Euskal selekzioa

'Gu ere bai'-k itxaropenez hartu du euskal selekzioaren partida, baina serio jarduteko eskatu dio federazioari

Lau urte pasatu dira euskal selekzioa zelaian azkenekoz aritu zenetik, eta, 'Gu ere bai' egitasmokoen ustetan, hori kaltegarria izan da ofizialtasunaren bidean. Horregatik, ofizialtasunaren aldeko mahaia osatzeko eskatu diote federazioari.

(ID_10440069) EUSKAL SELEKZIOA-COSTA RICA
Euskal selekzioaren azken partida. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko martxoaren 12a
14:25
Entzun

Lau urteren ostean, gertu dago euskal selekzioaren hurrengo partida. Euskadiko Futbol Federazioak martxoaren 23rako antolatu du euskal selekzioaren eta Uruguairen lagunarteko partida. Gu ere bai egitasmoko kideek «itxaropenez» hartu dute albistea, eta ofizialtasunaren alde lan egiten duten eragile guztiei dei egin diete hilaren 23an San Mamesera joan daitezen: «Abagune paregabea da herri bat garela eta gainerakoekin batera ofizialki lehiatu nahi dugula aldarrikatzeko». Dena den, deialdia egiteko orduan «serio» jarduteko eskatu diote Euskadiko Futbol Federazioari, eta kritika egin, ofizialtasunaren bidean azken urteetan erakutsitako pasibotasunagatik. Besteak beste, zaleekin eta haienaren pareko plataformekin hartu-emanik ez izatea leporatu diote.

Euskal selekzioaren partida albiste pozgarritzat jo du zale askok, eta Gu ere bai ekinaldiak ere «itxaropenez» hartu du neurketa. Batetik, txalotu egin du entrenatzaile posturako Jagoba Arrasate hautatzea, Euskal Herrian maitatua delakoan. Ondoko aulkian Marcelo Bielsa egotea ere pozgarria iruditzen zaie, arrazoi beragatik. Bestetik, Uruguaiko selekzioaren mailako arerio bat aukeratzea mugarritzat dauka Gu ere bai ekinaldiak. Dena den, argi utzi nahi izan du lau urte partidarik jokatu gabe egotea «kaltegarria» izan dela, batez ere «ofizialtasunaren bidean».

Lau urteko geldialdiaren ostean, poza nabarmentzen da beste ezeren gainetik, baina Gu ere bai ekinaldiak aukera probestu nahi izan du Euskadiko Futbol Federazioari kritika egiteko, urte hauetako hutsunearen «erantzule nagusietako bat» delakoan. Egitasmoko kideen ustetan, federazioak «aukera ugari» izan ditu aurrerapausoak egiteko. Besteak beste, 2018ko abenduan, Durangon, Euskadiko Futbol Federazioak batzar bat egin zuen erakusteko euskal futbolaren borondatea zein zen ofizialtasunaren bidean. Batzar hartan «aho batez onartu zena» ez dute bete, Gu ere bai-ren arabera: «Federazioak abagune franko izan ditu euskal futbolaren 2018ko batzarraren aginduak betetzeko, ofizialtasunaren aldeko taldeekin oraina eta etorkizuna lantzeko, euskal zaleen nahiak asetzeko eta, finean, aurreko Batzordearen urratsei jarraipena emateko». Gu ere bai plataformaren ustetan, baina, federazioak ez du urratsik egin nahi izan, eta, gainera, nazioartean hasitako bidea baztertu egin dute, «inolako azalpenik eman gabe».

Hori bakarrik ez, Gu ere bai plataformak Euskadiko Futbol Federazioari leporatu dio bide eman izana Espainiako Federazioko presidente ohi Luis Rubialesen agintaldiko «beto eta harropuzkeriari». Plataformako partaideen hitzetan, Espainiako Federazioak dauka euskal selekzioaren egoeraren «erantzukizun osoa», ofizialtasunaren aurka jardun baitu. Eta, bide horretan, azpimarratu nahi izan dute Rubialesek eta Espainiako Federazioak «gure arteko agintari batzuen laguntza paregabea» izan dutela.

Azkenik, oharrean, Euskadiko Futbol Federazioari eta euskal instituzioei adierazi diete prest daudela lankidetzan aritzeko, «bidea egiteko» baldin bada, betiere. Horregatik, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mahaia osatzeko eskatu dute: federazioak, instituzioetako ordezkariak, klubak, jokalariak eta selekzioen aldeko eragileak batuko lirateke hartan, «ofizialtasunaren aldeko bide orria elkarrekin diseinatzeko eta lantzeko».

Iñigo Cabacas Herri Harmaila, aurka

Iñigo Cabacas Herri Harmailak adierazi du ez duela babestuko euskal selekzioaren eta Uruguairen arteko neurketa. Haien esanetan, partidak helburu bakarra dauka: «Agintari ustelen kudeaketa ilun eta interesatua zuritzea». Herri Harmailaren ustez, ez da kasualitatea neurketa 2024an egitea, eta, are, oharrean nabarmendu dute aurtengo hauteskundeen aitzakian antolatu dela. Haiek ere kritika egin diote federazioari: besteak beste, adierazi dute «herriarekiko eta gizartearekiko sentsibilitate falta» agerikoa izan dela lau urte hauetan. Horregatik, euskal gizarteari dei egin diote, «ofizialtasunaren aldeko benetako pausoak ematea bultzatuko duen aldarriarekin» bat egiteko.

Herri Harmaila da, oraingoz, neurketa babestuko ez duela esan duen animazio talde bakarra. Beste hainbat euskal taldek Bilbora joateko deia egin baitzuten iragan larunbatean, Euskal zaleen agiria-ren bidez. Agiri hori sinatu zutenen artean daude Indar Gorri, Bultzada, Iraultza 1921, Herri Norte taldea, Indar Horibeltz eta Indar Baskonia. 

Sarrerak saltzeko zailtasunak

Euskadiko Futbol Federazioak otsailaren 26an eman zuen neurketaren berri, eta, pixkanaka-pixkanaka bada ere, sarrerak saltzen ari dira. Federazioak berak sareetan adierazi zuenaren arabera, azken asteburu honetan 20.000 sarreraren langa pasatu dute. Kontuan hartu behar da San Mamesen 53.000 ikusle baino gehiago sartzen direla. Hortaz, gutxi gorabehera sarreren %40 saldu dira oraingoz.

Lau urteren ostean neurketa bat jokatzeko aukera izatea albiste pozgarria izan da, ziur, zale gehienentzat. Baina neurketaren egunean bertan hainbat ekitaldi egingo dira Euskal Herrian, arlo bertsukoak gehienak. Asteburu horretan geldialdia dago gizonezkoen gorengo mailetan, selekzioek jokatzen baitute. Emakumezkoen liga, ordea, ez da geldituko, eta Realak eta Athleticek derbia jokatuko dute 18:00etan, Anoetan. Hortaz, zaleek aukeratu egin beharko dute Anoetara edo San Mamesera joan. Gainera, Korrikaren azken kilometroak izango dira. Egun horretan Gipuzkoan sartuko da euskararen aldeko ekinaldirik jendetsuena, eta Euskal Selekzioaren neurketa hasi baino ordu erdi lehenago ailegatuko da Donostiara, hain zuzen. Biharamunean iritsiko da Korrika helmugara, Baionara. Hortaz, zaleek aukeratu egin beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.