Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Igor Anton. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Gu ere ezustean hartu gaitu albisteak»

Denbora askoan itzaletik ibili ondoren, irribarrea berreskuratzen ari da Igor Anton. Erasoka ibili da azken bi etapetan, eta jarrera horri eutsi nahi dio. Lasaitua hartu du taldearen etorkizunarekin.

«Gu ere ezustean hartu gaitu albisteak».
unai zubeldia
Donostia
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Gorputza esnatzeko ordubeteko entrenamendu txiki bat, atsedena, lo egin, masaje lasai-lasaia hartu...». Sekretu handirik gabeko eguna izan zen atzokoa Igor Antonentzat (Galdakao, Bizkaia, 1983). «Hori bai, azken albistearekin, ohi baino ikusmin handiagoa nabaritu dugu». Eta normala ere bada. Azken egunotan Omega taldearekin lotuta ageri zen Antonen izena, baina, kontratua daukala berretsita, Fernando Alonsoren talde berria ikusten du bizkaitarrak bere etorkizunean. Ohikoa duen naturaltasunarekin egin du Madrilgo podiumerako apustua: «Valverde, Nibali eta Horner».

Atseden egun bat gehiago, baina atseden hartzeko denbora gutxi. Euskaltel gora, Alonso behera... Nola zaudete txirrindulariak?

Bi hilabete atzera eginda aztertu behar da egoera. Diru faltagatik, une hartan ez genekien zer gertatuko zen, eta garai zailak izan ziren haiek. Euskaltelek ahalegin handia egin zuen datorren urtean tropelean jarraitzeko, baina bazirudien ezinezkoa izango zela helburua lortzea. Duela hilabete txirrindulariei askatasuna eman ziguten beste talderen baten bila hasteko, eta horretan aritu gara tarte honetan. Horregatik, gu ere ezustean hartu gaitu albiste on honek; ez dakigu gauza askorik.

Jakina da lauzpabost txirrindularik nahikoa lotuta zeneukatela etorkizuna; baita zuk ere, Omegarekin. Zer gertatuko da orain?

Egun batetik besterako kontua izan da, eta, nire kasuan, oraindik ez dut ezer egin eta egungo kontratua daukat indarrean. Kontratua daukagun hamalau txirrindulariak eta beste langile batzuk talde berri horretan egongo garela uste dut. Hala espero dugu, behintzat. Datorren urteko taldea berria izango da, bai, baina multzoa berbera.

Zure esku egonez gero, beraz, talde berri horretan egongo zara.

Bai, bai. Hori entzun dut, behintzat. Ezer ez daukagu argi, eta xehetasun asko geratzen dira argitzeko. Baina baietz uste dut.

Nola eman zizueten albistea?

Goizean bertan esan ziguten, etapa hasi baino lehen, irratitik. Gehienok ez genekien ezer, eta hizketan hasi ginen. Baina behin lasterketan sartuta, ez genuen izan denborarik kontu horiei bueltaka hasteko.

Albistearekin batera, zu ere biziberritzen ari zarela ematen du. Geroz eta sendoago zabiltza onenen artean.

Bai, bai. Oso ondo nago. Valdepeñas de Jaenen amaitu zen etapan oso gertu izan nuen garaipena, nahiz eta, zoritxarrez, ezinezkoa izan zen helmugara bakarrik iristea. Eta Hazallanasen ere oso igoera ona egin nuen. Geroz eta gusturago nago.

Sailkapen nagusia lehiatzea zeneukan buruan Vuelta hasi zenean?

Beti edukitzen dut buruan sailkapen nagusia, asko gustatzen zaidalako erronka horri aurre egitea. Baina lehen etapa horietan ez nintzen sentitu oso ondo. Kosta egiten da Tourraren ondoren sasoirik onena berreskuratzea, baina, zorionez, ari naiz pixkanaka gerturatzen. Beste urte batzuetan, sailkapen nagusia lehiatzea egokitu izan zait, baina Samuel Sanchezekin etorri gara aurten Vueltara, eta beste helburu batzuk dauzkat buruan; etaparen bat irabaztea, esaterako. Erasoka jarraituko dut.

Orain nola zauden ikusita, hala ere, pena pixka bat ematen dizu sailkapen nagusi hori ez lehiatu izanak?

Tira... Posible izango zen, agian, baina ez da erraza. Beti agertzen dira maila handiko txirrindulariak, eta, bai, batzuetan lortzen duzu lehen hamarren arteko lehia horretan sartzea. Baina politagoa da etapa bat irabaztea, podiumean sartu ezean gerora jendea ez delako gogoratzen sailkapen nagusiarekin.

Maila handiko txirrindulariak agertzen direla esan duzu, eta, horien artean, Horner agertu da Vuelta honetan. Espero zenuten? Eta eutsi diezaioke liderraren maillotari?

Gu ere harrituta utzi gaitu. 42 urte betetzear dago, eta ez da gaztea. Baina, lesioen eraginez, nahiko urte lasaia izan du, eta gorputza nahiko fresko daukala nabari da. Nibalik berak eta txirrindulari gazteagoek, ordea, gorantz egingo dutela uste dut, nahiz eta ez den izango erraza orain arteko alde horiek berreskuratzea.

Zuk ere gora egin duzu Vuelta honetan. Tourrean hainbesteko egurra hartu ez zenuenez, hirugarren astera, agian, freskoago irits zaitezke.

Oraingo sasoi puntu honi eustea eta maila horrekin garaipenen bat lortzen saiatzea izango da helburua; ahal dudanean mugimenduren bat egitea. Helmugara iristeko lauzpabost kilometro falta direnean erasoa jotzen saiatuko naiz berriz ere. Ez da erraza sasoi puntua hobetzea. Oso ondo nago orain, eta ea gainerakoak pixka bat nekatzen hasten diren.

Collada de la Gallina, Peyragudes, Formigal, Peña Cabarga, Angliru... Zuretzat on-onak diren bukaera asko dauzka oraindik Vueltak.

Bai, bai. Collada de la Gallina, adibidez, oso gustukoa dut, eta baita Angliru ere. Oso gogorrak dira biak; niretzat egokiak. Peyragudes gogorregia da, agian; luzeegia. Eta Formigal etzanegia. Etapa batzuetan indarrak gordetzea izango da taktika, beste batzuetan bete-betean ibiltzeko.

Urruti samar geratu da jada 2011ko Vueltan Bilbon lortu zenuen garaipena, eta batzuek etsi dute jada. Tarte honetan zuri buruz esan den zerbaitek min eman al dizu?

Ulertzen dut jendea. Horrelakoa da kirol hau. Egindakoak balio handia dauka, baina jarraitu egin behar da, azkar ahazten direlako lorpenak. Nik badakit zein zaila den lan onari errematea ematea, baina jendeak ez du ikusten hori. Eta, tira, normala ere bada. Egunean egunekoa ikusten da; atzekoa, ez. Berriz ere mailarik onena berreskuratzea da nire helburua. Oraindik ez dut lortu, baina bide egokian noala uste dut.

Gertueneko etapari begiratuta, gogor samarra da Tarazonan hasi eta amaituko den erlojupekoa. Lehiatzeko asmorik bai edo indarrak gordetzea izango da helburua?

Sailkapenean ez dakit zenbagarren nagoen, 20. edo 21. uste dut; urrutiegi. Gorputzari min handirik ez egitea da, beraz, helburua. Ez naiz lehiatuko bete-betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.