Espainiako Vuelta

Grovesen hirugarrena bukaera bihurriko etapa batean

Esprinter australiarrak nagusitasunez irabazi du Vueltako 17. etapa, Santanderren. Ihesaldiak estu hartu du tropela, Isasa tartean zela. Kern Pharmak gogotik egin du lan esprinta ziurtatzeko, eta laugarren postua lortu du, Pau Miquelen eskutik.

Kaden Groves helmugan. JAVIER LIZON / EFE
Kaden Groves helmugan. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko irailaren 4a
19:05
Entzun

Wout van Aertek (Visma) erretiroa hartuta, esprintetan aurkaririk gabe gelditu da Kaden Groves (Alpecin). Pavel Bittner (DSM) gaztea zen Santanderren australiarrari itzal egin ziezaiokeen bakarra, baina Grovesek aise garaitu du. Gaurkoa Vueltan garaipena lortzeko azken aukera izan zitekeen esprinterrentzat, eta Alpecineko geziak hirugarrenez jo du itua. Beste esprinterrek bainoago, eguneko iheslariek artegatu dute Groves. Lau txirrindulari aritu dira tropelari aurrea hartuta, euripean; horietako bat, Xabier Isasa (Euskaltel). Tinko eutsi diote apustuari, eta azken hiru kilometroen barruan harrapatu dituzte. Behin esprinta abiatuta, Groves izan da nagusi, Bittner eta Vito Braeten (Intermarche) aurretik.

Etapa esprintean erabaki bada, hein handi batean, Kern Pharmak tropelean egindako ekarpenarengatik erabaki da. Norbait ihesaldian sartu ordez, nahiago izan dute Pau Miquelen aukera jokatu. Ez zaie damutu, kataluniarra laugarren sailkatu baita. Euskaltelek, berriz, Isasa aurrera bidali du etaparen hastapenean. Urretxuarrak Jonas Greegard (Lotto), Thomas Champion (Cofidis) eta Thibault Guernalec (Arkea) izan ditu bidaide. Gutxi falta izan zaie balentria biribiltzeko. Tropelak beste mehatxu bat ere izan du, azken unean Mauro Schmid (Jayco) eta Victor Campenaerts (Lotto) aurreratu baitira. Azken zuzengunean harrapatu dituzte, eta Grovesek zuzen jo du garaipenaren bila. Ben O’Connorrek (Decathlon), berriz, arazorik gabe eutsi dio lidergoari.

Etapak ez zuen aparteko zailtasunik kilometrorik gehienetan, baina erdi partean bigarren mailako bi mendate igo behar zituzten. Lehenengoa Estranguada zen, eta bertan errepide estu eta tentea zuten zain –5,5 kilometro eta %8,7ko pendiza–. Txikizio handia eragin zitekeen bertan: bai etaparen borrokan, baita, estrategia ausarta taxutuz gero, faboritoen artean ere. Alabaina, Vueltako onenak nekatua hartuta daude azken egunetan, eta gaur nahiago izan dute ezkutuan gelditu. Etapa ehiztariek ere ez dute zalapartarik sortu segadetarako aproposa zen zatian. Estranguadan, Isasa atzean gelditu da tarte batez, baina jaitsieran bat egin du iheskideekin. Championek ere atzetik aurrera egin behar izan du; haren kasuan, matxuren ondorioz. 

Laukoteak lau minutu eta erdiko errentarekin gainditu du eremu malkartsua. 70 kilometro luze gelditzen zitzaizkion tropelari bere legea ezarri eta esprinta segurtatzeko. Alpecin eta DSM jazarpenean engaiatu dira, baita Kern Pharma ere. Nafarrek konfiantza osoa zuten Miquelengan. Uztarripean jarri dute Pablo Castrillo bera, bi etapa irabazi eta gero. Batzuen eta besteen bultzada tarteko, ibilia bizkortuz joan da tropela, baina iheslariek ez zuten berehala amore eman nahi. 40 kilometroren faltan, hiru minuturen aldea zuten oraindik. Esprinterren taldeak lana serio egin beharrean ziren.

Azken txanpako ahaleginaren aurretik, beste oldarraldi bat egin du Campenaertsek, 16 kilometro gelditzen zirela. Tropelaren koordinazioa apurtu nahi zuen, Gregaard taldekidearen mesedetan. Ez du lortu, eta iheslariak 35 segundoren aldearekin sartu dira azken hamar kilometroetan. Championek apur bat lehenago eman du amore, eta beste hirurek jo eta ke jarraitu dute, harik eta Santanderren bertan harrapatu dituzten arte. Tentsioak bere horretan jarraitu du, Schmidek eraso egin baitu. Ordea, Alpecinek karta onak zituen gordeak; eta bukaeran, batekoa atera du. 

Bihar, Araban barna

Vuelta Euskal Herrian sartuko da bihar: 175 kilometroko etapa jokatuko dute Gasteiz eta Maeztu artean. Etaparen erdialdean sartu-irten laburra egingo dute Errioxan, baina gainontzean, Arabako errepideetan lehiatuko dira. Ibilbide hautsiko saioa izango da, 70. kilometrotik aurrera batez ere. Bergantzutik Rivas de Teresoko mendatea igoko dute, eta hurrena Herrerako aldapei egin beharko diete aurre. Etapako zailtasun nagusia izango da igoera hori. Handik helmugara 45 kilometro gorabeheratsu geldituko dira. Ez dirudi sailkapen nagusiko hautagaiak mugituko direnik, baina bestelakoan, edozer gauza gerta daiteke.

Vuelta 18. etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.