokitu behar zaio aurpegia ematea. Telebistekin negoziatzerakoan, Ligan, Federazioan… hor presidenteak agertu behar du. Horrelako kontuetan ezin dira lauzpabost laguneko taldeak joan. Presidenteak ezin die bere ardurei bizkarra eman. Ezagutzen al duzu Sevilla, Deportivo edota Sestao taldeko zuzendaritzako kideren bat? Erakunde hauek horrelakoak dira. Urrutia oker dabil uste badu ez duela Athletic leku askotan ordezkatu beharra izango. Eta, era berean, oker dabil uste badu zenbait bileretara lagunduta joanez gero sinesgarritasun gehiago izango duela.
Azkena. Zergatik eman behar zaio botoa zuen taldeari?
Athleticek kezka sortzen zuelako duela lau urte, eta ilusioa, berriz, gaur egun. Hori gurekin lortu du Athleticek. Horri, aurkariaren proposamen zehaztasunik eza gehituz gero, argi dago gure aldekoa izan behar dela botoa.
Futbola. Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak. Fernando Garcia Makua. Athleticeko presidente izateko hautagaia
«Gu ez gara sakontasunik gabeko adierazpenen atzean gordetzen»
Josu Urrutiaren proposamena kudeaketarako «bururik» ez duen hautagaitza «zehaztugabea» dela dio Garcia Makuak. Irabazlea Joaquin Caparros edo Marcelo Bielsa bada, garaipena «ziurtatuta» daukate, haren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu